Ihesbide gabeko ihesaldia

Ihesbide gabeko ihesaldia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Inoiz izandako iheslari uholde handienetakoaren aurrean dago Europako Batasuna. Siriako gatazkatik ihesi, milaka herritar pilatu zaizkio Grezian eta Italian. Hori konpontzeko asmotan, Europara iritsi diren 160.000 errefuxiatu kokatzeko plana adostu zuen Europako Batasunak joan den urteko irailean. Plan horren arabera, Bizkaira 520 iheslari siriar dira heltzekoak. Baina hiru gizon eritrear besterik ez da iritsi lurraldera orain arte. Azarotik daude Bilbon, eta CEAR elkartea ari da haien harrera kudeatzen. Oraingoz, ez dakite noiz iritsiko diren iheslari gehiago. Kalkuluetatik urrun dago errealitatea. Eta impasse egoera horren aurrean gero eta gehiago dira presio egiten hasi diren bizkaitarrak. Errefuxiatuen errealitateaz kontzientziak astintzeko sortu duten Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma da horren lekuko. Gero eta herri gehiagotara zabaltzen ari dira iheslarien aldeko ekimenak.

Aurreikusi ziren 520 errefuxiatu siriarretatik hiru iritsi dira Bilbora. Baina horrek ez du esan nahi Bizkaira errefuxiatuak iristen ez direnik. Ozen aldarrikatu du Patricia Barcena CEAR elkarteko zuzendariak hori: “Egunero iristen dira errefuxiatuak hona. Siriako gatazkatik ihesi Europako herrialdeetan kokatzeko EBk egin duen planean errefuxiatu multzo zehatz bat ageri da. Baina beste bide batzuetatik egunero iristen dira iheslariak. Kontua da horiek ez direla telebistan agertzen, eta inor ez dela beraien bila joaten aireportura”. Baliabideak denei eman behar zaizkiela adierazi du Barcenak, eta auzia Siriako gatazkak sortutako iheslarien arazotik harago doala adierazi du. “Errefuxiatua ez da soilik gerratik ihesi datorrena. Arrazoi ezberdinengatik jazarriak diren herritarrek ihes egiten dute beraien herrialdetik: arraza, erlijio, iritzi politiko, nazionalitate, genero ala sexu aukerek bultzatuta ihes egitera behartuta daude asko”. Horien harrera lanetan ere aritzen da CEAR. Hain zuzen, azken urtean Txina, Mali, Kamerun eta Ukrainako herritar asko iritsi dira Bizkaira.

Espainiako Gobernuak du errefuxiatuen harreren konpetentzia. Madrilen adosten diren politiken menpe dago CEAR, beraz. Eta horrek eragin zuzena du Bizkaira iristen diren errefuxiatuen egoeran. Barcenaren hitzetan, iheslari gutxik lortzen dute asilo eskaera, eta mugak zeharkatzeko gero eta arazo gehiago jartzen dizkiete ihesi datozen herritarrei. Espainiako Ceuta eta Melillako mugetako irudiak jarri ditu horren adibide gisa: “Ofizialki gobernuek errefuxiatuen egoera gaitzesten duten arren, ez diete sartzen uzten”. Horregatik herri mugimendu indartsu bat izatea garrantzitsua dela adierazi du behin eta berriz elkarteko kideak, “goi mailako erakundeek dituzten politiketan presio egiteko”.

Iheslariak hartzeko prozeduran gutxi egin dezaketen arren, horien integrazio fasean Bizkaiko erakundeek baliabide gehiago jarri behar lituzketela argi du CEAReko zuzendariak: “Iheslariak iritsi ondorengo urteetan ere laguntza behar izaten dute. Adibidez, zerbitzu publikoetarako sarbidea errazteko neurriak hartu beharko lituzke Bizkaiko Foru Aldundiak, eta hiri eta herrietan beren integrazioa bultzatzeko neurriak jarri”. Adierazi du norabide horretan urratsak egiten ari dela diputazioa, baina oraindik ere lan asko dagoela egiteko. “Proposamen eta ekinbideak gauzatzeko ordua da”.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak eta Eusko Jaurlaritzakoak izango dira datozen hilabeteetan. Eta errefuxiatuen gaiarekin erabilera politikorik ez egiteko eskatu du elkarteko kideak. “Eusko Jaurlaritzak adierazpen bat onartu zuen iheslarien auzia hauteskunde lehiatik kanpo kokatzeko konpromisoa hartzen zuena. Garrantzitsua da konpromiso hori betetzea, mezu eta jarrera xenofoboak saihesteko”.

Diskurtsoaren eragina

Korapilatsua da errefuxiatuen auzia. Eta politikariek eta hedabideek zabaltzen dituzten mezuek are gehiago nahasten dute errealitatea. Horregatik, behartutako eta borondatezko migrazioan egiten den banaketan egin du geldialdia Barcenak. CEAReko zuzendariaren arabera, ezinbestekoa da kontzeptu horien gainean eraikitako usteak argitzea. “Oso zaila da behartutako eta borondatezko migrazioak ezberdintzea, biak banatzen dituen lerroa oso lausoa delako. Oso gutxi dira borondatez migratzen dutenak, gehienetan zerbaitek behartuta egin direlako lekualdatzeak”. Eta jarri ditu adibide zehatzak ere: “Garapenaren izenean lurrak kendu dizkioten nekazaria, adibidez, bere lurrean duintasunez bizitzea ukatu baldin bazaio eta bere oinarrizko eskubideak kendu baldin bazaizkio, ihes egitera behartzen dute”. Arazoa da pertsona hori ez dela iheslaritzat hartzen, immigrantetzat baizik.

