Sustraietara itzultzeko Ibilaldia

Sustraietara itzultzeko Ibilaldia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Besoak zabalik dago Durango. Milaka herritar hartzeko lanak eginda, prest. Ibilaldia du etzi. Bizkaiko Ikastolen urteroko festa handia, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolen eskutik. Aldaketa askorekin dator aurtengoa. Azken urteetan ikastolen aldeko jaialdiek “makrofestibal” itxura hartu dutela eta, buelta emateko premia sentitu dute antolatzaileek hausnarketa prozesu parte hartzaile baten ondoren. “Jatorrietara jotzeko beharra ikusi dugu; ikastolak sortu zireneko filosofiara itzultzekoa”, azaldu du Arkaitz Zarraga Kurutziaga ikastolako guraso eta Ibilaldiaren komunikazio taldeko kideak.

Etxera begira jarri dira horregatik antolatzaileak, eta “hurbilagoko zerbait” egin nahi dutela ondorioztatu dute. Parte hartzea sustatzen ahalegindu dira, eta agerian geratu da hori egitarauan ere: Durangaldeko sortzaileak izango dira nagusi Euskal Herriko talde handien aurrean.

Ikusleak baino gehiago, parte hartzaileak nahi ditu aurten Ibilaldiak. Horixe adierazten du leloak: Dagigun!. Ekintzara bideratutako leloa da; ekitera deitzen duena. “Ikastolak ere horrela sortu ziren. Eskola propioa nahi genuen, eta egin egin genuen geure neurrirako eskola eredua. Hori izan ziren ikastolak”, hausnartu du Zarragak. Gaur egun ere bide horri heldu behar zaiola uste du. Egin egin behar dela. Bai ikastolak indartzeko, eta bai euskara sustatzeko: “Euskaldun izan bai, baina euskararen alde egin behar dugu. Euskaldun gisa agertzeaz gain, euskaldun bezala jokatu behar dugu. Horretara dei egiten du Ibilaldiaren leloak”.

Elkar eragiteko

Bide horrek elkarlana du oinarrian, eta horretan sakontzen saiatu da Ibilaldia. Zer-nolako jai mota egin nahi zuten elkarrekin hausnartu eta erabakitzetik, egunaren egitura eta antolaketa osoraino. “Argi dago euskarak eta ikastolek aurrera egiteko denak garela beharrezkoak eta elkarlanean aritu behar dugula”. Hortaz, azken urteetan ikastolen aldeko jaialdietan egin izan den banaketa aldatzea erabaki dute. “Ez dugu oso logikoa ikusten adinaren araberako banaketa hori”.

Guneak bestela antolatu dituzte, beraz. “Umeek, helduek, zaharrek eta gazteek elkar eragin behar dute”. Eta, horretarako, elkarrekin egon behar dute. Ondorioz, bost guneetako bakoitzean adin guztietako lagunentzako ekitaldiak egongo dira oraingoan. Guneen banaketa bestelakoa izango da.

“Eraikitzeko aukera” egongo da Eraiki dagigun! gunean. Parte hartzea sustatzeko, eraikin handi bat egingo da kutxekin, bertaratzen diren guztien artean. Ibilaldiko abestiarekin koreografia bat prestatu, eta flashmob erraldoia ere egingo dute bertan. “Umeetatik hasi eta pertsonarik zaharrenera arteko guztiek izango dute lekua”.

Jolastu dagigun! gunean jolasa, dantza, kirolak eta kontzertuak izango dira nagusi. Gazteak erakarriko dituzten kontzertuak ere izango dira bertan —Hesian, esate baterako—, baina ez dela berez gazteengan espresuki pentsatutako gunea izango ohartarazi dute antolatzaileek. “Nahastea bilatu dugu”.

Gune sortzaileagoa izango da Sortu dagigun!: magia saioa eta zirku zein eskulan tailerrak izango dira bertan, besteak beste.

Hezi dagigun! gunean, Elhuyarrek prestatutako zientzia gunea eta oholtza partekatzeko ekitaldia dira deigarrienak.

Dastatu dagigun! gunean, berriz, pailazoak, jolasak eta karaokea egoteaz gain, herri bazkaria egingo da. Horixe da, hain zuzen, berrikuntzetako bat. Herri bazkaririk ez da izaten, normalean, ikastolen aldeko egunean. Oraingoan, ordea, jai handietako ohitura herrikoia berreskuratzeko apustua egin dute antolatzaileek.

Beste borroka baten erakusgarri ere izan nahi du bazkariak, gainera. Erabiliko diren elikagaiak bertokoak, sasoikoak eta ekologikoak izango dira. Kurutziagako jantokian egin duten iraultza erakutsi nahi dute horrela. Izan ere, jantokiaren eredua aldatu, eta Durangaldeko baserritar eta ekoizleen produktuekin landutako janari osasungarri eta ekologikoetara egin dute jauzi. Harro daude gurasoak pausoarekin, eta Euskal Herri osoari erakutsi nahi diote emaitza.

Herria bera ere goratu eta babestu nahi dute egun handian. “Durangoko herriak asko eman dio Ibilaldiari, eta hori bueltatzeko garaia dela iruditu zaigu”, azaldu du Zarragak. Horregatik pentsatu zuten milaka herritar jasotzen dituen ibilbidea “herrira hurbildu” behar zela. “Herria Euskal Herri osoari erakusteko, batetik, eta, bestetik, Ibilaldiak ekar ditzakeen onurak ere herrira gerturatzeko”. Ondorioz, ibilbidea landa eremuetan egin ordez, herrian bertan izango da etzi.

Sei kilometro izango ditu ibilbideak. “Baina ez da derrigor modu zirkularrean egin beharrekoa”, azaldu du Zarragak. Sei kilometroetan banatutako bost guneak barrualdetik lotzeko aukera izango da. Gune batetik bestera salto egin ahalko da, ibilbide osoa egin behar izan gabe.

Jai morea, erasorik gabea

Aurrekaria ezar lezakeen beste berrikuntza bat eragile moreena da. Jai parekidea, sanoa eta jarrera sexistarik gabea nahi du Ibilaldiak. Horren aldeko apustu garbia egin du. Berdintasunaren gaia espresuki landu du aurrez, parte hartze parekidea sustatu du, eta jarrera sexisten aurkako plangintza oso bat prestatu du.

Antolaketa horren barruan sortu du eragile moreen figura: peto moreekin egongo diren pertsonak, sexu eraso edo jarrera sexistarik ez dagoela zainduko dutenak. “Jaietan gozatzeko eskubidea denok dugula gogorarazi ere egingo dute, nolabait. Argi esan nahi dugu jarrera sexistak ez direla ongi etorriak”. Ideia berria da eragile moreena, baina antolatzaileei egokia irudituko litzaieke zabaldu eta bestelako jaietan ere erabiltzea.