Oroimenaren aterpean

Natalia Salazar Orbe

Demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenei omenaldia egingo diete, igandean, Artxandan. Aztarna digital itxura daukan Aterpe 1936 eskulturaren parean izango da, azken hamar urteetan egin duten legez. Askatasuna defendatu zuten guztiak izango dituzte gogoan Bilbon. 1936ko gerran errepresioa pairatu zutenak eta haien familiak izango dira protagonista zalantzaezinak. Izan ere, aurten omenaldiak hauteskunde kanpainarekin bat egin duenez, bigarren mailara pasatuko dira alderdi politikoak.

Berezia izango da, era berean, hainbat urteurrenek bat egin baitute. Hala azaldu du Eduardo Gonzalezek, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak: “1936ko kolpe militar faxistaren 80. urteurrena betetzear da”. Horrez gain, hamar urte dira Juanjo Novella artistaren Aterpe 1936 inauguratu zutela.

1936ko gerran demokraziaren alde borrokatu zuten sentsibilitate anitzetako borrokalariek bat egiteko hitzordua izango da. Aterpe 1936 ikur unibertsala da. “Gerra hartan eta osteko diktaduran herriak aukeratutako agintariak eta euskal herritarren askatasuna eta eskubideak defendatu, faxismoaren aurka aritu eta askatasunean bizi nahi duen gizateriaren ametsen alde euren burua arriskuan jarri zuten pertsona guztiak” oroituko dituzte omenaldian. Hala jakinarazi dute ekitaldia antolatu duten elkarteek: ELA fundazioa, CNT, Sabino Arana, Ramon Rubial, Eusko Lurra eta Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma.

Kokalekua bera ere sinbolismoz beteta dago. Izan ere, odolez bete ziren Artxandako txoko guztiak 1937ko ekain hartan.

Gudarien ordezkaritza

Besteak beste, Jose Moreno gudaria eta Eibarko miliziano baten alaba izango dira ekitaldian. Moreno Aterpe 36 elkartearen sustatzaileetako bat izan zen. Justizia, oroimena eta erreparazioa aldarrikatuko dituzte. Morenok berak argi azaldu zituen helburu horiek eskulturaren inaugurazioa egin zutenean: “Francok presoak sailkatzea nahi izaten zuen, eta aztarna bana jarri zigun guztioi; oraindik aldean daramagun aztarna. Horren ikur izan nahi du eskultura honek, gure eta etorkizuneko gazteek gogora dezaten zer jasan behar izan genuen”.

Haren hitzak indarrean daude oraindik. Gonzalezek gogora ekarri du urteak aurrera doazela, eta protagonista izan zirenak desagertzen ari direla. “Haien seme-alabak eta ilobak dira orain gurdiari tiraka ari direnak”. Familia gehienetan dago errepresioa pairatutako senideren bat. Hala ere, 80 urte igaro dira, eta, askorentzat, bizitzak aurrera egin du. Baina Aterpe 36 elkarteak eginahaletan jarraituko du gerrako eta osteko izugarrikeriek argia ikusteko eta jazotakoagatik justizia egiteko: “Gertatutakoa konpondu egin behar dugu, gutxieneko duintasun bat emango duen eran utzi behar dugu. Aitortza egin behar da. Eta benetan zer gertatu zen jakin. Egiaren batzorde batek landuko duen justizia aldarrikatzen dugu. Dagoeneko, ezin ditugu epaitu esku hartze zuzena izan zuten asko eta asko; Franco eta Mola jenerala, kasurako. Baina, Rodolfo Martin Villa [ministro ohia] eta Billy el NiƱo [polizia ohia] auzipetuta daude Argentinako salaketaren barruan”. Bestalde, sinetsita dago domekakoa bezalako omenaldiek laguntzen dutela erreparazio lanetan.

Faxistek Bilbo bonbardatu zuteneko 79. urteurrena beteko da bihar. Eta etzi egingo dute omenaldia. Artxandako eskulturak bizirik mantenduko du miliziano, gudari, borrokalari, erbesteratu, preso, biktimen senide eta gerrako umeen oroimena. Gonzalezen ustez, erakundeek oroimen horri dagokion forma ematea falta da, “memoria historikoaren lege propioa eratuta”.