Plazek ez dute Amuriza ahazten

Plazek ez dute Amuriza ahazten

Xabier Amurizak plazak utzi ditu, baina plazek ez dute Amuriza utzi nahi. Erretiroa hartzeko erabakiaren berri izan, eta Durangoko Bertso Eskolak esker ona azaldu nahi dio. Horretarako, Etxanoko bertsolaria protagonista izango duen ekitaldi sorta bat antolatu du. Gaur Durangon kantaldia egingo dute hainbat artistak. Domekan, erromesaldi artistikoa egingo dute Etxanotik Berrizeraino.

Bertsolaritza aipatzea Xabier Amuriza aipatzea da. Txiki-txikitatik kantatu zituen bertsoak, aitari entzundakoak errepikatuta. Hala ere, apaiz zela egin zuen lehenengo saio ofiziala. Kartzelan zazpi urte egin zituen, eta, tarte horretan, bertsolaritzaren irakaskuntzaren mitoaren inguruan hausnarketa sakona egin zuen. Birritan izan zen Euskal Herriko txapeldun. Garai hartan eragindako berritasunen ondorioz, bertsolaritza modernoaren aitatzat hartu dute. 75 urterekin utzi du bertsolaritza, eta, orain, literatura sorkuntzan ari da buru-belarri.

Protagonista izateari ez dio utzi, ordea. Gaur Durangon egingo dute haren omenezko saioa: Emaidazue freskura. Hainbat artistak egingo dute bat Plateruena kafe antzokian prestatu duten lagun arteko kantaldian: Igelaren bandak; Tapia eta Leturiak; Mursergok; Mikel Markez eta Josu Zabalak; Anje Duhaldek; Miren Amurizak; Maialen Lujanbiok; Natxo de Felipe eta Anton Latxak; Leire Bilbaok; Gotzon Garaiazabalek eta Peru Magdalenak. 22:30ean emango diote hasiera ikuskizunari. Sarrerak zortzi euroren truke eskura daitezke.

Domekako ibilbide artistikoa goizean goiz abiatuko da Berrizko kiroldegitik, 09:30ean. Amurizaren bideak eta aireak zeharkatuko dituzte, autobusez egingo duten “erromesaldian”. Etxano, Zornotza, Iurreta, Gerediaga eta Berrizen egingo dituzte geldiuneak. Bertsoak, dantzak, musika eta berriketaldiak ez dira faltako eguerdira arte iraungo duten ekitaldietan. 14:00etan itzuliko dira Berrizera, eta, txartela eskuratzen dutenentzat, herri bazkaria egongo da herrian bertan.

Izarren saldagina

Gaur, Plateruena kafe antzokian, 22:30ean. Domekako ibilaldia Berriztik aterako da 09:30ean.