Lau urteren ostean, zauria ezin itxi

Lau urteren ostean, zauria ezin itxi

Natalia Salazar Orbe

Urteurren latza dakar asteburuak. Bihar lau urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada batek buruan jo eta lau egunetara Iñigo Cabacas Basauriko gaztea hil zela. Familiak eta lagunek ez dute ahazten. Ezta gutxiago ere. Justizia eskatzen dute. Izan ere, argitasun baino iluntasun handiagoarekin jarraitzen du, lau urteren ostean, heriotza hura argitzeko auziak.

Egunotan bereziki dute gogoan gertatutakoa. Bihar, omenaldia egingo diote Cabacas hil zuten leku berean: Maria Diaz de Haro kaleko Kirruli tabernaren aurrean. 12:30ean jarri dute ordua. Auzia argitu eta gaztearen heriotzaren inguruan egondako erantzukizunak argi daitezela eskatzeko aldarrikapenarekin bat egin duten kultura eta kirol arloko pertsonen berri emango dute bertan. Bestalde, iganderako manifestaziora deitu dute. 17:30ean aterako da, Justizia Auzitegitik, eta Cabacas pilotakadaz jo zuten leku berean bukatuko da. Joan den asteazkenean giza katea egin zuten, gaztearen lankideek deituta. Plaza Biribiletik atera ziren, eta PSE-EEren egoitzan bukatu zuten protesta. Beste ekitaldi batzuk ere izan dira asteon: EHUko Leioako campusean bata. Athleticen partida hasi aurretik gaztea hil zuten lekuan atzo egin zutena bestea.

Auzi haren inguruan gauza asko daude argitzeke oraindik. Senide eta lagunek ez dakite nork jaurti zuen Cabacas hil zuen pilota. 2012ko apirilaren 5 hartan gertatutakoa ez da argitu, eta epaiketarik ere ez dute egin.

Datorren astelehena hitzordu garrantzitsu bat izan daiteke: ertzain bat deklaratzera deitu dute. Hain zuzen, Cabacasen heriotza eragin zuen pilota bota baino lehenago, une hartan han istilurik ez zegoela esan zien operazioa Deustuko ertzain etxetik zuzentzen ari zirenei. Baita esku hartzeko arrazoirik ikusten ez zuela ere.

Ertzain hark emandako argibideak horiek izan arren, Ugarteko esaten zaion Ertzaintzako arduradunak “guzti-guztiarekin sartzeko” aginduari eutsi zion. Hala entzun dakioke argia ikusi zuten ertzainen arteko grabazioetan. Lekuko gisa besterik ez zuen deklaratu Ugarteko-k.

Asteleheneko deklarazioaren arabera, gerta liteke diligentzia gehiago eskatu behar izatea. Hala iragarri dio berriki Jone Goirizelaia abokatuak BERRIA egunkariari. Orain arte, bost ertzain daude ikerturik auzibidean.

Iñigo Gogoan plataformak “lotsagarria eta mingarria” deritzo oraindik ere justizia eskatu behar izateari. Eginbehar horretan ez dute amore emango, eta azken muturrera arte defendatuko dute justizia eskubide hori. “Europara joan behar badugu, Europara joko dugu”, iragarri zuten joan den asteartean David Gonzalez eta Oier Amorrortu plataformako kideek.

Bi helbururekin sortu zen plataforma: Iñigo Cabacasen heriotza “zigorrik gabe” gera ez dadin lan egitea, eta horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeak bilatzea. Sinetsita daude “nahikoa zantzu” badaudela auzitara joateko. Hala ere, auziaren instrukzioa egiten ari den Bilboko epaileak hartu behar du erabaki hori. Ekaina da horretarako epemuga. Dena den, epeak luzatzeko aukera ere aurreikusten du legeak. Hortaz, posible da epaiketa, egiten bada, atzeratzea.

Justizia, zentzu zabalean

Epaileak auzia artxibatzea erabakitzea ez lukete begi onez ikusiko. Hain zuzen, gertatutakoa argitzeko “interes falta” dagoela erakutsiko luke horrek. Instrukzio fasean gabeziak antzeman dituzte, plataformako kideek zein familiaren abokatuak salatu dutenez.

Bestalde, justizia zentzu zabalean eskatzen dute. Maria Diaz de Haro kalean apirilaren 5 hartan egindako oldarraldia beharrezkoa ote zen argitu beharraz mintzatu da abokatua, han istilurik ez zegoela eta pilotak zer distantziatik jaurti zituzten kontuan hartuta. Hala, erabaki haren arduradunak epaitu eta bakoitzak izan zuen erantzukizuna ebatzi beharko litzatekeela sinetsita dago Goirizelaia. Izan ere, Cabacas jo zuen pilota nork bota zuen zehaztea familiarentzat bereziki garrantzitsua bada ere, orain arte ikerketak ez du emaitzarik izan. Hori ez du oztopo ikusten “arduradunei beste maila bateko erantzukizunak egozteko”.

Bestalde, plataformak Ugarteko gisa ezagutzen den ertzainburuaren jarrera deitoratu du. Azken horrek salaketa jarri du familiaren abokatuaren eta Gara egunkariaren eta Naiz atari digitalaren aurka. 777.000 euroko kalte-ordainak eskatu dizkie, auziak “kalte psikologikoak eta ibilbide profesionalaren amaiera” ekarri dizkiola argudiatuta. Cabacas larri zauritu zuten kalean “guzti-guztiarekin sartzeko” zioten grabazioak argitaratu izanagatik jarri du salaketa. Gertatutakoaren ostean hori nola den posible galdetu du plataformak.

Gurasoen etsipena

Iñigo Cabacasen gurasoentzat suertatu da gogorren egoera hori guztia. Zuten seme bakarra hiltzeaz gain, ez dute era horretako gertakari baten aurrean espero zuten babesik jaso. Ez instituzioen aldetik, bederen. “Gugandik ihesi ibiltzen dira, EAJkoak ere bai. Badirudi geuk haiei egiten diegula kalte”, adierazi du Fina Lizeranzu amak. Segurtasun Sailak auzia argitzeko emandako laguntzari ez deritzote nahikoa, gainera.

Gizartearen erreakzioari dagokionez, “sentsazio gazi-gozoa” sorrarazi dio Manu Cabacasi, zendutako gaztearen aitari. “Jende asko gurekin egon da, baina egon behar zuten batzuk ez dira egon. Eta hori oso tristea da, Iñigori gertatutakoa edozeini gertatu ahal zitzaiolako”. Ideologia politikoez harago, bidegabekeria baten aurrean erreakzio irmoa eta gertatutakoa argitzea nahiko lukete. Ezker abertzalearekin identifikatu badituzte ere, argitu dute ez direla ez ezkerrekoak ez eskumakoak. Eta gaineratu laguntza eta babesa denei eskatu dietela.

Justizia besterik ez dute eskatzen. “Hori baino ez, geuk ere dolua egin ahal izateko behintzat”, adierazi du Lizeranzuk. Semearen argiak bizirik jarraitzen du haien zein gertatutakoa deitoratzen duten herritarren bihotzetan.