Periko Solabarria elkartea sortu dute hura gogoan hartzeko asmoz

Periko Solabarria elkartea sortu dute hura gogoan hartzeko asmoz

Gotzon Hermosilla

Gaur zortzi, ekainaren 24an izango da Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoaren heriotzaren lehenengo urteurrena. Solabarria hil eta gutxira, haren kide, lagun eta senitarteko zenbaitek iragarri zuten fundazio edo elkarte bat sortzeko asmotan zebiltzala, hark defendatutako balioak belaunaldi berriei ezagutarazteko xedearekin. Orain, heriotzaren lehenengo urteurrenean, Periko Solabarria elkartea aurkeztu dute jendearen aurrean, eta urteurrenerako prestatu dituzten ekitaldien berri ere eman dute.

Elkartea legeztatzeko prozesuan dago orain, eta hango kide Juanjo Zarragak aurkezpenean esan duenez, “asmoa ez da soilki Periko oroitzea; gune bat sortu nahi dugu, mundu guztiari zabalik egongo dena, Perikok sustatu zituen borroka guztiak bultzatzeko”. Izan ere, Solabarria beti egon zen prest bere laguntza behar zuten talde eta herri mugimendu guztiei eskaintzeko, eta bere jarduera politikoa ezker abertzalean garatu bazuen ere, oso harreman onak zituen ezkerreko alderdi, sindikatu eta mugimendu guztiekin. Horregatik, izaera zabala eman nahi diote Periko Solabarria elkarteari, eta nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute.

“Borrokak piztu, sustatu eta jarraipena ematea” izango da elkartearen beste eginkizunetako bat. Horien artean, “langileen memoria historikoa” berreskuratzea nabarmendu du Zarragak, “eskualde honetako langile eta meatzariei lapurtu nahi dieten kontakizuna”, eta hori islatuko da Solabarriaren heriotzaren urteurrenerako prestatu duten egitarauan.

Lehenengo ekitaldia etzi izango da, ekainaren 19an. Mendi ibilaldi bat antolatu dute, Trapagarango Larreineta auzotik abiatuta, Solabarriaren bizitzan hain garrantzi handia izan zuen meatzaritzaren aztarnak ezagutarazteko. Solabarriaren biografiako zein eskualdearen iraganeko lekurik esanguratsuenak bisitatu ostean, Gallartako Meatzaritzaren Museoan amaituko da ibilaldia, Abanto-Zierbenan.

Hitzaldiak eta omenaldia

Datorren astean, zenbait hitzaldi antolatuko ditu Periko Solabarria elkarteak. Lehenengoa ekainaren 20an izango da, Pedro: konpromisoz eta borrokaz beteriko bizitza izenburupean, eta han Solabarriak apaiz gisa egindako urratsak izango dituzte mintzagai -garai hartan On Pedro gisa ezagutzen zuten guztiek, horregatik agertzen da izen hori hitzaldiaren goiburuan-.

Solabarriarekin batera apaiz langileen mugimenduko kide izandako Juan Arregik eta Juan Zulaikak, eta Javier Sadaba filosofo eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Etika katedradun izandakoak parte hartuko dute hitzaldian.

Hurrengo egunean beste hitzaldi bat izango da, Periko, beti gazte izenburukoa, eta Solabarriaren eta gazte mugimenduaren arteko harremana aztertuko dute. Frankismoaren garaiko JOC eta HOAC erakundeetako kide izandakoak, Jarraiko kide izandako Ana Lizarralde eta Ernaiko Gotzon Elizburu egongo dira. Hitzaldi biak Portugaleteko azokan egingo dituzte, 19:30ean hasita.

Ekainaren 24an, Solabarria hil zeneko urteurrenean, omenaldia egingo diote Arrondegiko zubiaren ondoan, Lutxanan (Barakaldo), 12:30ean. Eta 22:00etan, berriz, Kontzertu gorria izeneko ekitaldia egingo dute itsasadarrean zehar, itsasontzi batean, Iñaki Uriarteren gidaritzapean.