Goi mailako musika, eskura

Goi mailako musika, eskura

Natalia Salazar Orbe

Basaurira kalitatezko musika zikloa eramateko helburuz sortu zen MAZ jaialdia, eta iritsi da, beste urtebetez. Bosgarren aldia du aurtengoa. Eta hasieran zuen ilusioz ez eze, esperientziak emandako indarrez lurreratuko da gaur. Lau egunez Euskal Herriko eta nazioarteko artistek hartuko dituzte herriko kaleak eta Social antzokia.

Nabarmentzeko hainbat ikuskizunek osatzen dute aurtengo egitaraua. Gaurkoan nazioarteko hiru artista handi ariko dira Social antzokian: The Long Ryders, The James Hunter Six eta Dan Stuart. Ikuskizun nagusia euren eskutik dator. Hala azaldu du Ibai Villapun MAZ Basauriko komunikazio arduradunak: “Lehen aldiz goi mailako kartel hirukoitza daukagu. Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra gurean egingo dute, gainera”.

Lehenengoa 1980ko hamarkadan Los Angelesen sortutako Paisley Underground soinuaren ordezkari esanguratsuenetakoen taldea da. Final Wild Songs izeneko lana argitaratu berri dute, eta taldearen formazio klasikoarekin aurkeztuko dute kontzertuan.

Bestalde, munduko soul eta rhythm and blues musikari interesgarrienetako gisa definitu dute James Hunter. Hold on! lan berria aurkeztuko du The James Hunter Six bere taldearekin batera.

Dan Stuartek Green on Red taldea sortu zuen 1980ko hamarkadan. Post-punk eta alt-country estiloak lantzen zituen bertan. Basaurira bakarka eta akustikoan aurkeztuko duen kontzertuarekin iritsiko da.

Nazioartean ospetsu egin diren taldeez gain, kalean edonoren esku jarriko dituzten saioek ere indar handia hartuko dute aurten. “Gero eta izen gehiago eta gero eta potoloagoak agertzen dira egitarau horren barruan”. Sonic Trash, Rubia eta Joseba Irazoki eta Lagunak azpimarratu ditu, besteak beste.

Ikusle batzuk eta besteak desberdindu beharraz jabetu dira MAZ Basauriko antolatzaileak. “Kaleko publikoak ez dauka zerikusirik antzokiko publikoarekin. Askotan, bertatik pasatzen den edozein herritar izaten da emanaldia ikustera geratzen dena, eta horrek balio handia dauka guretzat”.

Rock estiloak publiko zabalagoa behar du gaur egun iraun nahi badu. “Eta doako kontzertuok, askotan, hasiera batean inongo interesik ez zuen publiko baten arreta bereganatzeko gaitasuna izaten dute”. Izan ere, kontzertuak jende asko ibiltzen den kaleetan jartzen dituzte. “Musikariak publiko horrengana gerturatzen ditugu; ez alderantziz”.

Bertakoei lekua

Euskal Herriko doinu eta taldeek leku handia hartuko dute MAZ Basaurin. Gasteiztik Moonshine Wagon iritsiko da. Folk, hillbilly eta bluegrass estiloak lantzen ditu hirukoteak. We Are Standard ziren getxoztarrak WAS gisa eraldatuta agertuko dira agertoki gainean datorren asteko ostiralean. Egun horretan bertan argitaratuko dute Gau Ama. Pop elektronikoaren eta dantzatzeko musikaren aldeko apustuari eusten dio taldeak. Hala ere, bertako kutsua ematen dieten tresna eta baliabideak darabiltzate abestietan; besteak beste, txalaparta eta alboka.

Bestalde, Burgosko (Espainia) La Maravillosa Orquesta del Alcohol (La M.O.D.A.) izango da, bihar, Social antzokian. Musika akustikoa eskusoinu, banjo, mandolin eta saxofoiarekin batera nahasten du seikoteak. Taldearen musikak oinarria folk, country eta bluesean badu ere, izpiritua gertuago dute punk eta rock-and-roll estiloetatik.

Bistakoa da bost urtean estilistikoki garapena izan duela kontzertu zikloak. Hasieran soinu alternatiboak nagusitu ziren, oro har. Iaz hasi ziren Basaurin historikoki oso ondo funtzionatu duten beste estilo batzuk gehitzen. “Aurten, adibidez, La M.O.D.A. dator, printzipioz estilo ez hain alternatiboetara gerturatzen diren artistek osatutako taldea. Azken bi urteetan musika beltza ere gehitu dugu; aurten, The James Hunter Sixekin. Rock klasikoagoa ere iaz agertu zen. Nahiz eta pauso horiek eman, soinu alternatiboagoak ere mantendu ditugu: WAS, Yellow Big Machine, Sonic Trash… Guztiak uztartuta emaitza aberatsagoa eta eskaintza oparoagoa lortzen dugula uste dugu”.

Txikiak ere, protagonista

Helduen antzera, eta, haiekin batera, musikaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera izan dezaten, etxeko txikientzako espresuki prestatutako saioak izango dira bihar. Herriko kaleetan izango da kultura bizi horrez gozatzeko aukera. TxikiMAZeko ikuskizunak Gacela Thomson talde bilbotarrak eta Txiki Txiki Rock antzezlanak osatuko dituzte aurtengoan. Azken hori euskara hutsean egingo duten lana da. TxikiMAZ bera ere “finkatu egin da”.

Kanpora begira Basauri “mapan jartzea” lortu dute. Fest sarietan bost izendapen jaso zituen iaz; eta Iberian Festival Awardseko bi mailatan finalista izan zen.

Barrura begira dute egiteko gehiago. Basauri “mapa kulturalean modu deigarrian jartzeko eta herriko ostalaritzari laguntzatxo bat emateko” sortu zuten. Hala ere, “elkarlan handiagoa” nahiko lukete herriko ostalarien eta jaialdiaren antolatzaileen artean, “emaitzak are hobeak izateko. MAZ Basaurik herriaren ondare izan behar du, eta horrela sentitu behar dute herritarrek eta agenteek. Hor badago zer hobetu: jaialdia herriaren beharren zerbitzura dago; ez alderantziz”.

MAZ Basaurik inguruko gainerako zuzeneko musika eskaintzaren osagarri izan behar zuela argi izan dute hastapenetik. “Badira nahikoa jaialdi, eta ez genuen izan nahi zerrenda horretara batzen zen beste bat”. Hala, jaialdi batek dituen gauzarik onenak dituzte —giroa, musika…—, jaialdiek dauzkaten gauza txarrak baztertuta. “Guk ez daukagu ilara amaigaberik eta sarrera edo edarien salneurri garestirik; eta gurera oso erraz eta eroso irits daiteke”.