“Gizarte eredu bat planifikatzen ari dira”

“Gizarte eredu bat planifikatzen ari dira”

N. S. O.

Heziberrik, LOMCE planaren aplikazioari jarraituta, umeen etorkizuna txikitatik markatuko duela sinetsita dago Eneko Espeja (Bilbo, 1981). Azterketak Lanbide Hezkuntzara edo Batxilergora bideratzeko modua direla deritzo. Uste du gizarte osoari dagokiola eredu horren aurka borrokatzea.

Zergatik ez duzu nahi zure seme-alabek hirugarren eta seigarren mailako azterketak egin behar izatea?

Badirudi azterketa dela arazoaren ardatza. LOMCE eta Heziberri planek daukaten eragina ez da mugatzen soilik horretara. Zer-nolako hezkuntza eredua ekarriko duten da gakoa: zeri ematen dioten lehentasuna, nola ebaluatzen duten, zer nahi duten umeek jakitea… Azken batean, oso txikitatik markatuko dituzte nortzuk izan daitezkeen ikasle onak eta nortzuk txarrak, eta hortik banaketa moduko bat egingo dute. Zer-nolako gizarte eredurako ari gara prestatzen umeak? Hori da gakoa.

Oso txikitatik markatuko dute umeak eskulan merkea edo goi mailako ikasketadun profesionalak izango diren. Azterketa hutsera mugatutakoa baino askoz zabalagoa da protesta. Gurasook kritikatzen duguna da azterketa nork, noiz, nola, zertarako eta zein testuingurutan planteatzen duen.

Zergatik diozue ikasleak txikitatik markatuko dituztela?

Diotenez, diagnosi moduko bat egin nahi dute seigarren mailako azterketarekin. Diagnosi hutsetik harago doala uste dugu. Ikasleek dituzten noten arabera, DBHn matematika ikasgaia aplikatua edo akademikoa izango dute. Badirudi, nahiz eta argi ez dagoen, aplikatua egiteak zuzenean daramala umea Lanbide Heziketara eta ez Batxilergora.

Hala ere, informazio gutxi daukagu. Eta egun batetik bestera gauza desberdinak esaten dituzte. Azterketa barne froga bat besterik ez balitz, barne diagnosiak egiteko, ondo ikusiko genuke. Baina ez dakigu zein erabilera izango duen. Uste dugu ikasleak markatu egingo dituztela. Hirugarren edo seigarren mailan egin dezaketen azterketa batek oso arrasto gutxi eman dezake ikasle bat aurrera begirako proiekzioetan sailkatzeko.

Zer-nolako informazioa helarazi dizue Jaurlaritzak?

Ezer ez. Heziberriren dekretuetako asko oraindik tramitatzen ari dira, eta ikasturtea bukatzear da. Iristen zaizkigun mezuak kontrajarriak dira: azterketa egingo dela, ez dela egingo… Komunikabideek argitaratu dute DBHko laugarren mailako proba derrigorrezkoa izango dela titulua eskuratzeko, baina suspendituz gero ez dagoela aukerarik ikasturtea errepikatzeko eta titulua eskuratzeko. Horiekin zer gertatuko den ez dakigu. Informazio guztia kontu handiz hartu behar dugu.

Aitzindariak izan zineten azterketaren aurrean planto egiteko erabakia hartzean. Erraza izan da hori egitea, zeintzuk ondorio izango dituen jakin gabe?

Ezinegon hori badago irakasleen eta gurasoen artean, baita gizartean ere. Ez zegoen batere argi nola eman forma borroka horri. Hezkuntza Plataformen Topagunea badago. Araba inguruan eta Ezkerraldean ekimen asko zeuden abian. Interneten ideiak ikusteko aukera zabala zegoen. Ikusi genuen bazegoela ezinegon hori nondik bideratu. Hezkuntza Sailak ez zuenez ematen argibide askorik eta irakasleek ez zekitenez zer egin zezaketen, guraso moduan erabaki genuen ekimen sinboliko bat egitea: baimenik ez ematea gure seme-alabei proba hori egiteko. Oihartzun handia izan zuen, eta kutsatu egin da inguruko eskoletan eta Euskal Herri osoan. Jende asko elkartu gara, esparru askotakoak. Kezka handiz ikusten dugu hau. Santutxuko ekitaldian ere bertako hainbat elkarte eta eragilek parte hartu zuten. Kezkak gizarte osoarena izan behar duela uste dugu. Hainbat ikastetxetako guraso elkarteek deitu ziguten eurenera joateko eskatzeko, bidea zelan egin dugun azaltzeko. Guk hori egin aurretik ere Santutxura etorri ziren Gasteiz eta Amurrio inguruko plataformetako kideak beraien esperientziak kontatzera. Sare moduko bat sortzen joan zen.

Badaukazue Bilbo eta Bizkaiko beste taldeekin harremanik?

Bai. Azaroan bilera bat egin genuen Karmelo ikastolako eta Briñas ikastetxeko lantaldeek bat eginda. Bilbo inguruko beste eskolei deialdia egin genien. Gabriel Arestiko, Atxuriko zein Deustuko ikastetxeren bateko gurasoak etorri ziren. Beste eskoletako lantaldeetako jendea ere etorri zen ikasturte hau zelan ikusten genuen hausnartzeko.

Badakizue aurten azterketa egitea derrigorrezkoa den?

Ez. Iristen den informazioa ez da oso argia. Irizpideak aldatzen ari dira, eta ez dakigu ezer ziur. Dena hauteskundeei begira egiten dute; beraz, auskalo.

Ezinegona sortzen dizue egoera horrek?

Bai, eta haserrea. Gure seme-alaben hezkuntza ez eze, gizarte eredu bat planifikatzen ari dira. Hala, gizarte osoak daukagu zeresana. Iruditzen zaigu tontotzat hartzen gaituztela. Aprobetxatzen dituzte data zehatzak, oporraldi hasierak, esaterako, dekretuak eta antzekoak argitaratzeko.

Hezkuntza denen ardura dela transmititu zenuten ostiraleko ekitaldian.

Hau ez da aurten hirugarren edo seigarren mailako ikasleen gurasoak direnen arazoa. Ume guztiena, guraso guztiena, ikastetxe guztiena, gizarte osoaren arazoa da. Hori da jaialdian islatu gura genuena: auzoa, osotasunean, proiektu honen kontra dagoela. Herritar orok kontziente izan behar du denoi egokitu zaigula gizarte hau aurrera ateratzea. Urte hauek era honetako afera batekin galtzea oso larria da. Denok egin dezakegu ahalegina. Izan ere, Heziberri aurrera eramaten bada, nabarituko da gizarteko maila guztietan. Horri aurrea hartu behar zaio. Eta informazioa exijitu behar da. Azal diezagutela dena, argi eta garbi.