Galdakaoko Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu du oposizioak

Aitziber Laskibar Lizarribar Galdakaon egiten ari diren bi lan handitan irregulartasun larriak gertatzen ari direla eta, bi dimisio eskaera jarri ditu mahai gainean oposizioak: Amaia Betolaza zinegotzi jeltzalearena eta Cirilo Davila komunikazio arduradunarena. EH Bilduk, Galdakao Orainek, Irabazik eta Usansolo Herriak elkar hartuta egin dute eskaera, idatzi bateratua aurkeztu eta atzo agerraldia elkarrekin eginda. Formica zenaren lurretan gertatzen ari dena da salaketaren oinarria. 66 urtez xafla lanak egiten aritu ondoren, 2012ko udaran itxi zuten lantegia. Lur horietan Bricomart enpresak saltoki handi bat eraikiko zuela iragarri zuten hiru urte geroago, eta hartarako, lantegi zaharra desegiteko lanetan ari dira. Baina ez behar bezala. Lantegi zaharra beharrezko baimenik gabe eraisten ari zirela salatu zuen EH Bilduk aurreko astean. Eta kutsatuta dauden lurrak, garbitu ordez, porlanez estaltzen ari zirela. Horixe erakusten duen bideo bat zabaldu da, hain zuzen, azkenaldian, sare sozialetan. Egoera ikusita, EH Bilduk, Galdakao Orainek eta PPk lanak geldiarazteko eskatu zioten udalari. Udala egin zuten egoeraren erantzule, eta hasieratik prozedura iluna jarraitu izana egotzi zioten. Susmoa piztu zenean, erantzun nahasgarria eman zuen udalak. Formica eraisteko baimena tramiteetan zegoela esan zuen, eta prestaketa lanetan ari zirela bitartean. Baina, oposizioak salatu duenez, tramitatzen ari zen baimen hori ere ez zen eraiste lanetarako behar zena. Gainera, Olabarrieta auzoan eraikitzen ari diren txaleten lanekin ere gauza bera gertatu dela ohartarazi du, eta itxaroteko bitarte horretan bi solairu eraiki dituztela. Alkateari, lanak lehen momentuan eten eta legea hausten zuen enpresari zigor espedientea abiatu beharrean, aurrera jarraitu izana aurpegiratu dio oposizioak. Are, salatu du "zentzugabekeriekin jarraituz" bi prentsa ohar argitaratu zituela udalak, enpresaren jarrera defendatuz. Baimenak bazirela zioen lehen oharrak, baina, oposizioaren esanetan, udalak jakin behar zuen baimen hori ez zela nahikoa eraispena egiteko. "Beraz, bi aukera daude: gezurretan zebiltzan ala ez dituzte bere funtzioak ezagutzen". Egunek aurrera egin eta EH Bilduk abiatutako salaketak herrian sortutako liskar eta ezinegonaren ondorioz, duela gutxi geldiarazi dituzte lanak. Baina hori ez dela nahikoa dio oposizioak: "Egoeraren kudeaketa eskasak ardurak eskatzera behartzen du". Amaia Betolaza Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu du hargatik. "Arduragabekeria eta kontrol eza" egotzi dio, eta bere sailean "irregulartasun larriak" daudela argudiatu du. Cirilo Davilaren dimisioa ere eskatu du. Komunikazio eta Hiritarren Arretarako zuzendaria da, eta udalaren konfiantzazko kargua. "Formica eta Olaberrietako obrek lizentziarik ez zutela jakin zenetik hainbat alditan egia ez esateagatik" eskatu dio kargua uzteko. "Arreta desbideratu eta irregulartasunak ez onartzeko erabili du udal webgunea". EAJk eta PSEk osatzen duten Udal Gobernuari beste eskaera bat ere egin dio: "Egiten ari diren obra handi guztiek dagozkien udal lizentziak dituztela egiaztatzea. Hori litzateke enpresa eraikitzaile zehatz batzuekin izan lezakeen konplizitate harremanaren susmoa amaitzeko modua".