Abisuaren hotsa berriz piztuta

Abisuaren hotsa berriz piztuta

Oihana Cabello

Orain hamar urte, Astra Unceta y Cia enpresako teilatuan zegoen sirena jaitsi zuten Gernika-Lumoko lau gaztek. Orain jakin dute dagoeneko eraitsita dagoen fabrika hartatik atera zuten sirena izan zela 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioaren aire erasoaren abisua eman zuena. Sabadelleko Historia Museoaren lankidetzari esker egiaztatu dute Sabadelleko La Electricidad enpresak fabrikatutakoa dela, 1936eko abendua baino lehen.

Astra arma lantegia okupatu zuten herriko gazteek 2005eko abenduan, eta, handik hilabete batzuetara, teilatuan zegoen sirena hura berreskuratu behar zutela erabaki zuten Aritz Jauregik, Antxon Gorriñok, Axular Aranak eta Urko Fernandezek. Pentsatu eta egin. “Astra okupatu genuenok argi genuen enpresan zeuden balio historikodun gauzak gorde egin behar zirela”, diote. Astrako teilatuan zegoen sirena bonbardaketa sasoikoa izan zitekeela jakin zuten, Gernikazarra Historia Taldeari esker. Gogoan dute bat-bateko gauza izan zela: “Garagardo batzuk hartzen ari ginela komentatu genuen sirena hori berreskuratu beharko genukeela, eta, momentuan, gehiago pentsatu gabe, enpresa zaharrera sartzea erabaki genuen”.

Ez zen lan erraza izan. Lauretako batek zaintzailea zaintzen zuen bitartean, beste hirurek teilatura heltzea lortu zuten. “Ordubete eman genuen enpresa barruan bueltaka, teilatura nondik igo ez genekielako. Azkenean, teilatura joateko tranpala aurkitu genuen, eta handik igo ginen”. Sirena askatzeak lan handia eman zien, eta teilatutik jaisteak are handiagoa, pisutsua delako; 40 kilo inguru izango ditu.

Sirena konpondu

Astratik atera zutenean sirena egoera oso txarrean zegoela gogoan dute. “Herdoilduta zegoen, eta ezinezkoa zen egoera horretan martxan jartzea”. Hala, lagun batekin harremanetan jarri, eta berak hartu zuen konpontzearen ardura.

Javier Fernandezek Muxikako Inama enpresan lan egiten zuen sasoi hartan, eta sirena hara eramatea erabaki zuen. Bere nagusia zen Jon Mikel Gainzarekin hitz egin, eta, haren eta Manu Zendagortaren laguntzarekin, sirena konpontzeko lanetan hasi ziren. Eginbehar horretan, Gernikako Caldereria Calguer enpresaren laguntza ere izan zuten. Azkenean, sirena leheneratzea eta berriro martxan jartzea lortu zuten. “Gogoan dut probatu genuen momentua: langileei abisatu gabe jarri genuen martxan, eta produkzioa eten egin zuten, alarmaren batek jo zuelakoan”, dio Fernandezek.

Sirena konponduta, hurrengo urtean —2007an— Astrako teilatuan jarri zuten, eta bonbardaketaren urteurren horretan gerra garaiko sirena hori entzun zen berriro Gernika-Lumon.

Duela 18 bat urte hasi zen Gernika Batzordea bonbardaketa egunean sirena jartzen; Maier lantegiko sirena zaharra, hain zuzen. 2007tik aurrera, ordea, bi dira Gernika-Lumon entzuten diren sirenak.

Lobak egitasmoko kideei esker, gainera, Astrako sirena zaharrak berezko itxura berreskuratu du. Sabadelleko Historia Museoko ikerlariek aurkitutako plano eta argazki zaharren artean dago Gernikako sirenarena. Fernandezek azaldu duenez, argazki horregatik jakin ahal izan dute sirena nolakoa zen, eta Bengozarra enpresak egin du falta zitzaion kono itxurako kapela.

