53 ikastetxek planto egingo diote Heziberriren probari, “atzerakoia delako”

53 ikastetxek planto egingo diote Heziberriren probari, “atzerakoia delako”

Natalia Salazar Orbe

Ikaskuntza prozesuaren egoera ezagutu, eta emaitzetan oinarrituta berau hobetzeko plana egitea du helburu Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketak. Hala zehaztu du Hezkuntza Sailak. Egoera hori ahalik eta azkarren diagnostikatzea eta behar diren neurriak hartzea du xede. Hala, Heziberri planaren eredu pedagogikoaren markoak Lehen Hezkuntzaren etapa erdian barne-ebaluazio diagnostikoa egitea aurreikusten du. Guraso eta hezkuntza komunitateko agente asko ez datoz bat irizpide horiekin. Besteak beste, helburua ikastetxeen rankinga egitea dela uste dute. LOMCE lege organikoaren inposiziotzat jo dute, gainera. Hala, azterketon aurka planto egin dute. Bizkaian 53 ikastetxek hartu dute erabaki hori, oraingoz.

Joan den ostiralean aldarrikapen festa egin zuten Santutxun, Luis Briñas ikastetxeko eta Karmelo ikastolako hezkuntza komunitateak eta auzoko hainbat eragilek antolatuta. LOMCEren legea “inposizio hutsa” dela salatu zuten. “Atzerakoia da. Euskararen eta ikasleen aukera berdintasunaren kontrakoa da. Sexista da. Eta hezkuntzaren pribatizazioa du helburu”. Eta Heziberri gauza bera dela diote: “LOMCEren euskal aplikazioa”.

Hainbat ikastetxetan ezinegona sortu dute proiektuak eta azterketak. Pedagogikoki atzerapauso izugarritzat jo du Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Herrietan azken urteetan sortu diren plataformen topagunea da. Ikoitz Arrese bertako kidea da. Ikasturte osoan irakasleek ikaslearen gainean egiten duten jarraipena jo du ebaluazio bide egokientzat. “Hori nahikoa izan da orain arte ikasleon gaitasunak neurtzeko, ondo doazen ebazteko edo hobetu beharrekoak aurkitzeko”. Hala, ikasturte bateko lan guztia egun bakar batera mugatzea kritikatu du.

8 urteko ikasleentzako proba da. Adin horretako haurrei denbora mugatuan bukatu behar duten azterketa bat egiteak urduritasuna sor diezaiekeela uste du. “Oso goiz da eurentzat”.

LOMCEren inposiziotzat dute Eusko Jaurlaritzak Heziberri barneko proba gisa aurkeztu duen azterketa. “Jaurlaritzak LOMCEren aplikazioa egin behar izan du, eta aplikazio horri Heziberri deitu dio”. Batak eta besteak jasotako azterketek eduki berak dituzte: matematika, zientziak eta irakurmena eta idazmena baloratuko dituzte.

Orain artean, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan egiten zuen antzeko proba diagnostiko bat Jaurlaritzak, bi urtean behin. Ikastetxeek eurek egiten zuten proba, eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) diseinatzen zuen. “Hori bai, hori erabili izan da hobekuntza planak egiteko. Gu ez gaude ebaluazio diagnostikoen kontra”. Duela hilabete inguru argitaratu ziren iaz egin zuten probaren emaitzak. “Azken zazpi urteetako euskara gaitasunik txarrena erakutsi dute. Ebaluazio diagnostiko horrek ematen dituen adierazleek erakutsi dute euskarari dagokionez askoz inplikazio handiagoa behar dela”. Emaitzok baliagarriak izan arren, pedagogikoki “astakeriatzat” jo du proba hori hirugarren mailara aurreratzea.

Laugarren mailako azterketa ez da desagertuko, gainera. “Hala ere, jarraitzen dute justifikatzen helburu berberak dituztela batak eta besteak. Beraz, ez dago zalantzarik, LOMCEren araberako proba bat da”.

