Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko

Herri galdeketa egingo dute Basaurin erdigunea nola berritu erabakitzeko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Basauriko Udalak hitza emango die herritarrei; hitza, eta erabakia. EAJ eta EH Bildu udal taldeek egindako akordioari esker, hiriko erdigunea nola aldatu erabakitzeko gaitasuna emango die basauriarrei. Hirigintza Biziberritze Plan Berezian Basauri erdigunerako jasotzen den proiektuarekin ados dauden edo ez bozkatzeko aukera izango dute; San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatu eta modernizatzeko proposamenari bide eman edo ez erabakitzekoa. Izan ere, bi alderdiek adierazi dutenez, loteslea izango da herritarren esana.

Urrian emango dute bere iritzia basauriarrek. Eusko Jaurlaritzarako hauteskundeak egiten diren egun berean hartarako espresuki jarriko diren guneetan eman ahalko dute euren botoa. Erantzun beharreko galdera, erabakita dago dagoeneko: “Ados zaude San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe biziberritzeko hiri proiektu hau gauzatzearekin?”.

Basaurirako estrategikoa izango den eta herrian inoiz egin den proiekturik handienetakoa izango den egitasmoari buruzko iritziak jaso ditu, halere, aurrez ere, udalak. Lau urte daramatza herritarren artean informazioa zabaldu eta proposamenak jasotzen. Eta gustura dago emaitzarekin; ekarpenen balioa txalotu du. Edozein kasutan, urrian egingo den urratsa berria izango da herrian. Basaurik herri galdeketa egingo duen lehen aldia izango da, eta loteslea gainera. Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 82. artikuluan oinarrituta egingo dute kontsulta, eta beraz, legearen babes osoa izango du.

Galdeketarako arau nagusiak zehaztu dituzte dagoeneko: herritarren erabakia balekotzat har dadin, basauriarren%30ek gutxienez parte hartu beharko dute galdeketan. Horrez gain, erabakia “gehiengo argiz” hartu nahi du udalak. Hori dela eta, emaitza kontutan har dadin, egitasmoaren aldeko eta kontrakoen arteko aldeak %5ekoa izan beharko du, gutxienez.