Kontzientziak astintzeko guneak

Kontzientziak astintzeko guneak

A. Larrabe Arnaiz

Elantxobe, Bermeo, Arrigorriaga, Berango, Sopela, Trapagaran, Zornotza… Bizkaiko hamaika txokotan herriko festetan murgilduta izango dira asteburuan. Hiriburuko jaiak baino txikiagoak izaten dira herrietakoak: jende gutxiago elkartzen da halakoetan, eta ez dute Aste Nagusiak duen oihartzuna. Baina sexu erasoak berdin izaten dira horietan ere. Iazko kasuak begiratu besterik ez dago. Erromoko Itzubaltzeta auzoan eta Algortako Portu Zaharrean sexu erasoak izan ziren jaietan; baita Barakaldon eta Portugaleten ere. Bien bitartean, mugimendu feminista aspalditik ari da aldarrikatzen beharrezkoa dela jai eredua ikuspegi feministatik lantzea. Eta, pixkanaka, ari dira urratsak egiten. Gero eta herri gehiagotan lantzen da sexu erasoei aurre egiteko protokoloa, eta gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaio gai horri festa eremuetan.

Baina oro ez da urre. Eta aurrerapausoak ematen diren arren, andreen aurkako erasoak albiste dira neurriak areagotzen direnean ere. Gernikatik iritsi da azken berria. Joan den ostiralean, andrazko bati eraso zioten goizaldean. Poliziak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen hurrengo egunean, baina libre utzi du epaileak, astero epaitegitik pasatzeko agindupean. Eta Iruñean sexu erasoak salatzeko mobilizazioak ziren bitartean, beste eraso bat salatu zuen andre batek Bilboko Kobetamendin egiten den BBK Live jaialdian.

Tokian tokiko neurriak

Erasoei aurre egiteko neurriak hartuak zituzten musika festibalean. Estreinakoz, salaketak jaialdiaren gunean jaso ahal izateko furgoneta egokitu zuen Bilboko Udalak BBK Liven. Udalak baieztatu zuenez, 19 urteko gizon bat atzeman zuten larunbat gauean, kontzertu batean emakume bati sexu ukituak egiteagatik. Baina erasoei aurre egiteko jarritako neurriak “irudi kanpaina bat” baino ez direla salatu zuen PLES Poliziaren eta Larrialdietarako Euskal Sindikatuak jaialdiaren ondoren. Elektrizitate gabe geratu zen furgoneta jaialdian, eta edozein eraso, lapurreta edo ezbehar izandakoan, autoan Miribillako komisariara eraman behar izan zituzten herritarrak. Sindikatuaren arabera, eskaintzen diren zerbitzuek ez dute kalitatea bermatzen. Pertsonal falta dagoela ere salatu zuten.

Baina badira eraso horiek eragozteko bestelako neurriak ere. Berritzailea izan zen aurtengo Bizkaiko Ikastolen jaialdian ikusitako irudia, adibidez. Eragile morea izeneko agenteak izan zituen Durangoko jaialdiak estreinakoz. Prebentziorako agente gisa aurkeztu zuten eragile morearen figura. Eta sexu erasoak eragozteko eta ingurukoa zaintzeko funtzioa izan zuten Ibilaldiko guneetan zehar. Guneari behatu, gerta litezkeen erasoak prebenitu eta gune ez-sexista eta libreak peto more bidez “gorpuztea” izan zen egitasmoaren helburua. Arrakasta izan zuen. Izan ere, 300 herritarrek jantzi zituzten peto moreak. Lehen aldia izan da aurtengoa, baina datozen aldietan ere eragile moreen figurari eutsi nahi diotela azaldu zuten antolatzaileek.

Beste hainbat eremutan ere eragile moreen filosofiarekin ari dira lanean. Figura horri buruz ari dira, besteak beste, Bilboko Konpartsen koordinakundeko kideak eta mugimendu feministakoak eragile aktiboei buruz ari direnean. Ordu txikitan emakumeak etxera laguntzeko brigadak dira beste adibide bat.

Stand ibiltaria

Pixkanaka, gizarteratzen ari da auzia, eta gero eta gehiago dira festen esparruan ere sexu erasoen berri emateko egiten diren ekinaldiak. Informazioa duten stand ibiltariak dira herri gehienek aukeratu duten formatua. Barakaldon, txosnetan izan dute informazio gunea Karmengo jaietan zehar. Eta herritarrek kontzientzia hartzeko informazioa ere banatu dute jaiek iraun duten bederatzi egunetan.

Antzeko formatua erabiltzen ari dira Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten sei udalerrietan ere. Jai giro parekidea bultzatzeko kanpaina abiatu dute Sopela, Lemoiz, Gorliz, Berango, Plentzia eta Urdulizen. Eta herriko jaietan Beldur Barik guneak deiturikoak jarri dituzte denek. Gorlizen eta Berangon asteburu honetan dituzte herriko jaiak, eta sexu erasoak eragozteko informazio gunea jarriko dute bi herrietako festa eremuetan.

Gorlizen izango dira gaur, eta Berangon bihar. Ikasturte osoan landu dute emakumeen aurkako indarkeria eskualdean, eta lanketa horretan beste urrats bat da jaietako postua, Estibaliz Anitua Uribe Kostako Mankomunitateko kidearen esanetan. “Beldur Barik indarkeria sexista prebenitzeko gazteentzako programaren barruko egitasmo bat da, Uribe Kostako festetan egingo duguna. Gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendartea eraldatzen laguntzeko egitasmoa da. Alegia, Beldur Barik jarrera da bultzatu nahi dena”.

Sexu erasoen aurrean nola jokatu jakiteko informazioa zabaltzen ari dira guneetan. “Eraso bat baldin badago nora jo eta zer egin azaltzen duen liburukia banatzen dugu jai eremuan”. Eta erasoen inguruan ere azalpenak ematen dituztela adierazi du Anituak. “Gertaerarik txikiena ere salatu behar dugu. Dauden sexu eraso ikusezinak ikusarazi. Eta, horretarako, beharrezkoa da herritarrak informatzea eta halakoetan erantzun aktiboa ematea. Hori da, azken finean, beldur barik jarrera deitzen dioguna izatea”. Beldurrik gabeko guneak jai eremu osoa izatea da, Anituaren esanetan, helburu nagusia.