Seigarrenekoa, atzeratuta

Lehen Hezkuntzako zikloa bukatzean ere azterketa bat aurreikusten du Heziberrik, seigarren mailan. Aurten ez dute ezarri, baina litekeena da iaz hirugarren mailakoarekin egin zutenaren antzera proba batzuk egitea. Hala ere, oraingoz ez dute horrelakoen berri. Behin martxan jarrita, ikastetxe guztiek egin beharko dute.

Ikastetxetik kanpoko adituek diseinatuko dute, eta ikastetxetik kanpoko irakasleek zuzenduko dituzte azterketak. Lehen Hezkuntzako etapa ebaluatzeko proba gisa aurkeztu dute. Hala ere, ikastetxeak sailkatzeko modu bat izango dela sinetsita dago Arrese. “Ikastetxeak onen eta txarren artean sailkatuko ditu”. Ikasleek azterketan ateratako emaitzak ez dituzte jakinaraziko; bai, ordea, ikastetxeenak. “Jakina da ikastetxeen emaitzak rankingak egiteko erabiltzen direla. Berba horrek konnotazio txarra du, baina errealitatea da”. Datu horiek ghettoak sorraraziko dituztela deritzote; ikastetxe batzuk estigmatizatuko dituztela, alegia. “Zoritxarrez, ikastetxe horiek beti egongo dira inguru sozioekonomiko txarrenetan”.

Irakasleek eman beharreko gaiak zentralizatzeko nahia ere badago proba horien atzean. Madrilgo Hezkuntza Ministerioak zehaztu behar ditu seigarren mailako azterketa prestatzeko eta zuzentzeko irizpideak. Legea onartu zuen PP alderdiaren eta LOMCEren beraren logikari jarraiki, zentzua dauka horrek. “Eduki berberak eman gura dituzte-eta estatu osoan. Horretarako erabiltzen dute, azken batean, azterketa hau: ziurtatzeko ikasleek eduki horiek barneratu dituztela. Ikastetxe barruan irakasleek egiten dutena berdin dio LOMCEri, jakin badakitelako ziklo amaierako azterketan berak ezarritako edukiak baloratuko direla”. Heziberrik antzera jokatzen du: “Autonomia ematen die irakasleei, baina autonomia horrek ez du ezertarako balio etapa amaieran azterketa horiek izango baditugu”.

Informazio kontrajarria

Hezkuntza Saila lanean ari da ahalik eta ikastetxe gehienek egin dezaten hirugarren mailako azterketa. Hala ere, mezu kontrajarriak helarazi dizkiete. “Duela zenbait hilabete iritsi zen jakinarazpenaren arabera, ikastetxe bakoitzak erabaki ahalko zuen azterketa egin ala ez”. Azken asteetan iritzi hori aldatu egin da, eta hiru aukera zabaldu dizkie zentroei: ISEIk egindako ereduari jarraitu, eredu hori egokitu edo eredu propioa egitea.

Hala ere, gero eta ikastetxe gehiago dira azterketari planto egingo diotenak. Batez ere, ikastolak eta ikastetxe publikoak dira. “Kristau eskolak Heziberri proiektuaren alde agertu dira; beraz, hark markatutako azterketa horiek egingo dituzte”. Ikastolen elkarteak askatasuna eman dio zentro bakoitzari azterketa egin ala ez erabakitzeko.

Maiatzaren 2an hasi zen, modu ofizialean, probok egiteko epea. Hilaren 27rako zuzenduta egon behar dute azterketa guztiek. Santutxuko Luis Briñas ikastetxea eta Karmelo ikastola aitzindariak izan ziren probari plantoa adierazteko orduan. Aurten ere irmo eutsiko diote, eta hala erakutsi zuten ostiraleko ekitaldian. Denen artean eztabaidatu eta adostuko den hezkuntza sistema propioa aldarrikatu dute.