“Irainak egunerokoak dira; azken erasoaren modukoak dira larriak”

Natalia Salazar Orbe

Bilbobuseko gidari eta diru biltzailea, eta ELAko ordezkaria da Rafael Otaolea (Bilbo, 1955). Autobus gidariek jasaten dituzten eraso etengabeen aurrean dagoen utzikeria salatu du.

Erabiltzaile batek eraso egin dio berriki autobus gidari bati. Zer gertatu da?

Eguerdi aldera gertatu zen erasoa. 58. linean ari da bera, eta Autonomia kaleko geralekuan zegoen, Zabalbururako bidean, Ertzaintzaren komisaria dagoen ertzean. Geralekuan bertan Bizkaibus eta Bilbobus bana zeuden. Bidaiari bat gerturatu zen, eta lankideak jakinarazi zion markesinara itzuli behar zuela, geratuta zeuden bi autobusak martxan hastekoak zirelako. Autobusa geralekutik kanpo dagoela erabiltzailea erori egiten bada, erantzukizuna gurea da. Itxuraz, erabiltzaileari ez zitzaion gustatu gidariak esandakoa. Autobusean sartu, eta, modu txarrean, bota egin zion dirua. Gidariak modu txarrak kritikatu zituen, eta erabiltzaileak eraso egin zion. Kolpeka hasi zitzaion, eta, liskarrean, errepidera erori ziren. Bidaiariek Ertzaintzari deitu zioten, eta ustezko erasotzailea bertan atxilotu zuten. Gure lankidea sudurretik odoletan zegoen. Betaurrekoak zituen, eta seinaleak geratu zitzaizkion aurpegian. Eskerrak ez zitzaion kristalik begian sartu! Ospitalera eraman behar izan zuten. Besoan ere min hartu zuen, eta uhala jarri zioten.

Nola bizi izan du berak egoera?

Mutualitatera jo zuen erasoa gertatu eta hurrengo astelehenean. Egin dioten txostenak dio hamabost egun igarotzerako lanera itzultzeko moduan izango dela, lesioak tarte horretan sendatuko zaizkiola. Zauri fisikoak sendatuko zaizkio, baina psikologikoki min handia egin dio erasoak, eta zauriok ez dira hain erraz eta azkar sendatuko.

Eraso gehiago izan dira azkenaldian garraio publikoetan. Hainbat salaketa jarri dituzte langileek. Zer ari da gertatzen?

Ahozko erasoak egunerokoak dira. Baita haurtxoen gurdiekaz izaten ditugun arazoak ere: espazio bat dago horiek uzteko; tolestu egin behar dira barruan umerik ez dagoenetan, baina jendeak ez du hori egiten… Udalak gogorarazi egin beharko lituzke arauak. Enpresa batzordeak kontzientziazio kanpaina bat egin dezala eskatu du behin eta berriz, gidariok zein erabiltzaileek gure eskubide eta betebeharrak jakiteko. Guk etengabe jasotzen ditugu erreklamazioak erabiltzaileak geralekuetan utzi ditugula esanez. Enpresak azalpenak eskatzen dizkigu. Eta, sarritan, ez dugu jakiten zer gertatzen den ere. Geraleku batetik ateratzen ari den autobusaren zenbakia hartzea erraza da erabiltzaileentzat, eta erreklamazioa egitea. Sarri asko, gu izaten gara errurik ez dugula erakutsi beharrean. Gure ustez, erreklamazioa egiten duenak frogatu beharko luke errudun garela.

Bestetik, gero eta emakume gehiago ari dira lanean autobus gidari. Behin-behinean ari dira beharrean, eta, sarri, zerbitzu bereziak egiten dituzte; besteak beste, Gautxori zerbitzuan ibiltzen dira, horrek dakarren guztiarekin: asteburu gauetan erabiltzaileen gehiegikeriak pairatzeko arrisku handiagoa izaten dute, eta, gainera, errazago iraintzen dituzte emakumeak gizonezkoak baino. Edozelan ere, hitzezko eraso eta irainak egunerokoak dira; azken erasoaren modukoak dira larriak.

