Txakurreoa

Igor Elordui Etxebarria

Lasai, izenburua ez da dantza-mota baten itzulpen traketsa. Juan Luis Zabalari —idazlea eta BERRIAko kultura arloko kazetaria— hartu diot Txistu eta biok bere azken liburutik.

Argitzearren: txakurreoa da liburuko protagonistak Txistu bere txakurrarekin ematen dituen, eta ideiak zalantzan jartzeko, garatzeko eta argitzeko baliatzen dituen, ibilaldiak. Hau da, honetaz eta besteaz pentsaketa betean, hausnarrean esango dugu, Zabalaren liburuko protagonistak txakurrarekin egiten dituen paseoak dira txakurreoa.

Bada, Txistu eta biok izan da egunotan oporretan, hobeto esanda, oporretara joanda, irakurri dudan liburua. Gomendatzen dizuet, bene-benetan, oporretan egon zein ez. Nire kasuan, irakurraldiaz harago, kasualitateak gura izan du Zabalaren alter egoa den (alter ego esajeratua, egin dezadan ñabardura, badaezpada), nire alter egoa ikusaraztea.

Irentsi egin nituen lehenengo egunetan orriak (esateko modu bat da, jakina), eta oporretatik bueltatzeko egunaren bezperarako gordeak nituen akabuko hogei orrialdeak, azken gozatua hartzeko. Kasualitatea, Nizako atentatuaren eguna. Beste komentariorik ez zen egon kanpinean goizean. Inori ez nion entzun, ordea, aurreko astean Bagdaden 250 lagun hil zituen atentatuaren gomutarik. Asaldatu plantak egin ditut hasieran, nire ikuspegi ideologiko hiperkoherenteari dagokion legez. Baina geroago, eguneroko liturgiari jarraiki, lehen bainua eta gero, liburua hartu dut, gustura, Nizakoak, Bagdadekoak eta denak ahaztuta.

Zabaldu dut liburua, beraz, eta hasi naiz irakurtzen: … barregura ematen didate intelektual ezkertiar hiperkoherente batzuek mendebaldar guztioi hipokritak izatea leporatzen digutenean —beren buruak ere sartuz gu horretan, harroegi agertzeko beldurrez edo—, zergatik eta Europa edo AEBtako edozein hilketa edo sarraskirengatik larritzen garelako baina Asia edo Afrikako sarraski askoz gogorragoak ez digutelako ikararik txikiena ere eragiten… Nola izango da ba hori hipokresia? Mesedez! Hori ondo bizi nahi izatea da, aizu!, norberaren gertuko inguruaz kezkatzea, norberaren zoriontasuna babestuta eduki nahi izatea, ondo sentitzeko… Aitor dezagun: mundu hobe bat nahiko genuke, baina ondo bizitzeko ez dugu behar mundua ondo egotea.

Ederra kolpea. Igerilekutik irten berritan; eguzkitako antiojoak jantzita; bero zapaletik ihesi, palmondo eskas xamar baten gerizpean; umeen barre-algaren durundien eta eguzkitako kremaren usain iradokitzailearen giroan; etzaulkian erdi etzanda, toalla koloretsuaren gainean, amaitu dut irakurtzen. Bista altxatu dut. Nire burua halako eszenarioan ikusita, gutxienean ziniko hutsa naizela begitandu zait. Eta nire txakurreo partikularrean, akordatu naiz, behinola, etikako klasean ikasi nuela ziniko berba greko klasikotik datorrela, eta txakurra esan gura duela. Eta horrela idatzi dut, sentitu bezala, txakurraren eguna omen den batean.