Jazzaren aniztasuna dakarren jaialdia

Jazzaren aniztasuna dakarren jaialdia

Asier Arrate Iruskieta

Kalitatea, aniztasuna eta gazteentzako aukera dira Getxoko jazzaldiaren ardatza. Ezaugarri horiek bereizi dute Getxokoa beste jaialdi batzuetatik, eta, 40 urteren ostean, bere tokia egitea lortu du bai jazzaldien artean, baita Getxon ere.

Azken urteetako bideari jarraituz, izen handiko talde eta musikariak arituko dira aurtengo jazzaldian: Jorge Pardo, Uri Caine, Hermeto Pascoal eta Dee Dee Bridgewater, besteak beste. Horiekin batera arituko dira talde lehiaketako finalistak. Guztira, hamar kontzertu bost egunetan.

Iñaki Saitua jazzaldiko zuzendariak azaldu du jaialdiaren helburua dela izen handiek eta talde berriek agertokia partekatzea, nahiz eta aitortu duen beti ez dela erraza izaten. Talde lehiaketa da Getxoko jaialdian berezitasunetako bat. Aurten, Europako hainbat herrialdetako 70 talde aurkeztu dira lehiaketara, eta horietako bost arituko dira jazzaldiko agertoki nagusian.

Beste berezitasuna Hirugarren Milurtekoa atala da: euskal musikarientzako eta atzerrikoentzako agertokia. “Horrekin aniztasuna eskaintzea dugu helburu, bai musikaren aldetik bai jatorriaren aldetik”, adierazi du Saituak.

Jaialdiaren 40. urteurrenean umeek ere izango dute lekua. Lehen aldiz haurrentzako bi ikuskizun antolatu dituzte zapatu eta domeka eguerdirako. Saituak azaldu duenez, jazz kontzertuak dira, baina umeentzat. “Espero dugu horrekin umeak jazzaren munduan murgiltzea”.

Egitaraua biribiltzeko hiru gauetan jam session-ak egingo dituzte Algortako The Pipers Irish pubean. Gauerdian hasiko dira, eta nahi duenak agertokira igotzeko aukera izango du dagoen taldearekin batera inprobisatzera. Ekintza denen helburua jazz musika “herrira zabaltzea” dela azaldu du Saituak.

Hori guztia jaialdiaren 40. urteurrenean. Urtemuga, ordea, ez dute baliatuko jaialdi bereziagoa egiteko. Alderantziz, Saituaren esanetan, urtero saiatzen dira jazzaldia berezia egiten. “Ikusleei eskaintzen diegun musika berezia izatea da garrantzitsua”.