Sexu erasoen errudun bila

Sexu erasoen errudun bila

A. Larrabe Arnaiz

Gero eta herritar gehiagoren ahotan dago burundanga izeneko substantzia. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, drogak erabilita zortzi eraso izan ziren joan den hilabetean. Bi eraso izan ziren Gasteizko Arana auzoan, lau Ibarran eta bi Irunen (Gipuzkoa). Zortzi erasoek amnesia dute ezaugarri komun. Hau da: biktimak ez dira gertatutakoaz oroitzen. Ezaugarri hori aintzat hartuta, burundanga droga jarri da erasoen atzean. Eta substantzia horren erabilerarekiko alarmak piztu dira jai eremuetan. Hiru ideia azpimarratu ditu Maitane Arrituak, Ai Laket elkarteko kideak, gaiaz aritzean. Bat: urria da burundangaren erabilera gaur egun. Bi: beste droga batzuen eraginpean eraso gehiago izaten dira, alkoholarekin kasurako. Eta hiru: drogen kontsumoak ez ditu sexu erasoak justifikatzen.

Eskopolamina da burundangaren izen zientifikoa. Eta gaur egun gehiago entzuten den arren, aspaldikoa da haren erabilera. Solanazeo familiako landareek dute substantzia hori, eta historikoki mandragora gisako edabeak egiteko ezinbesteko osagaia izan da, besteak beste. Medikuntzatik urrun agertzen da orain eskopolamina, ordea. Droga mota horrekiko arreta mantendu behar dela uste du Arrituak, baina adierazi du burundanga baino gehiago kontsumitzen diren drogak ere badirela, eta horien eraginpeko erasoak ugariagoak direla. “Burundangaren erabilera oso urria da gaur egun. Baina gehiago zabaltzen dira droga hori erabilita egiten diren erasoak. Substantziaren inguruan sortzen den alarmismo horrek badu kontrako eragina ere: bestelako drogen kontsumoarekiko tentsioa jaistea ekartzen du, nolabait. Alkoholaren kontsumoarena, kasurako”.

Sexu eraso gehiago izaten dira alkoholaren eraginpean burundangaren eraginpean baino, Arrituaren arabera. Eta, horregatik, eskopolaminaren kontsumoan arreta jartzeaz gain, bestelako drogetan ere jarri behar da. “Alkohola ere droga da. Eta burundangaren eraginpean baino eraso gehiago izan dira alkoholaren eraginpean”. Edonola ere, drogen eta sexu erasoen arteko harremana tentuz egin behar dela azaldu du, behin eta berriz. “Drogen eraginpean egotea ere aitzakia gisa erabili da. Inolako substantziarik kontsumitu gabe eta festa girotik kanpo ere izaten dira”.

Arriskuaren hautematean eragiten dituen aldaketa da drogek eragiten duten ondoriorik nabarmenena, Ai Laket elkarteko kidearen arabera. “Drogak kontsumitzean ahuldu egiten da arriskuarekiko dugun pertzepzioa”.

Burundangaren eragina

Zaila da burundanga eskuratzea Arrituaren arabera. “Ez da erraza merkatuan eskopolamina aurkitzea, eta, gainera, ez da batere merkea”. Amnesia eragiten duelako egin da ezaguna substantzia. Droga mota hori kontsumitzen dutenek hutsunea izan ohi dute memorian. Eta hortik datorkio ezizena substantziari; droga zonbi gisa ezagutzen baitute askok. Edonola ere, ez da amnesia sortzen duen substantzia bakarra. Alkoholak ere efektu hori du. “Burundangak pertsonen borondatearen ezeztatzea eragiten duela esaten da. Baina nik zalantzan jarriko nuke hori”.

Substantziak duen bestelako efektu batean jarri du arreta Ai Laket elkarteko kideak. Eskopolaminaren eraginpean dagoen pertsonak ez daki errealitatearen eta drogaren eraginpeko efektuen arteko marra ezberdintzen. “LSDa edo tripia hartu duenak badaki bizitzen ari den egoera emozional hori drogak eragindakoa dela. Hau da, badaki bizipen hori ez dela errealitatearen parte. Baina, burundanga hartzean, droga hartu izanaren nozioa galtzen da. Uste duzu bizitzen ari zaren bidaia errealitatea dela eta ez drogak sortutakoa”. Horregatik, borondatea ezeztatzea baino gehiago, errealitatea denaren eta ez denaren arteko pertzepzioa galtzea eragiten du eskopolaminak.

Sexu erasoetan hipotesi gisa azaltzen da eskopolamina. Kontsumitu eta ordu gutxira desagertu egiten da gorputzetik, eta horregatik zaila da ohiko odol analisietan burundangaren aztarnak aurkitzea. Bestelako mediku frogak egin ezean, zaila da substantzia hartu izana baieztatzea. Sortzen duen amnesia da argibide bakarretakoa, hortaz.

Baina ez da hori eskopolaminaren efektu bakarra. Azala lehortzea, listua gutxitzea, begi niniak handitzea, azala gorritzea… horiek ere badira burundagaren eragin fisikoetako batzuk. Psikikoki, sukar ametsak ere eragin ditzake. Baina pertsonaren, momentuaren eta dosi kantitatearen araberako efektuak ditu burundangak, droga guztiek bezala. Hala azaldu du Arrituak. Bestelako drogekin nahastuta areagotu egiten dira eskopolaminaren efektuak. Alkoholarekin nahastuta agertzen da gehienbat, eta amnesia areagotzea ekar lezake horrek. “Alkohola ere amnesikoa da, eta burundangarekin nahasten baldin bada, askoz ondorio larriagoak izaten ditu”.

Arazo estruktural bat

Arazoa ez da burundanga edo eskopolaminaren erabilera edo kontsumoa, arazoa estrukturala da. Hala dio drogak, aisialdi guneak eta sexu erasoak aztertzeko Noctambul@s behatokiak osatu duen txostenak. Gaiaz aritzeko, ikerketa hori aipatu du Ai Laket elkarteko kideak. Hala laburtu du bertan azaltzen dena: “Burundanga sexu erasoen atzean jarri eta droga hori gertakarien zentroan jartzea arazoaren erruduna bilatzeko saioa da. Baina kontua ez da erasoa substantziaren eraginpean izan den ala ez aztertzea bakarrik. Jai giroan zer eta zergatik gertatzen den aztertu behar da. Eta horren atzean droga baino askoz ere gehiago dago. Sexu erasoen atzean hezkuntza eta genero auziak daude, ez eskopolamina”.