Zenbatu beharrean, saihestu

Zenbatu beharrean, saihestu

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Paradigma aldaketa bat. Hala kokatu da sanferminetan izan diren sexu erasoen aurrean iruindarrek emandako erantzunaren dimentsioa. Emakumeen aurkako indarkeria orain arte ez bezala gizarteratu da aurtengo sanferminetan, eta hainbat udalerrik txalotu dute Nafarroako hiriburuko jarduna; Bilboko Udalak, kasurako. Erasoak ez dira sanferminetara mugatu, ordea. Iruñea sexu erasoen aurkako protesta giro betean zegoela, andre bati eraso zioten Bilboko BBK Live jaialdian. Erasoa arbuiatzeko agerraldian Aste Nagusirako “kanpaina berezi bat” prestatzen ari direla azaldu zuen Itziar Urtasun Jaietarako zinegotziak, “herritar guztiak” sentsibilizatzeko helburuarekin. Hilabete falta da Bilbok Mari Jaia kalera ateratzeko, eta gertatu daitezkeen sexu erasoak saihesteko lanean ari dira mugimendu feminista, Bilboko konpartsak eta udala. Hirurekin elkartu da Bizkaiko Hitza.

Bakoitzak bere bidea urratzen badu ere, badute elkargune bat hiru eragileek: erasoen kontrako protokoloa. 2008an adostu zuten konpartsek eta udalak, eta, ordutik hona, neurriak berritu eta unean uneko beharrizanetara moldatu da. Iaz, hiru sexu eraso salatu ziren Bilboko Aste Nagusian, eta, protokoloari jarraituz, erantzun bateratua eman zen hiriburuan. Baina protokoloaz harago doan lana beharrezkoa dela nabarmendu dute hiru eragileetako ordezkariek. Elkarren osagarri dira, baina bereizita doaz. Prebentzioa izan da hiru eragileek ahotara ekarri duten hitza.

Prebentzioa, gakoa

Erasoen ondorengo egoerari erantzuten dio erasoen aurkako protokoloak. Eta erasorik gerta ez dadin egin behar da lan, Maider Gonzalez Bilgune Feministako kidearen arabera. Hutsune horretatik abiatuta, emakume feministen sarea osatzen ari dira Bilboko eragile, talde eta hainbat norbanako. Bi ardatzetan oinarrituta ari da sarea lan egiten. Prebentzioan, batetik; eta emakumeen ahalduntze kolektiboan, bestetik. “Erasoen prebentzioan hutsune handia dagoela uste dugu. Protokoloari dagokionez, urrats handiak egin dira, eta erreferentzia irabazi da arlo horretan. Oso beharrezkoa da ildo hori, baina gabeziak ere baditu. Erasoen osteko asistentziara mugatzen da udala”. Erasorik ez izatea helburu bada, erroetara jo behar da, eta ez ondorioetara, Gonzalezen arabera. Ildo horretan ez ditu baliabideak jartzen udalak sare feministako kidearen arabera, eta horren lekuko dira erakundearen aurrekontuak.

Hutsune hori bete nahi du mugimendu feministak. Eta sexu erasoen inguruko hausnarketak plazaratu eta autodefentsaren ikuspegia txertatzeko lanean ari da. “Erasoa zer den eta zergatik gertatzen den azaldu behar da. Eta testuinguruan kokatzeak garrantzi handia du. Azaltzea ez direla jaietan gertatzen diren erasoak, baizik eta arazo estrukturala dagoela atzean. Hori aldez aurretik landu behar da, eta erantzunak ere norabide horretan eman beharko lirateke”.

Urte osoan ari da Bilboko Udala prebentzio arloan lanean. Ideia horretan indar egin dute Amaia Domingo Berdintasun Politiken Teknikariak eta Natalia Randez Berdintasuna Sustatzeko Saileko buruak.”Gure lana ez da Aste Nagusira mugatzen, ezta erasoen aurkako protokolora ere. Urte osoko lana egiten du udalak”. Bi egitasmo nagusi aipatu dituzte teknikariek. Bat: Bilboko ikastetxeetan indarkeria matxista lantzeko gazteekin egiten dituzten saioak. Eta bi: hiriburuko auzoetan indarkeria matxista lantzeko martxan duten Andre eta Jabe programa. “Genero indarkeria lantzen dugu ikastetxeetan gazteekin. Gerora agente aktibo izan daitezen eta sexu erasoen aurka beren sareak sor ditzaten”. 2007an abiatu zuten ikastetxeetako programa. Eta urtez urte handitu egin da egitasmora gehitu den ikastetxe kopurua. Azken urtean hiriburuko 80 zentro inguruk parte hartu dutela azpimarratu du Domingok.

