Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Arnasguneak, gero eta aire gutxiagorekin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Herri euskaldunak ez dira horren euskaldunak. Erdalduntzen ari dira. Eta alderantziz gertatzen ari da erdaldunak diren herrietan; gero eta euskaldunagoak dira. Hori da Iñaki Iurrebaso soziologoak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalerrietako bilakaera soziolinguistikoa aztertu ondoren atera duen ondorioetako bat. Uemaren eskariz, herri euskaldunetako egoera aztertu du Iurrebasok Soziolinguistika Klusterrean. 1981etik 2011ra arteko datuak bildu ditu ikerketan, eta euskararen arnasguneak “arriskuan” daudela jasotzen da txostenean.

Gero eta gehiagotan erabiltzen da arnasgune hitza. “Demografia aldetik euskara ‘bere habian’ sentitzen den bilgune” gisa definitu zuen Joshua Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzainak terminoa; “inoren xaxatze eta erasorik gabe, euskalduna ‘etxean’ sentitzen den eremu” gisa. Izaera hori eman zaie euskararen arnasguneei ere. Herritarren %70 baino gehiago euskaldunak diren herriak dira zerrenda horretan jartzen direnak, eta, Bizkaian, ezaugarri horiek betetzen dituzten 57 udalerri daude. Baina erdalduntzen ari dira. Eta horiek babesteko neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du Patxi Juaristi EHUko irakasleak. “Euskarak beharrezkoak ditu arnasguneak. Horietatik zabaltzen da hizkuntza eta trakzio lana egiten dute inguruko herrietako errealitatearekiko”.

Zenbat eta abiapuntu erdaldunagoa, orduan eta gehiago handitu da udalerri horietako euskaldunen kopurua. Eta, alderantziz, udalerri euskaldunenek, atzera egin dute; bereziki, euskaldunenak zirenen artean. “Zenbaki absolutuei begiratuta, ematen du euskararen erabilera gorantz doala, eta gaur egungo diskurtso nagusia ere hori da: gero eta euskaldun gehiago dagoela. Baina indartsuen dagoen tokietan, ahultzen ari da”. Hala uste du Juaristik. Analisi horrekin bat egin du Ibon Aginaga Uemako euskara teknikariak ere: “Herri euskaldunenetan gertatu da beherakadarik handiena, eta herritar askorentzat oharkabean geratu da hori”.

Euskaldunak, erdaldunago

Muturrak jarri ditu Aginagak euskarak duen joera azaltzeko adibide gisa. Bizkaiko mapan desagertzen ari dira euskararen ezagutza indizeak %90-100 ala %0-20 bitartean zituzten udalerriak. “Gaur egun, ia ez dago euskaldun elebakarra den udalerririk. Herri euskaldunetan, euskararen ezagutza etengabe doa beherantz; erdaldunetan, aldiz, gorantz ari da pixkanaka”. Maruri-Jatabe, Gamiz-Fika eta Fruizekoak dira jaitsiera horren adierazle diren udalerri argienak. Abiapuntua oso goian zuten hirurak, eta euskaldunen ehunekoak nabarmen egin du behera azken urteetan.

Gamiz-Fikan, adibidez, %94,9 ziren euskaldunak 1981ean, eta orain, berriz, %73,1. Eta etxeko hizkuntza gisa nagusiki euskara erabiltzen dutenen kopurua erdira jaitsi da 20 urtean. %86,3 ziren 1991n, eta %43,3 dira orain. Biztanleria asko handitu da Gamiz-Fikan, eta egoera soziolinguistikoa aldatzea ekarri du horrek, besteak beste. Fruizen ere 25 puntu egin du bera euskaldunen kopuruak. %97,6 ziren euskaldunak 80ko hamarkadaren hasieran, eta, %73,1 inguru dira orain.

Arnasgune izan diren eta oraindik ere hala diren herriak dira aipatutako biak. Baina euskaldunen beherakada horri arreta jarri ezean, alda liteke errealitate hori. Hala gertatu da, adibidez, Bakio, Sukarrieta, Mundaka eta Lezaman. Arnasguneen mapan koloreztatuta zeuden herriak dira lau horiek. Baina bestelako egoera dute orain. Bakion. euskaldunen portzentajea %73,9 zen, 1991n, eta hamar puntu egin zuen behera 20 urtean: %58,2 dira orain. Antzeko joera izan du Sukarrietak ere: %78tik %65,6era pasatu da azken urteetan. Mundakan, %87,6 ziren euskaldunak, 1991n, eta %66,2 dira orain. Lezaman, %75etik %62,2ra jaitsi da kopurua.

Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetan biltzen dira herririk euskaldunenak. Eta datu orokorrak bat datoz herrietako joerarekin. Busturialdean, 1991n, %75,7 ziren euskaldunak, eta %72,1era jaitsi da. Berdin, Lea Artibain ere: 2011n %87n zegoen euskaldunen portzentajea, eta zazpi puntu egin du behera.

Alderantzizko joera izan dute lurraldeko beste herri batzuetan. Eta euskara ikusezina zen toki askotan, espazioa irabazi du azken urteetan. Ezkerraldeko eta Enkarterrietako udalerrietan izan dira aldaketarik nabarmenenak. Zallan, Sopuertan, Galdamesen eta Ortuellan igo da gehien euskaldunen portzentajea, hogei puntutik gora. Galdamesen, adibidez, %0,5 ziren euskaldunak 1981. urtean, eta, azken ikerketaren arabera, %22,2 dira orain euskaldunak herrian.

Udalerri txiki eta euskaldunak hauskorrenak direla uste du Aginagak, aldaketa txiki batek nabarmen eragin dezakeelako egoera soziolinguistikoan. “200 biztanleko herri batean hogei etxebizitza egin eta euskaraz ez dakiten zenbait pertsona agertzeak, epe motzean hizkuntza ohiturak alda litzake, eta herriak bere izaera galtzea ekar lezake”. Diagnostiko horietatik abiatuta, administrazio alorrean lan egiteko ez ezik, herritarrengan eragiteko egitasmoak ere martxan jartzea erabaki zuten Ueman. “Herri euskaldunetako herritarrak duten zereginaz kontziente izatea nahi dugu”.

Eragile asko dago mapa soziolinguistikoaren aldaketa horretan. “Azken hamarkadan udalerri euskaldunetan izan den etxebizitza parkearen hazkundea eta biztanleriaren mugimendua aztertuta, ez da harritzekoa hizkuntzaren ehunekoa jaistea oso euskaldunak ziren udalerrietan”. Eta egin ez denean jarri du arreta euskara teknikariak: “Ez dugu aintzat hartu egoera soziolinguistikoa hizkuntza politika ez diren gainontzeko politiketan. Arnasguneak politikaren erdigunean kokatzea beharrezkoa da. Euskara zerbitzuetatik atera, eta zeharka landu behar dugu gai hau, ezinbestean”.

Gero eta herritar gehiagok dute euskararen ezagutza Bizkaian. Hala azaltzen dute ikerketek. Eta, Juaristiren arabera, hezkuntzan zein administrazioan euskararen erabilera bultzatzearen alde agertzen dira lurraldeko herritarrak. Gaia ikertzen ari da, eta dio, oro har, herritarrek jarrera baikorra dutela euskararen eta haren erabilera bultzatzeko egitasmoen inguruan. Baina bada harrituta utzi duen zerbait: “Euskara ez da euskal identitatearekin lotzen”. Hau da, euskaldun izatea ez da euskararen ezagutzarekin lotzen.

Politikotasuna

Hutsune nabaria ikusten du irakasleak pentsamolde horretan. “Kontzientzia eta hizkuntzaren garrantzia falta nabariak dira”. Eta ezagutza eta erabileraren arteko banaketan egin du indar. “Euskararen ezagutzak gora egin du. Baina trabatu egiten gara erabileran. Kontzientzia arazoa dago hor. Militantzia lana eskatzen du, dena ez dago eginda”.

Politikotasunarekin lotu du hori Juaristik. Izan ere, gero eta gehiago dira euskara politikatik aldendu behar dela aldarrikatzen duten diskurtsoak. Baina ez dator horrekin bat Juaristi. “Abertzaletasunetik eta ideologia politikoetatik aldentzen baldin bada, nork babestuko du hizkuntza? Osagai ideologikoa kentzen baldin bazaio, nork egingo du euskararen alde?”. Abertzale direnen eta euskararen erabileraren artean lotura handia dagoela dio, eta aldagai ideologiko hori beharrezkoa dela. “Euskararen aldeko kontzientzia bat sortu du abertzaletasunak, eta politikatik gero eta gehiago aldendu, kontzientzia ere gero eta gehiago galduko da”.

Aldaketa garai batean dago Euskal Herria. “Ekonomikoki eta sozialki, aldatzen ari da. Eta birdefinitzen eta birkokatzen ari da gizartea. Hizkuntzaren auzian aldaketa hori nola kokatzen dugun da gakoetako bat”.