Sabadellen beste bat

Dena den, Gernikako sirena gerra garaikoa dela ez da istorio honek eman duen ezusteko bakarra. Izan ere, ikerketen ondorioz jakin dute Sabadelleko udaletxeko teilatuan dagoen sirena ere garai hartakoa dela. Sabadelleko Historia Museoko teknikari Gines Ribek esan bezala, egun esanguratsuetan, alderdi politikoen bilkuretan eta beste zenbait ekitalditan jotzen duen sirena da, “betidanik hirian entzun izan dena”. Ribek bazekien udaletxean sirena bat dagoela, eta teilatura igotzea erabaki zuen, nolakoa zen ikusteko. Gero, hari buruz ikertzen hasi ziren. “Gernikako sirenari buruz ari ginela, artxiboko kide bati bururatu zitzaion Sabadelleko udaletxeko dokumentuen artean arakatzea, ea inoiz sirenarik erosi den lekukotasunik zegoen”.

36ko gerrako espediente bat aurkitu zuen, eta ikertu ondoren baieztatu dute Sabadelleko udaletxean dagoen sirena hori 1937an erosi zutela eta Sabadelleko herritarrei bonbardaketa arriskuen abisua eman ziela hainbatetan; baita 1939. urtean Sabadell hiriaren irteera bonbardatu zutenean ere.

Urtero sirena piztu

Sirena horiek berreskuratzearen prozesuaren berri bisita gidatu batean eman zuten Astran, apirilaren 30ean. Astrako babeslekuan hasita, bonbardaketa egunean bunker horrek eta Talleres de Guernica enpresan zegoen beste babesleku batek inguruko fabriketako langileei babesa eman ziela kontatu zuen Gernikazarra Historia Taldeko Jose Angel Etxaniz Txato-k.

Astra eraikinean amaitu zuten bisita. Han azaldu zuen Lobak egitasmoko kide Oier Plazak beraien asmoa dela urteurren bakoitzean gerrarekin sinbologiaren batekin lotura dutenek piztea Astrako sirena zaharra. Hala, 1937ko bonbardaketaren egunean sirena jo zuen Antonio Foruriaren seme Jose Luis Foruriak piztu zuen sirena iaz. Hain zuzen, haren alaba Idoia Foruriak Gernikazarrako kide Txato Etxanizengana jo zuen iaz, bonbardaketan sirena piztu zuena bere aitona izan zela esanez. “Antonio Foruriari buruz ez dakigu askorik”, dio Plazak. “Astrako atezaina zen, eta enpresa ondoan zegoen etxe batean bizi zen. Bonbardaketaren ostean, Santurtzira alde egin zuen, eta, handik egun batzuetara Gernikara bueltatu zenean, lanetik kanporatu egin zuten, lanpostua uzteagatik. Bere etxea ere beste pertsona batzuek okupatu zuten, eta ezin izan zuen berreskuratu. Ondoren, Talleres de Guernican hasi zen lanean”.

Aurten, Siriatik heldutako bi lagunek piztu dute sirena bonbardaketaren urteurrenaren egunean. Gainera, lehenengo aldiz, Astran dagoen babesleku barrutik bertatik piztu dute. Yahia Koddo eta Ruba Hassan dira bi siriar horiek, eta beraientzat esperientzia oso berezia izan dela adierazi dute: “Batez ere, siriarrengan izan dugu pentsamendua. Han ez dago abisua ematen duen sirenarik, jendeak babesa bila dezan”.

Bonbardaketa bizi izan zuten gernikarrak ere izan zituzten gogoan sirena piztean. “Zein zaila izan behar duen gaur egun oraindik une hori berriro gogoratzeak”, zioten. “Sirian edo hemen, bonbardaketen uneak presente ditugu oraindik. Azken finean, gizakia delako sufritzen duena, han eta hemen”.