Sukalderaino, bizikletaz

Sukalderaino, bizikletaz

Aitziber Laskibar Lizarribar

Grezian dabil Julen Nafarrate Aurrekoetxea berangoztarra, astelehenetik. Alde batetik bestera, bizikletan. Sukalde batetik bestera. Izan ere, hiru hilabetean Europa hegoaldeko kostaldean gauzatuko duen proiektu bitxiak sukaldeak ditu jomuga; betiko sukaldaritzan nagusi diren emakumeak, “izeko Mertxe bezalakoak”.

Nafarrateren gurasoekin bizi den “amama modukoa” da izeko; “Euskal Herrian etxe askotan dagoen emakume mitikoa, etxeko sukaldaritza egiten duena; kalitatezko sukaldaritza, itzela”, dio Nafarratek berak. “Baina itzelak diren arren, ez diegu meriturik aitortzen gehienetan”, zehaztu du. Aitortza horixe egin nahi dio izekori, eta, bide batez, haren modukoei. Etxetik kanpora joan da horretarako; Europako kostaldeko sukaldeetan halako andreen bila arituko da, lekuan lekuko errezeta eta osagaien bila.

Donostia 2016 egitasmoaren proiektua da Nafarrate gauzatzen ari dena. Berak proposatutakoa, baina Donostia 2016k babestutakoa. Gastronomia eta Mediterraneoa bizikletaz uztartuko zituen proposamenak nahi zituen Gipuzkoako hiriburuko egitasmoak, eta Berangoko gazteak aurkeztutakoa aukeratu zuen. “Ideia erakargarria iruditu zitzaidan: bizikleta, gastronomia eta Mediterraneoa”. Sukaldean bereziki trebea ez dela eta, izekorekin gogoratu zen.

Miresmena erakusten du halako etxeko sukaldariekiko. Eta gehiago ezagutu nahi ditu. Haiekin egon, haiengandik ikasi, eta duten balioa ikusarazi. 3.000 kilometrotik gora egingo ditu bizikletan horretarako, herriz herri, sukaldez sukalde.

Atenasen hasi zuen astelehenean abentura. Greziako herrietan ibiliko da uztail hasiera arte, eta Italiara iritsiko da ondoren. Alderik alde zeharkatuko du Italia. Itsasontzian Sardiniara jauzi egin, Frantziako kostaldea pedalei eraginez igaro, eta Kataluniara joango da ondoren. Aragoi eta Nafarroa zeharkatu, eta irailaren 18an iritsiko da Donostiara. Horixe hitzartua du proiektuaren babesleekin.

Poltsa bete osagai

Poltsan osagai mordoa dituela helduko da. Izan ere, ezagutuko duen sukalde bakoitzetik elikagai bat ekartzea du xede. “Egunean 40 eta 60 kilometro artean egingo ditut bizikletaz”, kontatu dio proiektua BIZKAIKO HITZA-ri. “Arrastietan herrietara heldu, emakume sukaldari horietako bat topatu, eta bere sukaldean sartzen saiatuko naiz”. Sukalde horietako bakoitzean bertan tradizioa duen janaria egiten ikasteko asmoa du. “Eta emakume bakoitzari eskatuko diot beretzat osagai gakoa dena, berezia dena edo proiekturako eman nahi didana emateko”. Erraz iraungitzen ez diren produktuak izan beharko dute, halere; poteetan edo hutsean ontziratuta daudenak, zereal zein espezieak, olioak edo antzekoak. “Kontuan izan hiru hilabetean eraman behar ditudala alportxetan eta egun askotan bero egingo duela”.

Osagaiak poltsan metatu, eta, etxera bueltatzean, izekori emango dizkio. “Emakume horiek guztiak lotuko dituen egitasmoa izekok itxiko du”. Hain zuzen, jatordu bat prestatuko du izekok osagai horiekin guztiekin; menu oso bat. Egun berezi batean egingo du, gainera: irailaren 22an, 79 urte beteko dituen egunean.

“Badakit lanean jarriko dudala, baina, hasieran ezetz esan zidan arren, gustura dago, hunkituta”, dio Nafarratek. “Kezkatuta ere badago horrenbeste denbora kanpoan egongo naizelako, errepidean bizikletaz ibiliko naizelako, eta, batez ere, ez dakielako zer jango dudan!”.