“Portugalete eta Euskal Herria munduko mapan kokatzen ditu jaialdiak”

“Portugalete eta Euskal Herria munduko mapan kokatzen ditu jaialdiak”

Natalia Salazar Orbe

25 urte daramatza Ana Garcia Carbajok (Barakaldo, 1972) Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia antolatzen. 42.a da aurtengoa. Sei herrialde eta hiru kontinentetako taldeak elkartu dituzte, tartean, antolatzailea den Portugaleteko Elai Alai bera. Domekaz geroztik hainbat erakustaldi egiten ari dira.

Zer-nolako ekarpena egiten du sei herrialdetako talde guztiok elkartzen dituen jaialdiak?

Portugalete eta Euskal Herria munduko mapan kokatzen ditu jaialdiak. Beste herrialde batzuetako dantzak, ohiturak eta musika ezagutzeko aukera ematen digu. Eta, aldi berean, gurera datozenek Euskal Herriko tradizioak, kultura eta hizkuntza ezagut ditzaten saiatzen gara. Gurera datozenek gure izaeraren berri izan dezaten nahi dugu.

Bost talde gonbidatu dituzue. Zer azpimarratuko zenuke Mazedoniako Orce Nikolovi dagokionez?

Taldekide asko ditu, oso gazteak; unibertsitate ikasleak dira. Euskal Herrira etortzeko aukerarekin oso pozik zeuden. Europan bidaiatzea oso aukera ona da eurentzat. Indar handiko ikuskizuna eskaintzen ari dira. Zalantzak genituen, Serbiako talde bat ere badugulako. Irudi dezake Balkanetan oso gertu daudela, baina talde batak eta besteak ez dute zerikusirik. Desberdintasun oso nabarmenak dituzte.

Zer berezitasun du Serbiako Kud Branko Cvetkovic taldeak?

Iazko jaialdian ere izan ziren gurean. Hungariako talde bat ezin izan da etorri, eta eurak agertu dira prest. Iaz aurkeztu zigutenarekin zerikusirik ez duen dantza bilduma ekarri digute.

Ekuadorko taldea ezin izan da etorri, baina ordezko indartsua aurkitu duzue.

Hala da. Espainiako kontsulatuak ukatu egin dizkie behar zituzten bisak. Zorionez, Cordobako Gran Ballet Argentino prest azaldu da etortzeko. Tangoen erakustaldiak eta Pampako dantzak ekarri dituzte. Indar handiko saioak dira horiek. Eta, nola ez, inauteri bat ere interpretatuko dute. Hala ere, Ekuadorko taldeak eskatuko dituen pasaporte diplomatikoak lortzen baditu, saiatuko gara egunen batean hemen edo inguruko herriren batean izan daitezen.

Txileko kulturaren sustraiak erakusten ari da Temucoko Ballet folklorikoa.

Rapanui etniaren eragin handiko saioak eskaintzen ari dira. Inauteri antzeko ikuskizunak ere prestatu dituzte. Oso talde osatua eta ona da. Indar handia erakutsi dute.

Hego Afrikako ordezkari gisa Themba Njilo fundazioa gonbidatu duzue. Zer-nolako saioak ari da eskaintzen?

Johannesburgoko fundazio bat da. Besteak beste, gizarte-bazterketa egoeran dauden umezurtzei alternatiba bat eskaintzen die, kultura baliatuta. Hainbat folklore talde sortu dituzte. Johannesburgon delinkuentzia arazo larria dago. Hango haurrak giro horretatik ateratzeko lan egiten dute. Dantza zuluak dira adierazgarrienak. Agertokian burrunba handia aterako dute. Musikariek ikus-entzuleen parte hartzea bultzatzen dute. Kantuetan gospel estiloa lantzen dute. Oso ahots indartsuak dituzte. A cappella abesten dutenean harrituta uzten dituzte ikus-entzule guztiak.

Munduko Dantzak izango da Portugaleten egingo duzuen saio nagusia. Ikuskizun berezia izan ohi da.

Sei agertoki jarriko ditugu Carlos VII.a etorbidean. Etengabean ariko dira dantzan, aldi berean, talde guztiak. Agertoki bakoitzean sei-zazpi minutuz ariko da bakoitza. Zalaparta handia sortzen dute. Urteetan egin dugu hala, eta oso ondo funtzionatzen du ikuskizunak.

Orain artean, gonbidatutako herrialde bakoitzeko haritz bat landatzen zenuten Florida parkean. Aurten ohitura hori aldatu duzue. Zer dela eta?

2000. urtearen aurretik hasi genuen ohitura hori. Zuhaitz gehiago jartzeko lekurik ez dago. Hildako Elai Alaiko kideen omenez Gernikako Arbolaren altsuma bat jarri dugu orain. Hala, datozen talde guztiei eskatzen diegu euren herrialdetik lur apur bat ekar dezaten. Eta zuhaitza herrialde guztiotako lur horiekin elikatuko dugu.