Gizarte eragileak Andre eta Jabe egitasmoan elkartzen ditu udalak Randezen arabera. Herritarren artean harreman sarea osatu eta prebentziorako eragileak sortzea da egitasmoaren helburua, teknikariaren esanetan. “Barruti eta auzoetako eragile sozialak bildu, eta, sarea osatuz, emakumeen kontrako indarkeria errotik kentzea du helburu”. Hiru urteko ibilbidea du programak, eta pixkanaka emaitzak ematen ari dela diote udaleko kideek. “Aste Nagusian kanpora begirakoa da lana. Eta beste dimentsio bat hartzen du. Baina prebentzioaren ardatza urte osoan zehar lantzen dugu”. Festen esparruan ere neurriak hartuko dituztela iragarri dute udal ordezkariek. Ohiko kanpaina egingo dute. Baina abuztu erdialdean emango dute horren berri. Edonola ere, urte osoan zehar egiten den inurri lana da, teknikarien ustez, sexu erasoak saihesteko egiten den lanik eraginkorrena.

Urte osoko lanketa

Udalarekin adostutako erasoen aurkako protokoloa prebentziorako tresna gisa erabili du Bilboko Konpartsak koordinakundeak, Izaskun Madariaga kidearen arabera. “Konpartsako kideek protokoloa ezagutzen dute, eta horrek gaia guztiekin lantzea ahalbidetu du. Gaur-gaurkoz, badakite emakume batek beraiengana jotzen baldin badu subjektu aktiboa direla laguntzeko”. Hausnarketarako bidea izan da protokoloa konpartsetako kideentzat. Eta urte osoan gaia lantzeko batzorde iraunkorra du koordinakundeak.

Bitariko eragilea da konpartsen koordinakundea. Herri eragileen eta mugimendu feministaren jarduera gorde eta elikatzen dute, eta udalarekin harreman zuzena dute. Kalearen eta erakundearen arteko lotura dira, nolabait. Batean zein bestean eragiteko gaitasuna du. Etxe barruan lan handia egiten ari dira horregatik.

Urte osoan koordinakundean biltzen diren kideekin gaia lantzen ari dira, eta konpartsen barruan gaia lehen planora ekarri eta urte osoko lantzat hartzea bera baikorra dela dio Madariagak. “Arazoaz jabetzea eta errealitate hori deskubritzea oso baikorra da. Sexu erasoen auzia jaiez harago eta protestak egiteaz harago doala barneratzen ari gara Bilboko Konpartsetan. Konturatu gara lan handia dagoela oraindik egiteko, eta horren jakitun izatea bera aurrerapausoa da”.

Etengabeko lan horri esker kontzientzia hartu eta jarrera aldaketa bultzatzen ari dira. “Konpartsako kide bakoitza eragile aktiboa izatea nahi dugu. Festa esparruan zerbait ikusi ala sumatzen bada, aktiboki esku hartzea, alegia”. Iaz konpartsetako kideek hiru momentutan esku hartu zuten festa giroan, eta egoera batzuk okertzea saihestu zen esku hartze horiei esker. “Guk geuk jarrera hori hartzea funtsezkoa da”. Bat egin du Gonzalezek ideia horrekin. “Jarreran ere eragin nahi dugu. Emakumeen ahalduntzean indar egin eta agente aktibo izan nahi dugu. Lau haizeetara zabaldu andreok egoeraz jakitun garela baina ez gaudela hori onartzeko prest. Eta erasoa gertatzen denean erantzun egingo dugula”. Jarrera pasibotik aktibora jauzi egiteko ideian indar egin du mugimendu feministako kideak. Helburua: jai gunean elkartuta dauden guztiak noizbait eragile aktibo izatea. Hainbat ekimen egingo dituzte horretarako. Betiere, eskura dituzten baliabideak erabiliz.

