Onak eta txarrak

Nerea Ibarzabal

Garai zailak dira iritzirik ez dutenentzat. Oinarrizkoa bilakatu da edozein gairen edo gertaeraren inguruan argudiatzeko kapaz izatea, uste eta hipotesi propioak azaltzea, oraindik inori otu gabekoak baldin badira, hobeto. Ezin da denborarik galdu, ez dago hausnarketarako edo iturrien kontrasterako tarterik: iritzia bizkor eman behar da autentikoa izan dadin, konbentzitu dezan; alferrik zatoz, berandu bazatoz.

Bizkor kondenatu behar da atentatua, bizkor bilatu behar dira errudunak, bizkor adierazi behar da babesa, gaixotasun kutsakor batez hil denaren gorpua erraustu behar den bezala, lehenbailehen. Zein iritzi duzu X gaiaren inguruan? galderari ez dakit batekin erantzutea baino axolagabekeria handiagorik ez dago egun, eta sekulako lotsaria eta egonezina sentitu beharko lituzke ezjakin horrek, Twitt(h)erritik kanporatzen duten bitartean, #IritzirikGabea traolarekin.

Adiktiboa bezain neketsua da iritzi-emailearen bizitza, batik bat norbere inguruko kontuez hitz egiteaz gain, beste herrialdeei buruz ere aritu nahi duenean; pentsa, edozein gatazkaren aurrean, ahalik arinen onak eta txarrak bereizi behar ditu lehenbizi, eta gero bereizketa hori alderantziz egin dutenak gutxietsi; behin iritzia emandakoan, ezin baita aldatu.

Baina nazioarteko politikak eskaintzen ditu zenbait momentu magiko iritzi-emailerik arituenak ere isilarazten dituztenak —tarte batez behintzat—; Turkiako joan den asteko estatu kolpea, kasu. Militar laizistak Erdo€anen gobernu gero eta islamistagoaren aurka; ustez laizistak, bai, baina militarrak, eta demokratikoki hautatua, bai, baina Erdo€an —beranduegi da aldatzeko honi buruz emandako iritzia—. Bi txar ekuazioan, eta mundua isilik.

Iritzi-emaile nagusia, AEBak, ausartu zen orduan lehenengo harria bota eta gaiztoen artean zintzoena zein den esatera; hori du ona lehendabiziko iritziak: konbentzituak izateko deseatzen dauden denak konbentzituko dituela. Tropelean iritsi ziren gainerako herrialde guztien txioak eta adierazpenak, demokratikoki aukeratutako gobernuaren alde. A ze lasaitua batzuena, berriro onak eta txarrak sailkatu ostean. Gutxiengo batek —euskaldun askok— kurduen iritzia bilatu eta bere egin zuen, bi txarrek zapaltzen duten horren alde jarrita.

Orain onek heriotza zigorra berrezarri nahi dute, milaka irakasle kaleratu dituzte eta kurduen aurkako gerra ez da etengo. Onen aldeko iritzia eman zuten estatuek aho txikiz eskatzen diote Erdo€ani bide horretatik ez egiteko, lehen inoiz errespetatu ez zituen giza eskubideak errespetatzeko, baina alferrik; oniritzia emanda, ezin baita aldatu.