Gero eta Bizkaiko herri gehiago euskarari arnasgunea ematen

Gero eta Bizkaiko herri gehiago euskarari arnasgunea ematen

Aintzina Monasterio Maguregi

Bizkaiko Dima eta Ziortza-Bolibar Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartu berri dira, Gipuzkoako Legorretagaz batera. Hain zuzen ere, aurten lau udalerri sartu dira Ueman, eta horietatik hiru Bizkaikoak dira. Aipatu azken hiru horien aurretik, erakundearen urtarrileko Batzar Nagusian onartu zuten Eako udalak egindako eskaria.

Dimako Udalean, urtarrilaren 29ko osoko bilkuran onartu zuten Ueman sartzeko eskaria. Ziortza-Bolibarren, berriz, apirilaren 18an egin zuten bozketa.

Ziortza-Bolibarrek, egun, 434 biztanle ditu, eta biztanleen %90 dira euskaldunak. Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak dio ezinbestekoa dela euskararen esparruan lan egiten duen jendearekin harreman zuzena izatea. “Gure eskualdea euskararen arnasgunea da, eta gure herria zer esanik ez. Orain arte, udal agintariek ez zuten Ueman sartzearen beharra ikusi, baina guretzat garrantzitsua da bertan egotea. Uste dugu hor kokatu behar dugula herria. Udalerri desberdinak batera egoteak esperientziak trukatzea ere ahalbidetzen du, eta hori beti da aberasgarria. Herrian zein administrazioan euskaraz bizi daitekeela ikusarazteko aukera eskaintzen du Uemak”.

Dioenez, biztanleen joera euskaraz egitea da, eta udaletxean ere euskaraz funtzionatzen dute. Hala ere, gogora ekarri du ez dela beti horrela izan: “Gogoratu behar da, orain dela 25 urte, nahiz eta Ziortza-Bolibar herri guztiz euskalduna izan, askok eta askok udaletxera etorri eta gazteleraz egiten zutela. Eta Uemak 25 urte hauetan erakutsi du administrazioan ere euskaraz soilik egin eta funtziona daitekeela”.

Uemak bi esparrutan lagunduko die; batetik, administrazioari begira, eta, bestetik, herriari begira: “Teknikari bat etorriko da herrian euskarak duen egoeraren eta udaleko funtzionamenduaren inguruko diagnosia egitera, eta, horren arabera, zein behar dagoen aztertuko dugu elkarlanean”.

Earen eta Dimaren kasuan, Espainiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak helegiteak jarri zizkien udalen eskaerei. Ez dira Carlos Urkijok jarritako helegite bakarrak, aurretik Zeraingo eta Berastegiko erabakiei ere helegitea jarri baitzien.

Euskara, udalen eskumena

Arritxu Zelaia Eako Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, udal legea aurrera doan heinean, “zentzubakoa geratuko da” Urkijoren helegitea: “Urkijok dioen gauzetako bat da euskararena ez dela udalei dagokien eskumena, eta, udal legea aurrera doan heinean, hori aldatuko da”.

Zehatz esateko, erabaki horiek udalei dagozkien eskumenak gainditzen dituela argudiatu zuen Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

Baina Uemaren estatutuak aldatu egin zituzten, eta, horrez gain, EAEko udalei hizkuntza politika garatzeko eskumena aitortzen die udal legeak. Beraz, ikusteko dago epaitegietatik zein epai iritsiko diren gai horren harira.

“Guri, praktikan, ez digu eragin edo baldintzatu; Uemako kide izaten jarraitzen dugu. Uemako proiektuak martxan ditugu, eta aurtengo ekintzak finkatuak ditugu, programak eta abar”.

Udaleko diagnostikoa bukatzear dute, eta, dagoeneko, merkataritza plana ere martxan dute. “Merkataritzan eta ostalaritzan, Uemako teknikariaren bitartez eskaini zaie laguntza errotuluak, menuak eta bestelakoak euskaraz jartzeko. Laster, abizenak euskalduntzeko kanpaina hasiko dugu. Uda osterako, arnasgune tailerrak egitea pentsatu dugu, Uemaren inguruko esposizioa…”.

