Elkartasun olatua itsasoratuz

Elkartasun olatua itsasoratuz

Natalia Salazar Orbe

Elkartasun Big-Banga leherrarazteko prest dago Txori Barrote konpartsa. Kaiolatik atera guran barroteei mokoka ageri den okil bat sinbolotzat duen konpartsak 30 urte bete ditu. Urteurren borobil horri zabalkundea emateko lehen mugarria jarriko dute bihar. Ospakizun nagusia Aste Nagusirako utzi dute, eta biharkoan, konpartsako kide guztiei aurkeztuko dizkiete asmoak. “Barrura begirako aurkezpena izango da”. Hala azaldu du Ibai Etxebarria kideak. Mac Onak taldeak egin dien kantua ezagutzera emango dute egun osoko jaialdian. Eguerdi aldera, kalejiran ibiliko dira, poteoan, Bilboko Zazpikaleetan. Elkarrekin bazkaldu ostean, festa Zazpi Katu gaztetxera eramango dute. Elkartasun Big Fest horretan “ezustekoak” egongo direla iragarri dute.

Azken urteek taldearen norabideari buruzko hausnarketa sakona egiteko beta eskaini diete. “Erabaki genuen mugaraino eraman behar genuela presoen eta senideen afera, jaien esparruan”. Hala, Txori Barrotek jaietan “elkartasunaren unibertsoa” izan behar zuela adostu zuten.

Metafora eder batek ulerterraz bihurtzen du xedea: “Unibertsoan badaude denetariko forma eta izaera duten elementuak: planetak, ilargia, izarrak… Batzuk geldi daude; beste batzuk mugitu egiten dira; batzuk besteen orbitan ari dira; batzuek asko irauten dute; beste batzuek gutxi… Jaietan elkartasun mota guztiak bildu behar ditugula zabaldu gura dugu: handiak, txikiak, indartsuak, ahulagoak, laburrak, luzeak… Denek barnera dezaten bakoitzak ahal duen neurriko ekarpena egin behar duela”.

Aurten jauzi bat egin dute eta Big-Banga planteatu dute. “Azken lauzpabost urteotan konpartsaren nukleoa gorpuztu dugu, eta orain, zabaldu egin behar dugu infinitura: zartarazi. Big-Bang teoriak dio unibertsoa etengabe ari dela zabaltzen, eta guk ere horri heldu gura diogu”.

Luzera begirako prozesua

Herri mugimendutik sortuta, presoen senide eta lagunen konpartsa eratu zuten Txori Barroteren inguruan. Iaz abiatu zuten norabideak jarraipena izango du, Elkartasun Big-Banga lelo gisa izendatu dutenari jarraiki: “Jauzi kualitatibo bat egin gura genuen, presoak jaietan, objektu huts ez, bazik eta subjektu izan zitezen, eta parte har zezaten: elkarrekintza sortu haiekin”. Argi dute luzera begirako prozesua izango dela.

1986a zen konpartsa sortu zutenean. Giro nahasi samarra zegoen Euskal Herrian. “Amnistiaren aldeko mugimenduaren aldetik sortu zen, presoen eskubideen aldeko aldarria egiteko”. Konpartsen herri mugimenduan presente egon gura zuten.

Gorabeheraz betetako bidea

Ibilbide oparoa baina gorabeheraz betea izan du Txori Barrotek. “Parte hartzeari eta antolakuntzari dagokienez, izan dira aldaketak”. Hala ere, bereziki, historia garaikideari erreparatuta nabarmendu beharreko jazoera batzuk ekarri ditu gogora Etxebarriak: “Hainbat eraso pairatu ditugu, batez ere azken hamarkadan. Jai eremura behin baino gehiagotan sartu da Polizia; bereziki, gure txosnara. Kausa bat baino gehiago izan dugu zabalik Auzitegi Nazionalean”.

Terrorismoari gorazarre egitea leporatu zieten txosnetan presoen argazkiak jarri zituztelako. 2010a zen. “Gero sententziak ebatzi zuen argazki horiek jartzea terrorismoari gorazarre egitea zela, baina ezin zitekeela argitu nork jarri zituen”. Hala, azkenean, ez zuten inor zigortu.

Bilboko Udalak zigorra jarria zien ordurako, ordea. Terrorismoaren biktimak umiliatu eta mindu zituztela iritzi zion, eta udalak, jaietarako aurrez egina zuen ordenantza urratzen zuela argudiatuta, txosna jartzeko debekua ezarri zien. “Prozedura zabalik zegoen oraindik, eta ez zegoen epairik, ezta behin-behineko neurririk ere”. Hala, salatu dute udalak “arbitrarioki” erabaki zuela bi urteko zigorra ezartzea, “inolako prozedura administratibotan oinarritu gabe”.

Ezinegona sortu zuen beste gertaera batek ere 2013. urtean. Konpartsen Federazioak Txori Barroteko kide Jone Artola izendatu zuen txupinera, baina ez zioten utzi betetzen kargu hori, modu ofizialean bederen.

Oztopoak oztopo, Txori Barrotek, gainerako konpartsen antzera, buru-belarri jarraituko du lanean datozen urteetan ere. Izan ere, jakin badakite kutsu berezia ematen dietela eragileok jaiei eta Bilbori. “Jaiak herritik herriarentzako antolatzen ditugu. Betiko kontsumo jai eredutik harago, eredu parte hartzaileagoa eskaintzen dugu”.