Eragile aktiboak

Kasu askotan emakumeak biktimizatu egiten direla salatu du Gonzalezek. Eta udalak eta hedabideek sexu erasoekiko egiten duten trataera jarri du mahaiaren gainean. “Gu emakumeen boteretzeaz ari gara. Eta hor, parametro ezberdinetatik abiatzen gara: emakume bati erasotzen badiote, denoi erasotzen digute, eta elkar zainduko dugu. Egunerokoan praktika feminista hori presente izatea nahi dugu. Jarrera bat da, espazioa okupatzen duen aktiboa eta eragilea”.

Sexu erasoen kopuruan jartzen da arreta maiz. Eta, jaien parekidetasuna neurtzeko, izan diren eraso kopuruak alderatzeko joera du udalak Gonzalezen arabera. “Kontabilizatzetik harago doa auzia”. Eta hor, beste gakoetako bat: erasoa zer den identifikatzea. Gaur egun salatzen diren sexu eraso gehienak “intentsitate altuko” erasoen artean kokatzen dira: bortxaketak ala bortxaketa saioak, alegia. Larrienak dira horiek. Baina “intentsitate gutxiko” erasoen kasuan, ez da horrenbeste salaketa egiten.

Sanferminak ere izan dira horretan eredu. Iruñean salatu diren hamasei sexu erasoetatik 11 abusuengatik izan dira —ukitzeak, tartean—. Hori lantzea beharrezkotzat jotzen du mugimendu feministako kideak. “Naturalizatuta dauden eraso asko dago gaur egun, eta horiek ikusaraztea beharrezkoa da. Guk horretan egingo dugu indar”. Konpartsetako kideak ere geldialdia egin du horretan. “Arreta jartzen da larriak diren erasoetan, eta tentsioa galtzen da egunean zehar normaltasun osoz egiten diren eraso horiekiko”. Hori ere landu dute konpartsek barne mailan.

Denak datoz bat: erasoak ez dira unean unekoak. Hala dio Madariagak. “Erasoa egiten denerako, aurretik, gizarteak sortu ditu eraso horiek gauzatzeko baldintzak. Horregatik, errora jo behar dela uste dugu”. Eta Aste Nagusiko egitaraua da, besteak beste, festa eredu parekideak lantzeko bideetako bat. “Emakumeen aurkako indarkeriaren ezabaketa jaietan emakumeen parte hartze libre eta askea lortuta ere etorriko da. Are gehiago esango nuke herritarrak eta parte hartzaileak diren jaiak lortzea ezinezkoa da parekidetasunetik igaro gabe”.

Konpartsen egitaraua norabide horretan pentsatu eta prestatzen dutela azaldu du Madariagak. Hastapenetan daude, ordea. Eta hor egunero egiten duten lana mugarria da. Hiriburuko egitarau ofizialean ere aldaketak sumatu dituzte berdintasun teknikariek. Hala dio Domingok. “Programan ere arreta jarri da, eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa da”. Errespetua jarri du erdigunean udaleko kideak. “Oinarrizkoa da ulertzea festak bere osotasunean, errespetu giro batean garatu behar direla”.

Elkarlanerako bideak

Ona da udalak eta konpartsek duten harremana. Eta sexu erasoei aurre egiteko elkarlana goraipatu dute biek. “Atentzioari dagokionez oso koordinatuta dago dena. Eta asko dira eskaintzen diren baliabideak”. Urrats bat harago ere egin du udalak, eta, 2012tik, ostalaritza elkartearekin ere ari da lanean. “Konpartsako kideek bere gain hartu dute duten erantzukizuna, udalak bezala. Baina txosnak baino gehiago dira jaiak, eta horietan ere eragin behar da”.

Udalaren eta mugimendu feministaren arteko harremana beharrezkoa dela dio Bilgune Feministako kideak. Udaleko teknikarien esanetan, auzoetan egiten dituzten bileretan eragile eta norbanako feministak elkartzen dituzte, eta ateak irekita dauzkate. Baina harreman pertsonalez haragokoa izan behar du lanak Gonzalezen ustez. “Mugimendu feminista mintzaide politiko gisa aitortzea oinarrizkoa da”. Borondate falta nabari du Gonzalezek alor horretan. Hain zuzen, mugimendu feministak, udalak eta gainontzeko eragileek izan duten elkarlana da sanferminetan sexu erasoei aurre egiteko lanean goraipatu den osagai nagusia.