Kultura astintzeko kimuak

Kultura astintzeko kimuak

N. Salazar – A. Laskibar

Euskal kulturarentzat itsasargia izan nahi duen jaialdia hegaldi betean ari da Bilbon. Udaberrian, euskara hutsean egiten den jaialdi handi bat eraman du Loraldiak Bilbora. Denetariko diziplinak uztartzen dituzten ikuskizunak taularatzen ari dira: dantza, bertsolaritza, artea, musika, literatura eta antzerkia. Eta berritasunez beterik iritsi da. Lanetako asko jaialdirako propio sortutakoak dira. Bestalde, zortzi ikuskizun eskainiko ditu, estreinakoz. Primaderako festibala loratu da.

Astebeteko ibilbidea egin du aurtengo Loraldiak. “Zabal loratuta” deskribatu du jaialdiaren hasiera Imanol Agirre zuzendari artistikoak. Larunbatean hasi zen jaialdia, eta lehen egunen balorazio “oso positiboa” egin du. Datuz lagundu du azalpena: “Oso pozik gaude. Bidador pastorala bete egin zen, eta Hip Hop eta Beatbox jaialdiak 300 pertsona elkartu zituen, gazteak gehienak. Hor dago ardoa emanaldian, 60 pertsona inguru elkartu ziren, eta oso sentipen onarekin atera ziren denak. Alos Quartet taldeak Campos antzokian platea bete zuen. Amaia Lauzirikak Cafe Bar Bilbaon emandako ikuskizunak 50 ikusle batu zituen…”.

Bi heren geratzen zaizkio orain jaialdiari, apirilaren 24ra arte, eta orain arteko harrerari eutsiko diotela espero dute antolatzaileek. Asteburuan bi estreinaldi eskainiko dituzte horretarako. Bihar, bata: Laboa jazz ikuskizuna, Iñaki Salvador, Anjel Unzu, Ainara Ortega eta Maria Berasarterekin. Eta, igandean, bestea: Aukeran dantza taldeak Maurizia taularatuko du.

XIX. mendeko lore jokoek euskal kulturgintza sustatu eta hari prestigioa emateko zuten helburuari eutsi dio Bilboko jaialdiak. Bilboko bihotzetik mundura begira abiatzen den sormenaren festa emankorrak bigarren aldia du aurtengoa.

Helburu jakin batzuekin sortu zuten jaialdia, iaz. Hala azaldu du Imanol Agirre antolatzaileak: “Nahi dugu euskal kultura ikusgarri jartzea; nahi dugu erdal mundua euskal kulturara ekartzea; nahi dugu sortzaileentzako espazio erreferentzial bat sortzea; nahi ditugu estreinaldiak eta produkzio propioak sortu…”. Oraingoan, dimentsioa da aldatu dutena. Asteburu bateko jaialditik abiatu zenak hiru asteburu hartu ditu aurten.

Gaur egungo kultura etorkizunari begira jarri dute. Horixe da, hain justu, iaz hastapenak egin zituen topaketak eskaini nahi duena. Horretarako, berritzaile izan behar dutela badakite. Eta lan horretan ari dira, buru-belarri.

Denera 40 ekitaldi inguru aurkeztuko dituzte, era guztietako formatuetan. Horiek guztiak hartzeko, hiriko hamahiru espazio baliatuko dituzte: Azkuna zentroa, Arriaga antzokia, Campos antzokia, Cafe Bar Bilbao kafetegia, Ribera kafetegia, Rekalde aretoa, 7 kaleak aretoa, Guggenheim museoa, Kafe Antzokia, La Fundicion aretoa, Arte Ederren Museoa eta Itsasadarra itsas museoa.

Denetariko hiztunak eta adin guztietako herritarrak ditu jomuga jaialdiak: umeentzako antzerkia eta musika eskainiko dituzte; gazteentzako emanaldiak, eta helduentzako ikuskizunak. Bateko eta besteko zaleek aurkituko dute zerbait erakargarri udaberrian loratzen den festibalean.

Aurtengoa bukatu gabe dagoela, datozen bi urteetara begira ere jarriak dira antolatzaileak. Asmoa sormen mundu berritzaileena erakartzea da. Besteak beste, euskarazko opera bat estreinatu gura dute. Euskal sortzaileek badute jada landu eta hazitako lanak loratutako ikuskizun gisara aurkezteko agertokia.