Erabakia ehuntzeko oihal gehiago

Erabakia ehuntzeko oihal gehiago

Natalia Salazar Orbe

Gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari dira herritarrak Gure Esku Dago dinamikak abian duen prozesuan. Erabakiaren aroan murgildu dira bateko eta besteko herriak. Prozesuari atxikimendua eman dioten azkenak Bermeo eta Busturia izan dira. Iragarri eta berehala jakinarazi dute galdeketa egiteko eguna bera ere: datorren urtean izango da, apirilaren 2an.

Urtebete eskas eta lan handia dute aurretik bi herriotan. Eskura prozesua lantzen ari dira Bermeon. Horixe bera iragarri zuten joan den domekan egindako aurkezpenean. Nestor Basterretxea aretoa jendez lepo zegoela iragarri zuten. 150etik gora lagun elkartu ziren: prozesuari emaniko babesaren seinale da hori, dinamikan lanean ari den Garbiñe Astorekaren aburuz: “Domeka goiz batean horrenbeste lagun elkartzea ez da batere erraza”.

Galdeketara iristeko lehen pausoa hilaren 30ean emango du dinamikak. Adierazpen bat lantzeko egitasmo parte hartzaile bat jarriko dute abian egun horretan, herritarrekin. Adierazpen hori ekainaren 19an aurkeztuko dute. Egun osoko jaialdi baten bitartez egingo dute aurkezpena. Uda ostean jarriko dute martxan galdeketarako batzordea, eta buru-belarri hasiko da lanean.

Orain arte lortu dutenarekin oso pozik dago Astoreka. “Eragile eta norbanakoekin izan ditugun harremanak oso baikorrak izan dira”. Eta domekako agerraldia ere esanguratsua izan zen. “Denetariko jendea egon zen; hainbat arlotan ari den jendea”. Kultura eta kirol arloetako ordezkariak, hainbat alderdi politiko eta sindikatutako kideak, Bermeoko emakumeen taldeetakoak eta gizarte arloan jarduten diren taldeak izan ziren presente.

Elkarte eta kide gisa ez ezik, izan zen dinamikari babesa eman zion jende esanguratsu ugari ere. Besteak beste, Izortz Zabala arrauneko patroi ohia; Edorta Jimenez idazlea; Jose Ramon Galdona eta Pedro Laspiur margolariak; Julen Kaltzada ezker abertzaleko militante historikoa eta Idurre Bidaguren Bermeoko alkatea bera.

“Garrantzitsua da denetariko jendeak bat egitea”. Dinamikaren ardatzetako bat ere bada. Parte hartzeak ahalik eta zabalena izan behar du, eta ahalik eta arlo gehienetako jendeak hartu behar du parte. Astorekak argi dauka: “Erabakitze prozesuan inportanteena da jende askotarikoa sartzea, eta gutxieneko adostasun batera heltzea denak”.

Busturiarrek hil honen bukaera aldera egingo dute Bermeon egin berri duten urrats beraren aurkezpena. Bermeotarrek Busturialdeko herri guztiekin batera gauzatu nahiko lukete prozesua, “baina herri bakoitzak bere erritmoa du”. Bizkaian erritmo desberdintasun hori nabarmena da: “Batzuk, jada, galdeketa aroan daude: Ispaster eta Dima, esaterako [ekainean egingo dituzte galdeketak bi herriotan]. Beste batzuk, gure antzera, adierazpen prozesuan daude. Beste batzuk hasi ere ez dira egin adierazpen fasearekin”.

2018ra begira

Azken helburua 2018an ezarri dute. Orduan egitekoa da Euskal Herri mailako galdeketa. Ordura arte, herriz herri erabakiko dute bizilagunek zer izan gura duten.

Prozesu horietan guztietan egin beharreko galdera adostea izaten da zaila. Dinamikan herritar askok parte hartzen dute, eta horrek zaildu egiten du adostasun hori. Hala ere, hori da prozesuaren gakoa; horretan datza galdeketaren berezitasuna.

Bermeon udazkenean ekingo diote eginbehar horri. Batzorde bat eratuko dute horretarako. “Batzordea orain arte osatutako taldea baino zabalagoa izango da. Eta ahalik eta jenderik gehien egon behar da”.

Batzorde horrek erabakiko du zein den egin beharreko galdera. “Galdera edozein izan daiteke. Izan ere, era guztietako sentsibilitateak daude Gure Esku Dago-ren barruan. Leku batzuetan, independentziari buruzkoa izango da, eta, beste batzuetan, elkarbizitza izango du ardatz. Ezkerraldean edo gurean izan dezaketen errealitatea ez da-eta bera”.

Gure Esku Dago dinamikatik ohartarazpena jaso dute Bermeoko talde eragileko kideek: “Esan digute oso galdera desberdinak egongo direla, eta ez ikaratzeko: denak direla-eta baliagarriak”. Erabakitze prozesua bera da Gure Esku Dago-k bultzatzen duena. “Galdera ez da inportanteena, prozesua parte hartzailea izatea, eta erabakitzearen inguruko lanketa bat egitea baizik”.

Diman, galdera prest

Prozesua kostaldean baino aurreratuago dute dimoztarrek. Ekainaren 19an egingo dute han galdeketa; bi hilabete barru, hain zuzen ere. Eta zehaztu dute, jada, egun horretan herritarrek erantzun beharko duten galdera: “Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?”. Galdera hori erantzuteko aukera izango dute 16 urtetik gora dituzten dimoztarrek. Prozesu parte hartzaile baten barruan adostu dute galdera.

Bide batez, galdeketa egiteko dinamikak zer-nolako babesa jaso duen ere jakinarazi dute. 360 herritarren babesa jaso dute sinadura bilketan; biztanleen %25ena.

Bermeon udazkenean gainditu beharko dute proba hori. Ilusiorik eta beharrerako indarrik ez dute falta. Olatu urdina abian da, eta denetariko herritarrak bilduko dituen oihala ere hura josiko duten hari eta jostorratzen zain dago: erabakitzeko eskubidearen eta parte hartzearen soinekoa denen esku dago.