Torturan oinarritutako sumarioak baliogabetzeko eskatu dute torturatuek

Torturan oinarritutako sumarioak baliogabetzeko eskatu dute torturatuek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Irudi esanguratsua utzi zuen igandeak Bilboko Arriaga plazan. Adierazgarria, eta kezkagarria: Jendetza bildu zen plazako eskaileretan: adin guztietako dozenaka pertsona. “Hemen bildutako pertsona guztiak torturatuak izan gara”, erakutsi zuten larritasuna. “1970etik gaur arte, ehunka bilbotar izan gara torturatuak. Guardia Zibilak, Espainiako Poliziak edo Ertzaintzak torturatu gaitu”. 537 bilbotarren testigantzak zituzten atzean, Bilboko 461 gizon eta 76 emakumerenak.

Bizi izan dutenaren zertzeladak utzi dituzte. Egia direla erakutsi, tortura “sistematikoa” izan dela ohartarazi, eta ehunka pertsonek izugarrikeriak jasan dituzten arren bortizkeria horri ez zaiola garrantzirik eman salatzeko. “Biluzi gintuzten, elektrodoak ezarri zizkiguten, plastikozko poltsekin itolarria eragin ziguten, gorputza kolpatu, jarrera jasangaitzetan denbora luzez egotera behartu, loa galarazi, mehatxatu eta iraindu gintuzten”.

Hankak zabaltzera behartu zituztela kontatu dute, uzkitik bortxatzeko posturan jartzeko agindu eta antzutu egingo zituztela errepikatu dietela. Mehatxuak izan dira batzuetan, egia bihurtu diren bortxaketak besteetan.

“Ur zikinetan burua sartu ziguten”, kontatu dute; “euren armak ipurtzulotik zein alutik sartu zizkiguten, ur hotza jaurti zuten gure gorputz biluzi eta ubelduetan, burua galarazi ziguten. Hori dena eta gehiago, inkomunikatuta ginela funtzionario publikoen eskuetan”.

Erantzukizun politikoak

Hain zuzen, inkomunikazioak ahalbidetu du tortura, torturatuen beren esanetan. Erabilera politikoa izan duen “ohiko praktika politikoa” izan da, “hamarkadetan isilarazi den praktika sistematikoa”. Horrek erantzukizun politikoak badituela ohartarazi dute, beraz; torturak agindu dituztenek, hartarako “oniritzia” eman dutenek eta “beste alde batera begiratu” dutenek badutela zerikusia gertatutakoarekin. “Erantzule politiko horiei ezkutatutako errealitate honen aitortza exijitzen diegu”, esan dute irmo.

Gainera, lehen “beste aldera” begiratzen aritu direnak, orain, Euskal Herrian lau mila tortura kasu baino gehiago frogatu direnean, berdin ari direla uste dute torturatuek; gaitz horren “benetako dimentsioa” ezkutatzen ari direla. Hori guztia, gertatu denaren errelato bakarra ezarri nahian. Beren errealitatea ere aintzat hartu behar dela ohartarazi dute, ordea, eta horretarako lanean jarraituko dutela: “Torturatuak izan garen herritar guztien testigantzak gure herriaren historiaren kapitulu beltzetan jaso behar dira”. Eta kasu bakoitzaren erantzukizun politikoak ere argitu beharko direla adierazi dute.

Horrez gain, tortura betiko desagertu deneko bermea “exijitu” dute. Horretarako, tortura ahalbidetzen duten inkomunikazioak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak desagertu behar dutela adierazi dute. Eta, tortura izan dela aitortuta, praktika horretan oinarritutako auziak eta horien ondorioak ere desagerrarazi beharko direla; alegia, tortura oinarri izan duten sumarioak eta horiek eragindako zigorrak baliogabetu egin beharko direla.