Egia eta berme bila berriz gerta ez dadin

Egia eta berme bila berriz gerta ez dadin

Natalia Salazar Orbe

Beldurrak estali ditu Sestaoko herritarrek 1936ko gerran eta haren osteko diktaduran bizitako izugarrikeriak. Duela urte gutxi arte, herritar askok ez zekiten hegazkin italiarrek herria bonbardatu zutela eta, ondorioz, 30 lagunetik gora hil zirela. “Nire aita izua barruan zuela hil zen”. Saminari ezin eutsita egin ditu adierazpenok Amalio Garcia Sanchezek, Gogoan Sestao elkarteko kideak. Lekukotasun haiek ez galtzeko lanean ari dira. Hitzarmena egin berri dute udalarekin. Aurten, liburu bat eta dokumental bat argitaratu, eta memoria historikoari buruzko jardunaldiak prestatuko dituzte. Helburua argia da: “Egia, justizia, ordaina eta berriz ere ez gertatzeko bermeak lortzea”. Garrantzitsu deritzo kapitulu hura behar bezala ixteari, gaur arte iritsi diren eskubide urraketak ere geldiarazi ahal izateko.

Gogoan Sestao elkartearen lanari esker jakin da hamar aldiz baino gehiagotan bonbardatu zutela herria. Garai ilun hartan gertatutakoaren xehetasun gehiagoren bila abiatu dira. Lekukotasunak jaso dituzte. Un pueblo con memoria dokumentala argitaratu zuten duela bi urte. Eta, orain, haren bigarren atala lantzen ari dira. “Dokumentazio falta handia izan genuen lehen atalerako. Hainbat testigantza eta errepresio espazio ezin izan genituen jaso”. Hain zuzen, ideologia anarkistaren eta alderdi komunistaren ikuspegitik landu zuten hura. “Erraza izan zen haiengana iristea. Oraingoan, abertzaletasunaren aldean gertatutako errepresioan sakontzeko, ate gehiago zabaldu zaizkigu, EAE-ANV, EAJ eta bestelakoen ikuspegitik lantzeko”.

Agiriak eta datuak eskuratzeko zailtasun ugari aurkitu dute. “Dena dago atomizatuta, hainbat artxibo publiko eta pribatutan sakabanatuta. Ez dago gure historia jasotzen duen zentro dokumentalik”.

Horrez gain, beste herri askotan bezala, herritarrak gertatutakoa kontatzeko beldurrez bizi dira. Eta zaila da testigantzak jasotzea. “Errepresioak, diktadurak eta sortutako beldurrak eta genozidioak galarazi dute herritarrek hitz egiteko konfiantza izatea. Ukatu egin dute memoria. Gurasoengandik seme-alabenganako transmisiorik ez da egon; ezta aitona-amonengandik ilobenganakorik ere”.

Estatuaren indarkeria izango du ardatz argitaratuko duten liburuak. Iaz herrian egin zituzten Memoria Historikoari buruzko jardunaldietan jasotako testigantzak emango dituzte argitara bertan. Frankismoaren krimenak eta tortura dira gai nagusia. “1975eko hilketei buruz ari gara. Hainbat herritarri epaiketa militarra egin zioten. Erabat antolatuta zegoen prozesua; herria isilaraztea eta faxismoak bizirik zirauela erakustea zuen helburu”.

Gai horiek oraindik indarrean daudela deritzo. “Torturak praktikatzen dituzte gaur egun ere”. Espainiako estatuari tortura salaketak ez ikertzeagatik Estrasburgoko Auzitegiak ezarritako hamaikagarren kondena oroitarazi du. “Beraz, gauza bitxia gertatzen da: iragana miatu ahala, indarrean dirauten kausa eta gure errealitatearekiko proiekzio batzuk ageri dira. Giza eskubideen urraketa larriak egiten dituzte oraindik ere, erabateko zigorgabetasunarekin”.

Elkartearen hirugarren egitasmoa Bakerako heziketa izeneko jardunaldiak izango dira. Kolonbia, Irlanda eta Euskal Herriko esperientziak jasoko dituzte urrian eta azaroan. Han egindako lana eskoletara eramango dute. Herriko Angela Figera eta Saturnino de la Peña institutuetan eta Portugaleteko Azti Lekun emango dute haien berri. Esperientzia Ezkerraldeko beste ikastetxe batzuetara zabaltzea ere nahiko lukete. “Ez dugu nahi egindako lana jardunaldietan itota geratzerik”.

Udalak frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilarekin bat egiteko ere lanean ari da Gogoan Sestao. Dokumentuekin frogatua dute 30 herritarretik gora hil zirela bonbardaketen ondorioz. “Umeak, adinekoak… Denetarikoak izan ziren. Herria suntsitu zuten. Izua sortzea zuten helburu”.

Hori guztiori pairatu zuten Bizkaiko gainerako herriekin elkarlanean aritzen saiatuko dira. “50 herritik gora izan dira. Eta hau ez da mahai gainean jarri: genozidio bat izan da. Erantzukizunak nahi ditugu”.

Badakite ez dutela izango gertatutako sarraski guztiaren berri jasotzerik. “%70era ere ez gara iritsiko, seguruenik. Baina argitara atera dezakegun guztia aterako dugu”.