Oreka bilatzeko prest

Oreka bilatzeko prest

N. S. O.

Zer egin dezaket nik hau aldatzeko?”. Galdera hori egin diete kalean edaten ari ziren gazte askok goizaldean eurengana gerturatu diren bi gizarte langileri, hezitzailea bata eta psikologoa bestea. Hala azaldu du Asier Otxandiok. Talde horren koordinatzailea eta gizarte langilea da. Kaleko edanak hirian duen eragina murrizteko irtenbide bila udalak abiatu duen esperientzia proba bat gauzatu dute. Maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 25era arte, ostegun, ostiral eta larunbatetan atera dira Bilboko kaleetara gazte horien errealitatea bertatik bertara ezagutu eta eurekin batera hausnartzeko. 4.000 gazterekin baino gehiagorekin izan dira. Horietako asko unibertsitateko ikasleak ziren. Gazteok jakitun dira auzotarrentzat praktika horrek arazoak sor ditzakeela, baina aisialdirako euren eskubidea ere aldarrikatzen dute: “Bilbo txikia dela eta nonbait egon behar dutela esan digute”.

Neurri errazak proposatu dizkie taldeak zaratak eta zikinkeriak sortzen dituzten arazo larrienak saihesteko. “Batetik, atari azpietan oihurik ez egitea; auzokideek eskertuko dute”. Bestetik, hartutako edariak tabernara sartzeko edo poltsan eramandakoak zakarrontzira botatzeko gomendioa egin diete. “Askok onartu dute sarri, parrandan daudela, neurri horiek ahaztu egiten dituztela”.

Enpatia badute

Gazte zentzudunak aurkitu dituzte. Aitortu diete bizilagunen azalean jarrita gogorra izan behar duela hori pairatzea. “Xurgagailuaren politika” baliatu du Otxandioren taldeak gazteak sentsibilizatzeko: “Gazteek ez dute xurgagailuaren zaratarik entzun nahi igande goizetan. Goizaldeko hirurak direla etxean dagoen bizilagunarentzat eurak ari dira, ordea, zarata handia egiten. Ez diegu esaten etxera joan behar dutela edo diskoteketara ez joateko. Kontua da jarduera horiek zelan egiten diren, eta horrek sorrarazten dituen arazoak ekiditea”.

Gazteen errealitatea ez eze, auzokideen kexak ere bertatik bertara entzuteko aukera izan du taldeak. “Bilerak egin ditugu udalarekin, auzokideekin eta gazteekin. Hori oso positiboa izan da guretzat. Izan ere, gazteengana gerturatzeko orduan, auzokideen iritzien berri ere bagenuen. Horrek gure mezua indartu du”.

Auzokideek erabat desberdin sufritzen dute egoera hori bizi diren lekuen arabera. “Pozasen bizi direnek, esaterako, zarata dute egun eta ordu jakin batzuetan. Diskoteka baten ondoan bizi direnek gauerdian ez dute zaratarik izango, baina lokala ixterakoan, bai”.

Kalean edan arren, gazteok ez dituzte hartzen mozkor handiak. Ez gehienek, bederen. Hori da antzeman duten beste ondorioetako bat. “Lagun artean, kopa batzuk edaten lasai asko egoten dira gehienak. Beraiekin hitz egiten aritzen gara, lasai asko”.

Herritar askok kaleko edanari buruz duen irudia eta errealitatea ez datoz bat. “Askok uste dute kaosa direla, bakanalak. Hori ez da hala”. Auzokideek ere galdetzen diete nortzuk diren topaketa horietan elkartzen direnak. “Euren seme-alabak zein ilobak izan daitezkeela erantzuten diegu. Aste barruan ikasten edo lanean ari diren gazteak dira, eta asteburuetan parranda egiten dute”.

Ostegun, ostiral eta larunbatetan kalean dauden gazteak ez dira berberak. “Kafe Antzokiaren inguruan, esaterako, astean hiru egunetan izaten da parranda. Horrek ez du esan nahi gazte berak ateratzen direnik hiru egunotan. Bilbon jende asko bizi gara, eta leku finkoetara joaten gara”.

Alkoholaren kontsumoa erabat hedatuta eta errotuta dago. “Gazteek betidanik ikusi dituzte gurasoak alkohola edaten lagun artean. Oso zaila da abstemioa den norbait aurkitzea. Eta, hala izanez gero, arazoren bat duen galdetzen zaio”. Hala ere, gauza bat da kontsumoa hedatuta egotea, eta beste bat alkohol mordoa edatea. Aurkitu dituzten gazteon artean ez dago horrelakorik.

Isunak baino eraginkorrago

Bi hilabetez egin duten kontzientziazio lan hori isunak jartzea baino eraginkorragoa dela deritzo Otxandiok. “Jarrera aldaketa batek bultzatu behar du jarrera aldaketa bat. Agerikoa da, baina hala da”. Udaltzainek euren lana egiten jarraituko dute; gazteek hori badakite. “Baina gehiengoak iritzi ona du programari buruz. Eskertu dute eurengana hurbiltzea. Harreman onak egin ditugu”.

Esperientziaren emaitzarekin eta lortutako feedback-arekin oso pozik agertu da Otxandio. “Zuzeneko zirrara lortzen du honek. Hau ez da Interneteko bideo bat, webgune bat edo aplikazio bat. Horiek ondo daude, eta eragina dute, baina era honetako esperientziak egin beharrekoak dira”.