Kamiñaldeko lanen kostua berriz aztertuko dute erakundeek

Kamiñaldeko lanen kostua berriz aztertuko dute erakundeek

Pello A. Zuazo

Ondarroako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia berriz bildu ziren joan den ostiralean Kamiñaldeko lanen inguruan berba egiteko. Batzar horretan Zunbeltz Bedialauneta alkateak bigarren finantziazio plan bat aurkeztu zuen apirilean eroritako mendi hegala egonkortzeko lanen kostuari aurre egiteko. Datozen egunetan aldundiko teknikariak Ondarroara joango dira lanak zelan doazen ikustera, eta kostuak nola merkatu daitezkeen aztertuko dute. Izan ere, erorketa gertatu zenetik, udalak arazoak izan ditu finantziazioa lortzeko, eta konponbide bat bilatu asmoz, behin eta berriz batzartu da aldundiarekin.

Apirilean, krisi-mahaia eratu zuten udaletxean zenbait eraikuntza eta geologia enpresarekin. Eta egoera zein zen aztertu ostean, egun horretan bertan udala aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bildu zen. Lanen kostuei aurre egiteko finantziazio plan bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta bai aldundiak, bai Jaurlaritzak, datu guztiak aztertzeko denbora eskatu zuten. Kostuei buruzko azalpena emana du Bedialaunetak: “Etxeen konponketak egiteko 200.000 euro aurre-ikusi dira; mendi magalaren konponketa lanetarako, 12-13 milioi; eta, horrez gain, desjabetzeen kontua ere hor dago. Guztira, gehienez, 17 milioi euroko gastua da”.

Gerora, udalak proiektua bidali zion aldundiari, eta batzarra eskatu. “Guk beti batzarra nahi izan dugu, baina hirutara: Jaurlaritza, aldundia eta udala. Baina Jaurlaritzak ezezkoa ematen zigun, argudiatuz udalerria aldundiak babestu behar zuela”. Horrela bada, aldundiak 1,5 milioi euro jarriko zituela hitz eman zuen. Ostera, udalak berak aurretik 1,3 milioi euroko partida bideratu zuen lan horietarako. “Lanak lehenbailehen hasi eta amaitu behar dira. 200.000 metro kubiko harri kendu dira, baina guzti hori solte dago, ez da egonkorra. Momentuz, hasierako gastu guztiak guk bakarrik ordaindu ditugu: lanean dabiltzan enpresak, geologoak…”, aitortu du Ondarroako alkateak.

Jaurlaritzaren zain

Negoziazioan Jaurlaritza falta zenez, Bedialaunetak laguntza eskatu zion aldundiari, bitartekari lanak egin zitzan. Eta azkenik, ekainaren 9an Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuarekin batzartzea lortu zuten. “Ordura arteko prozesu guztia nola joan den azaldu genion. Eta eurek, berriz ere, esan ziguten mendiaren hegaleko lanen kostua euren eskumenetatik kanpo geratzen dela, eta tramite guztiak aldundiarekin egin behar genituela”. Dena den, Jaurlaritzak Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin herritarrei babesa ematen jarraituko duela baieztatu zien udal ordezkariei.

Batzar hartatik irteterakoan, Bedialaunetak adierazpenak egin zituen hedabideen aurrean, esanez, finantziazio arloan instituzioek ez zutela Ondarroa behar den beste babesten. “Hori esan ondoren, Ana Oregik eta Iñigo Urkullu lehendakariak Ondarroa ez zutela bakarrik utziko eta beti hor egon direla esan zuten twitterren”. Eta, liskarraren ondorioz, Oregik beste finantziazio plan egiteko eskatu zion udalari.

Joan den ostiralean Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuarekin bildu zen Ondarroako alkatea. Finantziazio plan berria aurkeztu zuen eta aldundiak adierazi zion lanen kostuak merkatzeko ahalegina egin behar dela. “Ondarroako udaletxean egin genuen lehenengo batzar hartan ikusi genuen legez, kostuak jadanik oso doituta daude”. Horrenbestez, aldundiko eta udaleko teknikariak berriz elkartuko dira mendi magaleko lanak aztertzeko, eta prezioen inguruan berba egiteko. Halere, Bedialaunetaren aburuz, atzera egitea da berriro ere kontu horiekin bueltaka hastea. “Bere garaian baiezkoa eman zitzaien obra horiei, eta orain, berriro ere prezioak berrikustea pixka bat korapilatsua da. Badakigu arazoa Ondarroako Udalarena dela, baina gure ahalmena mugatua da. Horregatik gabiltza laguntza eske”.

Espainiako Gobernuari ere eskatu diote laguntza, baina uda ostera arte ez dute harengandik ezer jasoko. “Bitartean lanek aurrera jarraitzen dute, eta fakturak ordaintzeko daude. Egoera kritikoan gaude”. Alkatearen esanetan, denbora kontua da kreditu bat eskatu behar izatea. Izan ere, Kamiñaldeko lanen kostua udalaren urtebeteko aurrekontu guztiaren bikoitza da.

Bitartean, 176 familiak euren etxeetatik kanpo jarraitzen dute, etxeak hutsik eta kaleak moztuta. Alokabideren bitartez hirurogei bat etxe eman dira Ondarroan bertan, eta beste batzuk herritik kanpo. Gainontzekoek familien eta lagunen bitartez aterpea lortu dute. Alkatearen esanetan, abuztu erdialderako aurreikusten dute “erreka aldeko” kaleak zabaltzea eta etxebizitzak erabilgarri egotea. Mendiaren ondoan dauden beste 32 etxebizitzek denbora gehiago beharko dute, behintzat mendia egonkortu arte. “Kamiñalde auzoa babes gabe dago eta horrek ezinegona sortzen du. Bizkaibusa ez da hara sartzen eta hango komertzioak ere oso txarto dabiltza”.