Hegaldirako lehen bultzada

Hegaldirako lehen bultzada

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gero eta musika jaialdi gehiago dago Euskal Herrian. Eta Bizkaian ere, nabaria da musikaldiek izan duten goraldi hori. Mundaka Festibal, BBK Live, Sopela Kosta Fest, Getxoko Jazzaldia… Baina badirudi musikarekiko dagoen gosea aseezina dela, eta jaialdien zerrenda hori are gehiago handitu da aurtengoan. Izan ere, Kaiola festibala egingo dute bihar Galdakaon, estreinakoz. Nazioarteko hiru talde eta Euskal Herriko bi izango dira Torrezabal kultur etxearen oholtza gainean, 20:00etan hasita. Sarrera doakoa izango da, baina mugatua, 600 herritarrentzat baitu tokia Torrezabal aretoak. Hortaz, bihar musikaz gozatu nahi duena, bizkor joan dadila eserleku bila.

Ezohikoa da Galdakaon egingo den jaialdia. Hala azpimarratu du behin eta berriz Aritza Landaluze antolatzaileak. “Gaur egun musika jaialdi asko dago, eta horietako batzuk kromoen antzekoak dira. Errespetuz diot, baina, sarritan, identitate falta bat sumatu dut”. Gabezia ala hutsune horretatik abiatuta antolatu da Kaiola festibala, eta, horregatik, batere konbentzionalak ez diren musika taldeak aukeratu dituzte, bihar, oholtza gainera igotzeko. “Gauza ezberdinak entzuteko eta ikusteko aukera emango diegu herritarrei”, nabarmendu du. Japoniako Asuna, Kanadako Ora Cogan, AEBetako Oddateee eta Euskal Herriko Dual-Split eta Mursego taldeek egingo dute, zehazki, emanaldia. Askotariko musika estiloak eta ikuskizunak eskainiko dituzte, hortaz, bihar, Torrezabal kultur etxean.

Musikaz harago doan festa

Asuna izan du Landaluzek ahotan. Dioenez, talde japoniarrak egiten duen musika estiloak berak azaltzen du jaialdiaren izaera. “Asunak musika egiten du jostailuekin. Ez ditu abestiak sortzen; soinu mapa eta bidaia bitxi eta ikaragarriak egiten ditu”. Eta horregatik uste du Torrezabal aretoa egokia dela halako ikuskizunarentzat. “Aire zabalean egiten diren jaialdiek musikaren esentzia galdu egiten dute askotan, eta Kaiola festibalean parte hartuko duten artistetako batzuk ez ditut formatu horretan irudikatzen”. Giro intimoagoa sortuko dute bihar areto itxian, eta musikariak eta haiek sortutako soinuak jarriko dituzte erdigunean.

Aspaldidanik zuen Landaluzek herrian jaialdia antolatzeko ideia. Baina musika eta kontzeptu ezberdinekin egin nahi zuen musikaldia Galdakaon. “Nazioarteko musika taldeak hiri handietara eramaten dira normalean. Eta herrira ekartzeko saiakera hori egin nahi nuen”. Eta aipatu du Euskal Herrian egiten diren gainontzekoekin alderatuta, xumeagoa dela Kaiola festibala. “Hemen dauden musikaldi gehienak handiak izaten dira sorreratik, aurrekontu handia dutenak eta jende asko mugiarazten dutenak. Galdakaokoa apalagoa da, kontzeptu ezberdin batekin antolatzen dugu, eta askoz ere xumeagoa da antolaketa bera”. Horrek ere egiten du berezi.

Gauzak horrela, musika baino gehiago da biharko emanaldiekin helaraziko dena, antolatzailearen arabera. “Artistek eskainiko dituzten ikuskizunek arte, musika eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera ere ematen digute. Arte era ezberdinak erakusteko aukera ezin hobea izango da”. Eta ideia hori aintzat hartuta aukeratu dute jaialdiaren izena ere. Landaluzek azaldu du kaiolaren irudia zentzu metaforikoan jarri dutela. ” Kaiola festibalaren izen eta irudiarekin ulertarazi nahi izan dugu musikalki ez dizkiogula mugak jartzen jaialdiari. Gustu eta esparru askotara hedatzen garela, alegia. Jazz, hip hop edo musika mota zehatz batera mugatu baino, nahiago izan dugu soinu eta estiloen arteko koktel bat sortu. Hori izan da hasieratik izan dugun ideia. Entzun, ikusi eta dastatu daitekeen zerbait egin nahi dugu”.

Baina musikaz harago ere badoa jaialdiaren irudia, antolatzailearen arabera. Azaldu du, kaiolaren irudia ate ireki batekin ere irudikatzen dela maiz, eta herritarrei ate hori zeharkatzeko gonbita egin nahi die Kaiola festibalak. “Askatasunari egiten zaion keinu bat da. Gutako bakoitzak geure buruari jartzen dizkiogun muga horiek zeharkatzeko mezua, nolabait”.

Hutsetik abiatu dira jaialdia antolatzen Galdakaon, aldez aurretik ez baita horrelakorik izan herrian. Baina hasieratik harrera ona izan du egitasmoak. Hala azaldu du Landaluzek. Egitasmoa udalean aurkeztu bezain pronto, babesa eman diote Landaluzeri, eta laguntza jaialdia antolatzen.

Herritarren artean ere, ikusmin handia sortu du egitasmoak. “Atzerriko horrenbeste talde herrira etortzeak interesa piztu du, eta herritarren artean badago musikaldia zer-nolakoa izango den ikusteko jakingura”. Japoniako edo New Yorkeko artistek Galdakaoko kaleetan izateak balio handia du antolatzailearen arabera, eta herritarrek ulertu egin dute hori. Badu balio erantsi bat ekitaldiak herrian ere. Eta mezu hori zabaldu du udalak. Ehunka lagun espero da bihar herrian. Eta merkataritzarentzat eta, batez ere, ostalarientzat ere onuragarria izango da jaialdia horregatik.

Hasiera den musikaldia

Hasiera bat da aurtengoa. Baina asmoa dute urtetik urtera jaialdia antolatzen jarraitzekoa, Landaluzek azaldu duenez. “Ilusio handiz hasten den proiektua da. Gure lokomotor imajinarioari gure lehen soinu bagoia jarriko diogu, eta datorren urtean ezberdina den beste bat gehituko zaio horri. Jarraitzeko asmoa dugu. Tren hori bagoi gehiagorekin luzatu nahi dugu”. Badaki ez dela erraza izango, ordea. Aurtengoan areto itxian egin badute ere, datozen jaialdiak aire zabalean egiteko aukera aztertzen ari dira, esaterako. Eta horrek jaialdiaren izaera baldintzatu dezakeela iradoki du Landaluzek. “Ematen ditugun urratsetan oreka bilatu beharko dugu”. Oraingoz, biharkoari begira daude antolatzaileak. Atea ireki diote kaiolari, hegan egitea dagokie orain.