Ahozko erasoak egunerokoak direla diozu. Eraso fisikoak gehitu egin dira?

Lehenago ere izan dira erasoak. Gertatzen dena da langileek askotan ez dutela bere burua salaketetan nahastuta ikusi nahi. Horrek badu arrazoi bat: enpresak eta udalak ez dute behar bezala parte hartzen. Bilbobusen jabea Bilboko Udala da, eta kontzesioduna, Alsa taldeko Biobide. Erasoen aurrean akusazio partikular gisa aurkeztu behar lukete. Orain, langileak bere kasa joan behar izaten du deklaratu eta salaketa jartzera, izen-abizenak utzi… Langile askok bere horretan uzten dituzte erasoak, halako saltsetan ez sartzearren. Gure ustez, zerbitzuaren jabe den udalak eta kontzesiodun enpresak bermatu behar dute gure segurtasuna eta osasuna; haien langileak gara. Ni neu isildu eta inorekin ez eztabaidatzen saiatzen naiz, nirekoikeria hutsagatik; gero egunero egon behar duzu erabiltzaile horiekin, eta bakarrik zaude. Guk nahi dugun bakarra gure zerbitzua gutxieneko errespetuarekin ematea da. Bi aldeetatik. Kexurik duenak erreklamazio orriak ditu.

Erasorik errepika ez dadin, benetako neurri eraginkorrak hartzeko esan diezue Bilbobusen kontzesioa duen enpresari eta Bilboko Udalari. Zein neurri zehatz eskatzen dituzue?

Guk, teorian, badugu erasoen aurrean ezarri beharreko protokolo bat. Gertatzen dena da ez dela ezartzen. Adibidez, udaleko Garraio sailarekin eta prebentzio ordezkariekin bilerak egitea sustatuko dela dio protokoloak. Hiru aldeak ez gara sekula bildu, eta udalarekin hiruzpalau hilean behin egoten gara. Urtean lau aldiz bilduta ez da ezer konpontzen. Guk eskaerak egiten ditugu, baina hor geratzen dira. Arazoak usteltzen uzten dira, lehenengo arazoa beste arazo batekin estaltzen da, gero beste batekin… Horrela okerrera besterik ezin da egin.

Nola berma daiteke zuen segurtasuna?

Jendaurrean lan egiten dugun Bilbobuseko langileen aurkako erasoak autoritatearen aurkako eraso gisa hartzeko proposatu dugu. Bartzelonan onartu dira horrelako kasuak, eta horrek kontu handiagoz ibiltzea ekarriko lukeela uste dut. Bestetik, egun, oso merke ateratzen zaio edonori autobus bat liskar batekin geldiaraztea. Horiei isunak jarriko balitzaizkie, hobeto pentsatuko lukete zer egin; poltsikoak denei eragiten digu. Ez duguna nahi da arrainontzi batean sartuta egotea. Duela hamabi bat urte, Bizkaibuseko lankide bati labankada sartu zioten, eta kristalezko manpara batzuk jarri zizkiguten. Atzerapena izan zen: distirak sortzen zituen, gidari askori klaustrofobia eragiten zien… Hori ez da irtenbidea.

Eta zein neurri gehiago har daitezke?

Berez, onartuta dauden neurriak erabili behar dira. Bideokamerak badaude, adibidez, baina asko ez dabiltza. Zapalgailu guztiak ere ez. Ezkerreko orpoaren azpian dugun botoi gorria da zapalgailua. Berez, hori zapaltzean gure atentziorako SAE zerbitzuan jo behar du alarmak. Orduan, autobusean gertatzen dena ikusteko aukera izango dute bideokamerek hartzen dutenaren bidez, eta, gertatzen denaren arabera, udaltzainei edo behar denari deitzeko beharra dute. Baina alarmarako zapalgailuak ez badabiltza, bideokamerak ere ez, eta SAE zerbitzua ere ez… Paperean idatzia dagoena ondo dago, baina errealitatea bestelakoa da. Baliabideak mantentzeak kostu bat dauka, eta aurreztea dute buruan. Erraza da eskatzen duguna: adostuta dauden neurriak praktikan jartzea.