Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Natalia Salazar Orbe

Bilbotarrek irailaren 1etik aurrera jakingo dute OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga zenbat ordaindu beharko duten. Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun higiezinen katastroaren berrikusketa egin du, eta %316 handitu da Bilbon horien balioa. Udalak OHZ arautzeko onartutako ordenantza berriak neurri zuzentzaileak jaso ditu zergaren hazkundea ez dadin horrenbestekoa izan. Oraingoz xehetasun handirik ematerik ez dagoen arren, datu orokorrak ondoko hauek dira: zergadunen %51k orain arte baino gehiago ordainduko dute zerga hori; gainerakoek, gutxiago. Bestalde, ordainagirien %45 merkatuko dira, edo 20 eurotik behera garestitu.

Bizitegi erabilerarako etxebizitzei dagozkie ordainagirien %87. Kasu horietan, bilbotarren %23ri 20 eurotik behera garestituko zaie zerga; %19ri, 20 eta 60 euro artean; eta, azkenik, %7ri 60 eurotik gora garestituko zaie .

Zerga mota berriak onartuta, udalak bi milioi euro gehiago eskuratuko ditu. Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartu zuen udalbatzak datorren urteko tasa eta zergen zenbatekoa bere horretan uztea. OHZ eta gainbalioaren eta estolderiaren zergak dira atal horretan aldatuko dituzten bakarrak. Horiek kalkulatzeko, aldundiak berrikusi dituen katastro balioak erabiltzen dira.

Alderdien irizpideak

PPk zergen jaitsiera defendatu zuen joan den asteko osoko bilkuran. Oposizioko gainerako alderdien ustez, bertan behera geratu da zerga politika justuago eta aurrerazaleago batekin baliabide gehiago eskuratzeko aukera. EH Bildu abstenitu egin zen OHZ berriari buruzko bozketan. Hala ere, tasen kontra bozkatu zuen. Lander Etxebarriak emandako argudioetako bat ondoko hau izan zen: “Ez da bereizketarik egiten multinazional baten edo saltoki bat jarauntsi duen familia baten irabazien artean”.

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozek “justizia irizpideak” eskatu ditu OHZ ezartzeko orduan. “Kopurua bera baino gehiago, progresibitatea da uztartu beharrekoa”. Antzeko irizpideari eutsi dio Goazen taldeak ere. Francisco Samirren esanetan, zerga eguneratuta udalak bilduko dituen diru sarrera berri horiek ez dituzte “aberatsek soilik ordainduko; goialdeko eta periferiako auzoetatik” iritsiko dira.

Osoko bilkuran eztabaidatu zituzten gaien artean, alderdi guztiak ados jartzea lortu zuenik ere izan zen. Zazpikaleetan taberna gehiago zabaltzeko mugak onartu zituzten denek; PP abstenitu egin zen. Ingurune horretan era horretako lokal gehiegi daudela iritzita hartu dute erabakia. Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kontrako txostena kontuan hartu gabe onartu dute, beraz, Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Berezia. Antzeko erabakia hartu du udal plangintzako aholku batzordeak hirigunerako.

Era horretako lokalentzako gehienezko dentsitatea zehaztu du udalak. Hark emandako datuen arabera, Zazpikaleetako hogei kale eta plaza ingurutan dentsitate hori gainditu da jada. Hori dela eta, ezin izango dira lokal gehiago zabaldu. Neurri horretatik kanpo geratzen dira barrarik ez duten jatetxeak eta alkoholik saltzen ez duten lokalak.

Zazpikaleetan betidanik egon diren merkatarien eta tabernen arteko oreka lortzea du helburu neurriak. Izan ere, 2008 eta 2015 urteen artean %15 egin du gora taberna eta jatetxe kopuruak. Garai berean, denden kopurua %11 murriztu da. Hain zuzen, 36 ostalaritza lokal zabaldu ziren —273 daude denera—, eta 79 saltoki txiki itxi dituzte —623 daude guztira—.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren ustez, udalak hartutako neurriak ez dira beharrezkoak. Hala, “kalte gutxiago” eragingo duten neurriak hartzeko eskaera egin dio. Juan Mari Aburto alkatea “pozik” azaldu da auzokide, ostalari eta merkatarien artean izandako adostasunagatik. Neurriaren helburua “bilbotarrentzako Zazpikale hobeak” izatea dela dio.

Galdeketen araudia

Herritarren galdeketak arautzeko araudia osatzeko konpromisoa hartu du udalak. Udalberrik egindako proposamena onartu du udalbatzak, aho batez. Datorren urtean egingo dute. Pozik azaldu da Muñoz: “Galdeketak egin egin behar dira, baina horretarako arauek eta irizpideek ezarrita egon behar dute”. Galdeketa horiek ez dira aintzat hartzekoak izango, baina udalak biztanleria zabal baten irizpideen aurka egitea zailago izango duela uste du. Zezenketei buruzko kontsulta du hark buruan, besteak beste. Baina ez da bakarra izango: “Herritarrek galdeketak egiteko ate bat zabalduko da araudiari esker”.