Diskurtso eta banaketa horren atzean estrategia politiko argia dagoela dio Barcenak. “Sinetsarazi digute etorkinak hobeto bizitzera datozela hona, eta ez da kontuan hartzen, beraien herrialdeetan eskubideak urratuak izanik, ihes egitea beste erremediorik ez dutela izan”. Izena ere jarri dio CEARek fenomeno horri: asiloaren immigratizazioa. “Herrialde batera sartu nahi duen edozein herritar immigrante gisa izendatzea, alegia”. Eta horrek ere helburu argia du Barcenaren ustez. Legez kanpoko immigrantetzat hartuta, kanporatzeak justifikatzen dira, baita herrialdeetako mugetako bortxa ekintzak ere. “Kriminalizatu egiten dira babes bila datozen herritarrak”.

Eraiki diren diskurtso horien deseraikuntzan lan egin behar dela dio elkarteko zuzendariak. “Dei efektuaz ere hitz egiten dute sarritan politikariek, eta hori ere sinetsi dugu herritarrek. Ihes efektua ala desesperazio efektua da dagoena; herrialde seguruago batera joateko eta duintasunez bizitzeko deia”.

Kontzientzien astintzea

Aukera gisa ikusten du Siriako errefuxiatuen auzia Barcenak. “Drama humanitario baten aurrean gaude, eta uste dut gizartea esnatzeko aukera paregabea dela hau. Erakundeen gainetik dagoen gizarte mugimendua ari da ernaltzen. Eta hori ezinbestekoa da”. Herrietan egin diren ekimenak izan ditu elkarteko zuzendariak ahotan. Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma, tartean. “Lan hori ezinbestekoa da, herritarren artean mentalitate aldaketa bat izateko; errefuxiatu bat gure artean dugunean zer gertatu zaion eta zergatik etorri den ulertzeko eta bizikidetzan sakontzeko. Euskal Herriko gizartea askotarikoa da”. Ez du zentzurik errefuxiatuen harrera lanak, ihesaldiak sortzen dituen arrazoi horiek aldatzeko lanik egiten ez bada. “Formakuntzak garrantzi handia du hor”.

Kontzientziak astintzeko lan horretan murgilduta dago, hain zuzen, Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Martxoan eratu zuten, Bilbon. Eta azken hilabeteetan lurralde osoan hedatzen ari da herri ekinbidea, Dani Gutierrez kidearen arabera. “Mobilizaziorik ez zegoela eta, herritarren artean iheslarien auzia zabaltzeko plataforma bat sortzea erabaki genuen”. Erakundeak mugiarazteko gai da gizartea, eta horregatik uste du Gutierrezek ezinbestekoa dela herritarren aktibazioa. “Hau ezin da moda bat izan. Gaur egun oso larria da iheslarien egoera, eta auziarekiko tentsioa mantentzea oso garrantzitsua da”. CEAReko zuzendariak esandakoarekin bat egin du plataformako kideak. Eta adierazi du, Siriako gatazkatik ihesean ari diren herritarrez gain, beste herrialde askotatik ere iristen direla errefuxiatuak. Egoera horiek ikusarazi nahi dituzte. Txikitik handira presio egitea garrantzitsua dela adierazi du. “Ez dago gure esku Europako Batasuneko politikak aldatzea. Baina zer egingo dugu, etxean geratu?”.

Gernikako kasua ekarri du gogora plataformako kideak. 1936ko gerraren 80. urtemugaren harira hainbat ekitaldi antolatu direla azaldu du, eta errefuxiatuen gaiarekin lotu dutela urtemuga. Izan ere, 1936ko gerraren ondorioz, euskaldun askok beren lurrak utzi eta beste herrialde batera jo zuten babes bila. “Euskal Herriko memoria berreskuratu eta oroimen hori gaur egungo errealitateekin elkartzeak balio dezake herritarren kontzientzia astintzeko”. Getxon ere erakusketa bat antolatu zuen udalak, 1936ko gerrako eta gaur egungo errefuxiatuen egoerak parez pare jarrita. Bizkaiko beste hainbat herritan, errefuxiatuen gaia landuko dute 36ko gerraren 80. urtemugako ekitaldietan.

Portugalete, Sestao eta Galdakaon ere egin ditu zenbait ekintza plataformak. Eta Arratian hainbat protesta antolatu dituzte herritarrek. Gero eta herri gehiagotara ari da hedatzen. Mobilizatzeko eta balkoietan errefuxiatuen aldeko bandera horiak jartzeko deia egin du Gutierrezek: “Arazoa ikusaraztea oso garrantzitsua da”. Uztailean Greziara joateko asmoa du plataformak, bertan protesta egitera. “Ez gara lanketarekin hasi. Baina Europako gizarte mugimenduetako kideek bat egiten badugu, presioa bestelakoa izango da”.

Maiatzean hustu zuten Greziako Idomeniko esparrua. Hedabideetan gutxiago lantzen da gaia ordutik, baina arazoak hor jarraitzen duela ohartarazi du Gutierrezek. Isiltasun hori hausteko bidea delakoan, bandera horiak jartzeko gonbita egin die herritarrei.