“Itsasadarrari begira aritu da beti Bilbo; gure arteria nagusia izan da”

“Itsasadarrari begira aritu da beti Bilbo; gure arteria nagusia izan da”

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Olabeaga auzoan 1894an eraiki zuten mea zamatzeko tokia, eta aurki, desagertu egingo dira haren hondar arkeologikoak. Jatetxe baten terraza eraikiko dute horien gainean. Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak ondarearen kontrako era horretako jardunbideak kritikatu ditu. Industrializazioaren aztarnen garrantzia azpimarratu du elkarteko presidente Jabi Puertasek (Bilbo, 1972).

Zer suntsituko du Olabeagan egingo duten terrazak?

Bereziki, meatzaritzari, itsasoari eta industriari lotutako memoriaren zati bat galduko dugu. Ez gaude ostalaritzara bideratutako terraza bat egitearen aurka. Hala ere, hondar horiei kalterik egin gabe egitea bazegoen.

Zeren adierazgarri dira hondar arkeologiko horiek?

1894an eraiki zuten mea zamatzeko lekuaren zurezko zimenduen hondarrak dira. Batez ere, izaera sinbolikoa dute. Jarduera industrialak errekaren ezkerraldean —Olabeaga auzoan — zein eskuinaldean — Zorrotzaurreko penintsulan —izan zuen garrantziaren adierazgarri dira. Elementu bakanez gain, multzo guztiaren garrantzia azpimarratzen dugu. Iraganean izan genuen portuarekiko loturaren erreferentziei eustea da gure helburua. Elementu txiki asko daude itsasadar osoan zehar. Besteak beste, barandak, eskailerak, zamatzeko lekuaren hondarrak, amarratzeko eskorak, balizak, antzinako kaiak, garabiak… Horiek guztiek, osotasunean, portuarekiko eta industriarekiko izan dugun lotura erakusten dute. Zorrotzaurrerako hirigintza antolaketa abiatu zutenean, hainbat alegazio egin genituen horren harira. Garrantzi handia eman nahi genion Olabeaga eta Zorrotzaurre inguruetan portuko eta industriaren jarduerek izan zuten inportantziari.

Zein egoeratan daude elementu horiek guztiak?

Azken urteetan elementu asko galdu ditugu; esaterako, baliza asko, Zubizuritik Zorrotzaurrera bitartean. Eremu horretan portu izaera erabat galdu da; erreferentzia guztiak galdu dira. Dikeak zaharberritu dituzte. Industria jarduerak inguru horretan izan duen garrantziaren isla ez galtzea eskatzen dugu. Hala, Guggenheim eta Abandoibarrako eremuak berregituratuta galdu dugun guztiaz gain, etorkizunera begira etor daitekeenak kezkatzen gaitu. Eta hala jakinarazi diogu udalari. Plan orokorra aztertu behar duen bulego teknikora hainbat txosten bidali ditugu hondar horien guztien ondare eta kultur balioaren berri emateko.

Garrantzitsua ere bada itsasadarrak industrializazioarekin izan zuen lotura aipatzea.

Bai, gakoa da. Bilboren hirigintza berritze prozesuaren barruan azken urteetan zabaldu duten mezua ondokoa izan da: Bilbo itsasadarrari bizkarra emanda bizi izan dela beti, eta gaur egun hasi gatzaizkiola hari begira. Hori ez da egia. Guztiz kontrakoa da. Bilbo beti aritu da itsasadarrari begira. Gure arteria nagusia izan da. Hain zuzen, itsasadarrik gabe, Bilbo ez eze, Bizkaia zein Euskal Herria ez lirateke izango gaur egun direna, arlo ekonomiko, sozial, politiko zein sindikalari dagokienez. Meatzaritza, itsasoko eraikuntza eta siderurgia trinomioaren barruan itsasadarra giltzarria izan da garapen horretan guztian: meatzeetatik ateratako mineral guztia esportatu egiten zen; itsasadarraren bidez garraiatzen zen; bereziki, itsasotik; batez ere, Ingalaterra, Frantzia eta Belgikara. Herrialdeotatik bueltan zetozen ontziak lehengaiz beteta iristen ziren. Ikatza ekartzen zuten, gure labeetan erabiltzeko. Itsasadarra beti izan da oinarrizkoa, eta orain ere bada.

Olabeagakoa bezalako jarduerek eragina izango dute hiriaren historiaren transmisioan?

Bai, noski. Memorian eragina dute, erreferentziak galtzen ari garelako. Jakitun gara hiri guztiak garatu egin behar direla hirigintza alorrean. Hala ere, era honetako esku hartzeak gauzatu behar direnean, ondarea babesteko irizpideak ere kontuan hartzeko eskatu dugu. Nazioartean badaude hainbat esperientzia.