Aisiak atsedena hauts ez dezan

Aisiak atsedena hauts ez dezan

Natalia Salazar Orbe

Udarekin batera, herrietako festak iritsi dira. Gaueko giroak Bilbo utziko du aste batzuez. Beste herri batzuetara mugituko dira astebururo hiriburuko kaleetan ibiltzen diren gazteak. Aisiak ez du etenik, baina kaleetako zarata eta zikinkeriak aztoratuta bizi diren auzokideek atsedena hartuko dute tarte batez. Zaila baita aisialdia eta atsedena uztartzea. Helburu hori bilatu guran, udalak Bilboko kaleko edanari buruzko azterketa egin du. Eraso eta triskantza gutxi gertatzen badira ere, zikinkeria mordoa eta zarata handia sortzen dute kalean edaten dutenek. Eta Bilboko auzokideen kexek gora egin dute. Bideratu beharreko afera da.

Kaleko edanaren ondorioz sortutako eragozpenengatik jarritako isunek ere gora egin dute aurten. Hala adierazi du Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kirol zinegotziak. Espazio publikoaren erabilera, oro har, areagotu egin delako gertatzen da hori. “Gero eta gehiago gustatzen zaigu espazio publikoaz gozatzea. Baina orokorrean gertatzen da hori; batez ere, eguraldi ona hastean: ez bakarrik kalean edaten duten gazteei dagokienez”.

Jarduera hori praktikatzen den hamabost leku identifikatu ditu Bilboko Udalak. Alde handia dago hiri barruko eta kanpoko espazioei dagokienez; bizikidetzan duen eragina ez da bera. Boluetako Fever eta Zorrotzaurreko Mao-Mao diskoteken inguruetan elkartzen dira gazteetako batzuk. Bilbo erdigunea dute topaleku beste batzuek: Albia lorategia zein Udaletxeko Zubia, kasurako.

2015eko azaroan abiatu zuten azterketak beste hainbat ondorio utzi ditu. Besteak beste, edari alkoholdunak kontsumitzeko lekuei dagokienez, lehenengo aukera tabernak dira; bigarrena, diskotekak; eta hirugarrena da kalea. Lonjak laugarren tokian daude.

16 eta 24 urte arteko gazteek aisialdi sozialerako darabilten eredu bat da kaleko edana. Bereziki, ostiral eta larunbat gauetan praktikatzen dute. Hala ere, ostegunak ere gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Egun berezietan ez bada, praktika horrek ez du jende pilaketarik eragiten. Talde txikietan elkartu ohi dira gazteak.

Maiztasunari dagokionez, gazteen %5ek soilik aitortu dute sarri edaten dutela kalean: astero edo ia astero. 2012an adikzioei buruz eginiko inkesta baten arabera, %47,22k inoiz ez dute egin; urtean behin edo birritan egin ohi dute %21ek, eta hilean behin edo birritan %12,3k.

Kalean edaten duten pertsonen profilari buruzko datuak ere jaso ditu udalak: %56 gizonezkoak dira, eta %44, emakumeak. Gehienak ikasleak dira. Kezka azaldu dute gazte asko 16 urte eta erdirekin hasten direlako alkohola edaten. Legeak esan arren 18 urte izan behar direla horretarako, datuek bestelako errealitate bat uzten dute agerian.

Hori horrela izanik, hezkuntzan eta sentsibilizazioan oinarritutako lanari ekin diote. Gizarteak horren inguruko hausnarketa egin beharko lukeela sinetsita dago Agirregoitia. “Guztion ardura da hau: instituzioena, noski. Baina asko dago egiteko ikastetxe eta ikastoletan eta familia barruan. Aztertu behar dugu zer motatako ohiturekin hazten diren gure seme-alabak. Gaur egun oso normalizatuta dago poteoa kalean. Duela zenbait urte txikiteoa egiten zuten lanetik atera ostean; batez ere, gizonek. Praktika horrek behera egin du, baina asteburuetan gazteak ikusten dira seme-alabekin, kuadrillan, poteoan. Gure aisialdia ere edanarekin lotuta dago; kontrolatutako edana da, baina gure seme-alabak hori ikusten ari dira”.

Bilboko Udalak bitartekaritzako proiektu bat ere gauzatu du maiatzeko eta ekaineko asteburu gauetan. Lau hezitzailek osatutako bi talde kaleko edana egiten den lekuetatik ibili dira. Eragozpenak sortzen dituzten egoerei eta gehiegizko edanari buruz mintzatu dira gazteekin. Eta euren proposamenak ere entzun dituzte.

Gazteek sozializaziorako erabiltzen duten beste bideetako bat da kaleko edana. Beraz, aisialdiaz gozatzeko moduei buruzko hausnarketa ere beharrezkoa da. “Aztertu egingo dugu hirian zer-nolako aisia daukagun gazteentzat. Baita gazteek zer motatako aisialdia gura duten ere”.

Kontzientziazioa eta hezkuntza dira arazoari irtenbidea bilatzeko gakoa. Horretarako, isunak ordaintzeko beste era bat jarri dute martxan: gazteek tailerretan parte hartuz zein gobernuz kanpoko erakundeekin lan eginda kita ditzakete isun horiek. DYAn, jantoki sozialetan, Gurutze Gorrian zein bestelako erakundeekin lan egitea egoki dakieke. Tailerretan parte hartzen dutenek lehen eskutik ezagutuko dituzte kaleko edanak hirian sortzen dituen arazoak, auzokideen kexak zein udalak zelan bideratu gura duen afera hori. Eta, bide batez, eurek ere eragozpen horiek hobetzeko proposamenak egin ditzakete.

2016ko lehen hilabeteetan zigorra jaso dutenetatik %25ek egin dute modu hezitzaile horietako baten aldeko hautua. “Helburua kopuru horrek gora egitea da”. 2015ean tramitatutako 301 zigor espedienteei dagokienez, %27k erabaki zuten isuna betetzeko gobernuz kanpoko erakunderen batekin lankidetzan aritzea. Isuna jaso zuten %46 Bilbokoak ziren.

Bilboko kaleko edanari buruzko azterketa proiektu irekia da. Afera horrek eragina duen kolektibo guztiek izan dute iritzia emateko aukera: isunak jaso dituzten gazteak, kaleko edanean aritzen direnak, hezkuntza tailer edo jardueretan parte hartu duten zigortutako gazteak, auzoetako elkarteen ordezkariak zein ostalariak. Agerian utzi dute lan handia dagoela egiteko oraindik. “Batzuek eta besteek oso kontrako ikuspuntua eta nahiak dituztela ikusi dugu”.

Poliziaren jardunak luzera begirako konponbiderik ez duela izango jakitun dira alde guztiak. “Isunak baliatuta, arazoa leku zehatz batean konpon daiteke. Baina kaleko edana ez da bide horretatik desagertuko. Elkarbizitza arazoak leku batetik bestera mugitzea besterik ez luke eragingo horrek”. Beraz, bi bideak uztartu beharraz mintzatu da. “Poliziak bere lana egin behar du. Eta osasun, gazteria, hiritartasun eta partaidetza sailetatik beste mota bateko lan ildoak garatu behar ditugu. Ez dute horren epe laburreko emaitzarik izango, baina beharrezkoak dira gure gazteriarekin lan egiteko eta herrian elkarbizitza sustatzeko”.