Adierazpen askatasuna, auzitan

Adierazpen askatasuna, auzitan

Natalia Salazar Orbe

Algortatik Hanka taldeak antolatutako manifestazio batean parte hartu zuten hamasei lagunek isuna jaso dute. Legezkoa zen protesta batean ari ziren. Ekitaldia egin zuten bitartean Poliziak ez zuen inor identifikatu. Hala ere, handik bost hilabetera ezustekoa jaso zuten: segurtasun indarren kontrako errespetu falta leporatuta, ehuna euroko isunaren berri ematen zien jakinarazpena iritsi zitzaien etxera.

2015eko urriaren 10ean Alde Hemendik eguna antolatu zuen Algortatik Hanka taldeak. Ane Olabarrieta bertako kidea da zigortutako lagunetako bat. Manifestazioa egin zuten, kontzertu ibiltari batekin batera, eta Guardia Zibilak herrian duen kuartelaren aurretik pasatu ziren. Kamioi bat zeramaten, gainean musika talde bat zuela. Honela kontatu du berak: “Handik pasatzean ez genuen ezer esan. Pankartarekin eta kontzertuarekin pasatu ginen, besterik ez”. Hala ere, segurtasun indarren kontrako errespetu falta egotzi diete. Besteak beste, “Txakurrak, alde hemendik”, “Ez zaituztegu nahi, ez zaituztegu behar” eta “Torturatzaileak, alde hemendik” oihukatu izana leporatu diete.

Identifikazio eraz kezkatuta

Protesta egin zenean ez zuten inor identifikatu. Beraz, sinetsita daude guardia zibilek filmatu egin zituztela, eta filmaketako irudiak baliatu dituztela identifikazioak egiteko. Horrekin kezkatuta azaldu dira: “Inolako identifikazio fisikorik egin gabe, haiek badakite ni han izan nintzela, eta esaldi horiek oihukatu nituela diote. Nolabaiteko sare bat eratua izan behar dute; datu base bat guri buruzko informazio guztiarekin”.

‘Mozal legeari’ kritika

Algortatik Hanka taldeak salatu du mozal legea delakoari esker tramitatu duela Poliziak zigorra. Hain zuzen, Guardia Zibilak jarri du salaketa, eta Ertzaintzak tramitatu du, bide administratibotik. Iaz indarrean sartu zen legea kritikatu du taldeak. “Nola da posible Poliziak akusazio eta epaile gisa jokatzea?”, galdetu zuten isuna salatzeko egindako agerraldi batean.

Isunaren berri izan ostean, helegitea jarri zioten zigortu guztiek. Ertzaintzari, hain zuzen, hark egin baitu tramitazioa, zigortuen inplikazioaren frogak erakusteko eskatu diote. “Gu identifikatzeko dauzkaten frogak ezagutarazteko eskatu dugu: bideoak edo leporatu dizkiguten leloak oihukatu genituela frogatzen duen beste edozer ikusi gura dugu”.

Eskaera horren erantzuna ere iritsi zaie haietako batzuei. “Ertzaintzaren beste gutun bat jaso dugu, baina Guardia Zibilak egindako salaketa besterik ez digute bidali. Hori ez da guk eskatu genuena”. Hala, berriz ere beste helegite bat jartzeko asmoa iragarri du Olabarrietak. Eurek egindako eskaerari eutsiko diote, eta frogak eskatuko dituzte berriz. Hortik aurrera ikusi beharko dute euren kontrako isuna berretsi eta prozesuarekin aurrera jarraitzen duten ala bertan behera geratzen den. Bide administratiboari jarraituko diote hura agortu arte. “Behin hori bukatuta, isunak jarraitzen badu, bide judizialera pasatuko gara”.

Jazotakoaren salaketa

Lasaiago daude jada isuna jaso duten hamasei lagunak, gertatutakoa argitu eta salatzeko prest. Zigorrik ez zuten espero, inondik inora. “Manifestazioa legezkoa zen. Ertzaintzari jakinarazi genion. Eta jarduerak iraun zuen bitartean udaltzainak izan genituen protestaren aurrean eta atzean”. Hala, “ezusteko handia” hartu zuten gutuna iritsi zitzaienean. “Denok jaso genuen egun berean, gainera. Eta ezustekoa izan da egin duten bezala horrenbeste pertsona identifikatzea ere”.

Zigortuek argi dute era horretako isunek ez dutela lortuko euren aldarrikapenak isilarazterik. “Mozal legearen aurkako eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarrikapenei eutsiko diegu”. Izan ere, adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo dute gertatutakoa.