Ean %77,1ekoa da, gaur egun, euskararen ezagutza, baina, azken 30 urteetan, %15,6 jaitsi da. “Horri nolabait inflexio puntu bat edo galga jarri nahi diogu. Hala ere, oraindik Ea, Bedaroa eta Natxitua arnasguneak dira, eta horri eustea eta izaera horretaz jabetzea zen Ueman sartzearen arrazoietako bat. Halaber, sarean edo taldean gauzak indartsuago egiten diren ustea dugu”.

Aitzindari eta eredu

25 urteko ibilbidea bete du Uemak. Udalak euskalduntzeko asmoz sortu zen erakundeak ibilbide oparoa bete du. Udalak euskalduntzen ez ezik, arnasgune diren herrietan izaera horri eusteko ahaleginetan ere badihardu; euskaldunen hizkuntz eskubideak eta euskararen erabilera bera bermatzeko zereginean, alegia.

1991ko maiatzaren 5ean, Aizarnazabalen (Gipuzkoa) Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten estreinakoz, eta orduan sortu zuten Uema 19 udalerrik. Hamarkada hauetan, Hego Euskal Herriko herri asko batu zaizkie sorrerako kideei, eta, dagoeneko, 76 udalerrik osatzen dute Uema. Horietatik 22 dira Bizkaikoak.

Mende laurdenarekin batera, maiatzaren 28an Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten, Leitzan (Nafarroa). Han ospatu zuten duela 22 urte Uema Eguna.

Jai egunagaz batera, goizean, Leitzako udaletxean, Batzar Nagusian elkartu ziren Uema osatzen duten udalerrietako ordezkariak. Bertan onartu zuten Dima, Ziortza-Bolibar eta Legorreta mankomunitatean sartzea, bozketan.

Hiru udal berrien izenean, Legorretako alkate Zelai Amenabarrok hartu zuen hitza: “Arnasguneak indar handia hartzen ari dira azken urteetan euskalgintzan. Inork ez du dudan jarriko euskararentzat berebiziko garrantzia dutela. Euskara osasuntsu egotea gure herriak ere osasuntsu egotea da. Egoera horretan gatoz Uemara, guretik emanez eta besteenetik jasoz. Espero dugu elkarren bidelagun izatea bide horretan”.

Uemako lehendakari Josu Labakak gogora ekarri zuen benetako edozein aldaketa “hitz hutsetatik harago” heltzen dela: “Hori da Uemak erakutsi duena. Bidea eginez, eta horretan segitu behar dugu, etenik gabe, euskaraz garela aldarrikatuz. Herri honen izaerarentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dela jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak eginez”.

Elkarlana ezinbestekoa

Uemak askotariko instituzio, eragile politiko eta sozialekin, baina, bereziki, euskalgintzarekin elkarlanean dihardu, eta zenbait hitzarmen ere sinatu ditu. Hain zuzen, erakunde publikoen arteko elkarlana “sendotzeko beharra” azpimarratu du Uemako lehendakariak. Halaber, aurrean oraindik “zailtasun asko eta egiteko bide luzea” egon arren, lortutako guztia “harro” egoteko modukoa dela uste du: “Elkarrekin bidea eginez, geldiezinak gara. Udalerri Euskaldunen Eguna eredu da: erakunde publikoak, euskalgintza eta bateko eta besteko taldeak, elkarlanean, denak norabide berean, euskararen arnasguneak sendotuz”.

Udal administrazioak euskalduntzeagaz batera, hamarkada hauetan Uemak gizarteko gainontzeko esparruetara ere hedatu du bere lana. Enpresa mundura eta zerbitzuen sektorera ere hurbildu da, eta, esaterako, hezkuntzan ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) proiektu aitzindaria jarri du abian. Besteak beste, arnasgune diren herri batzuetan euskararen erabilera jaitsi izana aztertzen du, eta horri aurre egiteko tresnak eman dizkie udalei; esaterako, arnasgune tailerrak egiten dituzte herriz herri.