Zorrek ito duten golf zelaia

Zorrek ito duten golf zelaia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Polemika ugariren iturburua izan da Ganguren mendilerroan Artxanda golf elkarteak bultzatutako azpiegituraren eraikuntza. Eta zeresana ematen ari da oraindik ere. Luxuzko gune izateko pentsatutako egitasmoa hutsik geratu da. Joan den astean iritsi zen azken berria: bederatzi zulo dituen golf zelai horrek ateak itxi zituen ostegunean. 130 bazkidek osatutako Asociacion Amigos de Bilbao Golf elkarteak kudeatu du azken urtean. Kirolgunea egin zuen enpresak 2012an porrot egin zuenetik, bankuaren esku dago. Eta, hura erabiltzen jarraitu ahal izateko, 750.000 euro eskatu dizkio elkarteari. Ez dute akordiorik lortu bi aldeek, eta golf zelaiaren sustatzailea Artxandako golf zelaiaren errentagarritasuna ahalbidetuko duen egitasmo bila ari da orain.

Soka luzea du Artxandako auziak. Eta, zerbait nabarmendu behar bada, egitasmoak utzitako zulo ekonomikoa da. 2001. urtean iragarri zuen Bizkaiko Aldundiak Larrabetzu eta Galdakaoko lurretan golf zelaia egiteko asmoa. Lurzoru publikoa Artxanda SA enpresari eman zion, egitasmoak “onura publikoari” ekarpena egingo ziola argudiatuta. Zelaiari lotuta, hainbat zerbitzu sortzea ere onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek: jatetxea, golf eskola eta hotela, besteak beste.

Hiru urtera ireki ziren Jose Maria Olazabalek diseinatutako bi golf zelaiak: hamazortzi zulokoa lehenik, eta bederatzi zulokoa ondoren. Eta 2009an ireki zuten golf zelaien ondoan dagoen Alba Hotel Golf & Spa hotela. 50 milioi euroan tasatu izan da azpiegitura osoaren balioa.

Lanak hastearekin batera sortu zen zalaparta. Lurzoru publikoen trukea ezohiko prozeduran egin zela salatu zuen ezker abertzaleak golf zelaia jarri zuten udalerrietan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta hotelarekin izandako irregulartasunak ere salatu zituzten. Izan ere, hotelaren ordez 51 apartamentu egin zituztela ohartarazi zuen, eta horiek enpresa eta norbanakoei saldu zizkietela.

Administrazioarekiko auzi helegitea ere aurkeztu zuen, baina bere hartan geratu zen auzia. Eta, protestak protesta, bere osotasunean egin zuten Artxandako golf gunea. Gangurengo mendilerrora joatea besterik ez dago, ordea, azpiegitura zertan geratu den ikusteko. Luxuzko egitasmoa zena hondatuta dago egin eta hamabost urtera.

Egitasmoaren porrota

Hondamendira kondenatutako egitasmoa zen hasieratik Artxandakoa, ezker abertzalearen ustez. Eta orduan egin zuen aurreikuspena bete egin zen 2012an, azpiegitura abian jarri zuen eraikuntza enpresak porrot egin zuenean. Golf eremua finantzatzeko inbertsioak egin zituzten hainbat herritarrek, eta, enpresaren porrotarekin, galdu egin zuten zelaiak egiteko jarritako diru guztia. Hartzekodunen konkurtsoan sartu zen eraikuntza enpresa, eta, inbertsioak berreskuratzeko asmotan, auzitara eraman zuten enpresa. 13,2 milioi euro eskatzen zizkioten inbertitzaileek, sortutako zorrari aurre egin ahal izateko. Auzitegietatik absoluzioa etorri zen, ordea.

Porrot egin zuen enpresak, eta Laboral Kutxaren esku geratu zen azpiegitura. Bien bitartean, erabilerarik gabe geratu ziren Gangurengo mendilerroan egin zituzten bi golf zelaiak eta hotela. Elkarren osagarri ziren hiru guneak bereizi egin zituzten, errentagarritasuna eta erabilera lortu nahian. Hamazortzi zuloko zelaia Ganguren Golf enpresak kudeatzen du orain. Eta bederatzi zuloko zelaia Asociacion Amigos de Bilbao Golf elkarteak kudeatu du, joan den astean zelaitik atera zituzten arte.

Bigarren saioa

Elkarteak baino lehen, Juan de Lecea abokatuak egin zuen egitasmoa aurrera ateratzeko saiakera. Bi urtez kudeatu zuen bederatzi zuloko zelaia. Baina egitasmoaren bideragarritasun falta zela eta, bertan behera utzi zuen 2014an. Horren ondorioz sortu zen golfzaleen elkartea. Taldeak zelaiaren kudeaketa bere esku uzteko eskatu zion jabeari: bankuari. Proposamena onartu egin zuen bankuak. Ordutik, 50 euroko kuota ordaindu dute elkartekoek hilero, eta bere kasa egin dituzte zelaiaren mantentze lanak. Baina bankuak etekina atera nahi dio orain zelaiari, eta bazkideen elkarteko kideak bertatik botatzea erabaki du. Zelaia erosten saiatu dira bazkideak, baina ez dute lortu bankuak eskatutako diru kopurua biltzea.

Bien bitartean, bazterrean utzita dago Artxandako golf zelaiaren inguruan eraikitako azpiegitura guztia, eta, oraindik, zelaiak baino zulo gehiago ditu egitasmoak.