San Frantzisko zenaren oinak

San Frantzisko zenaren oinak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Lur azpian egon dira urte luzeetan. Ilunpetan, ezkutuan. 2007. urtean aurkitu zituzten lehen arrastoak, aparkaleku bat egiteko lanak hasi zituztenean. Arrastoen garrantziaz ohartu, eta geldiarazi egin zituzten lanak; bertan behera utzi zen aparkalekua egiteko proiektua. Orain, argia ikusi dute arrastoek. San Frantzisko auzoari izen eman zion frantziskotarren komentuaren oinarriak ikusgai daude: XV. mendeko eraikuntzaren aztarnak.

Handia da eliza zenaren orubea. Habearte nagusia 13 metro zabal eta 60 bat luze zen. Alde banatan, sei kapera zituen. Klaustro handia, 20 x 20 metrokoa. Hirugarrendar bat ere bazuen elizaren eraikinaren ondoan, eta, kanpoan zegoen arren, komentuaren zati zen. Bestelako gelak ere bazituen. Guztira, 2.000 metro koadroko azalera.

Eraikin osoaren %70 edo 80 azaleratu dela dio Mikel Neirak, arrastoak lehengoratzeko lanetan aritu den arkeologoak, eta aztarnak oso egoera onean daudela: “Guneak ondo bereizita daude: eraikina zenetik paseatu daiteke, eta gelen barruan sartu. Ondo ikusten da zer zen”. Kontserbazio on horrek eta kaleari zein auzo osoari izen eman zion jatorria izateak bereziki garrantzitsua egiten du aurkikuntza, Neiraren esanetan.

Bilboko familia aberats batek lurrak frantziskotarrei eman ondoren, 1475. urtean hasi ziren eraikitzen komentu gotikoa. 30 urte baino gehiagoko lanen ondoren, 1506an inauguratu zuten. XVII. mendeko dokumentazioaren arabera, 300 apaiz ere egon ziren bertan, garairik onenean. XIX. mende erdialdean, ordea, ez ziren 30era iristen. Abadeek gune batzuk erabiltzen zituzten, baina beste batzuk hutsik geratu ziren, eta oso bestelako erabilerak izan zituzten horiek: gerra karlistetan, komentuaren zenbait gela sukalde gisa erabili zituzten, eta zalditeriarentzat ere bai. Are: berunezko balak egiteko labea ere aurkitu dute arkeologoek.

Militarren kuartela

1850. urtean, komentuko gastuei aurre egin ezinik, eraikina desegin zuten frantziskotarrek. Eta, 15 urtera, beste erabilera bat hartu zuten lurrek: Don Alfontso Printzearen kuartel militarra eraiki zuten San Frantzisko komentuaren hondakinen gainean. 1875ean zabaldu zuten kuartela, eta udaltzainak joan ziren bertara. 1930. urtera arte egon ziren Mariaren Bihotzeko plazako eraikinean, Garellanora joan ziren arte.

Lehen komentu hartako arrastoak, hala ere, ondo mantendu dira. Izan ere, XIX. mendean ez zegoen lurrak lisatu edo hondakinak eramatea errazteko makineriarik. Ondorioz, errazagoa zen aurrez zeuden eraikinak maila batera arte botatzea eta hondakin haien gainean berriro eraikitzea. Eta egoera bitxiak utzi ditu horrek: frantziskotarren komentuaren arrastoak baino gorago ageri dira kuartelaren harresiaren eta bestelakoen aztarnak.

Egungo Mariaren Bihotza plaza ere, orduko elizaren oinarria baino bost metro gorago dago eraikia; alegia, zorua askoz beherago zegoen lehen, eta gorago eraman izan da eraitsitako eraikinen gainean eraikitzearen ondorioz. “Kasu honetan, asko igo da zoruaren maila: bost metro 150 urtean”, dio Neirak. “Zazpikaleekiko lotura askoz zuzenagoa zen lehen”.

Etorkizunari begira

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak aste honetan inauguratu du 450.000 euroko aurrekontua izan duen berreskuratze eta estaltze lanen emaitza. Zorutik bost metro behera geratzen den gunea bisitatzeko modua izateko atondu dute, eta beirazko teilatua jarri diote. Eguzkiak argiztatzen du horrela eremua, baina zakarretatik eta euritik babestuta egongo da. Baita herritarrengandik ere.

Izan ere, udalak ez du oraindik erabaki nola emango duen azaleratutako gunea ikusteko aukera. Oraingoz, taldekako bisita gidatuei zabalduko zaie eremua, eta plazaren beste aldean dagoen Berreginen Museoak kudeatuko du hori.

Baina bestelako erabilerak ere ematea aztertzen ari dela jakinarazi du alkateak, eta hainbat ideiari forma ematen ari dela: “kontzertu bat, performanceren bat edo bestelako ekitaldiak” arrasto arkeologikoen eremuan bertan egiteko aukera mahaigaineratu du.