Baserrien iraunkortasunari eutsita, kalitatea du ardatz Bizkaia Esneak

 

Karrantzako larre zabal eta berdeak dituzte bizileku bertako behiek. Natura bizian igarotzen dute urtea, hotzak bestelako beharrizanak sortzen dizkien arte. Dena den, orduan ere Bizkaiko udalerririk zabalenean hazitako belarra dute elikagai. Lehengai eta baldintza horiek ardatz izanik, kalitatezko esnea ematen dute behiok. Eta baserritarrek egunean jaso eta ontziratuta merkaturatzen dute Bizkaia Esnea izenarekin. “Kalitate handiko produktua eskaintzen dugu. %100ean Karrantzan bertan jasoa. Zapore handikoa”. Hala laburbildu ditu kooperatibak saltzen dituen produktuen ezaugarriak Iker Leiva komunikazio arduradunak.

Baserritarrek banatzen zuten esne gordinaren antzeko zaporea du Karrantzako behien altxorrak, nahiz eta merkaturatzeko aspalditik erabiltzen diren ontzietatik ateratzen duen kontsumitzaileak. Egunero jasotako esne freskoa banatzen dute, kontserbatzeko UHT prozesua pasatu ostean: betiko esnea.

Esnea ez eze, bertatik eratorritako produktuak ere baditu Bizkaia Esnea kooperatiba elkarteak: gurina, behi gatzatua eta gazta freskoa. “Merkatuan dauden mami gehienak ardiarenak dira. Gurea behiena da. Nahikoa zapore suabea edo finagoa dauka, baina oso gozoa da hartzean”. Gurina eta gazta freskoa ere kalitate handikoak dira. “Gurinak daukan koloreari erreparatuta soilik nabari da hori”.

Baserritarrei bultzada

Produktuen kalitateaz eta zaporeaz gain, baserriaren iraunkortasuna ere badu ardatz kooperatibak. “Baserritarrak, iraun baino gehiago, bizi ahal izan daitezen gura dugu. Esne litro bakoitzeko prezio duina ordaintzen diegu, hori ere badelako gure xedea”.

Helburu hori sorreratik bertatik izan zuen Bizkaia Esnea kooperatiba elkarteak. 2009an sortu zuten kooperatiba, esnearen industria krisian murgilduta zegoen une batean. Baserritarrek eurek erabaki zuten kooperatiba sortzea, banatzaileek esne litroa oso gutxi ordaintzen zietelako; hura ekoizteko behar zutena baino gutxiago. Hala, marka propioa sortu, eta eurek merkaturatzeari ekin zioten. Merkatuan egin dute lekua, lehia handia dagoela aitortzen duten arren. Dena den, euren helburuari eusten diote: “Lehen sektorearekiko konpromisoa da gure ardatzetako bat”.

Esnearen ekoizpenean tradizio handiko herria izan da Karrantza, betidanik. “Bizkaiko esnearen erdia baino gehiago handik ateratzen da”. Herrialdeko herririk zabalena ere bada, eta bertako larreetan dituzte kooperatibaren 35 bazkideek euren ustiategiak. “Gure ekoizpen osoa gure bazkideen ustiategietatik dator”. Argi eta garbi utzi gura duten errealitatea da hori: “Gure esnearen %100 hemen jasotzen da”.

Hala, Bizkaia Esnearen produktuak erosten dituenak esne edo esnekiez harago doan proiektu bat bultzatzen du. “Guztion artean baserri ekonomia mantentzen lagunduko dugu”.

Lurrari lotuta

Lehen sektoreko baserritarrak urteetako ogibideari eusteko eginahalak egiten ari dira. “Karrantzako lurrek gu geu, gure arbasoak eta gure arbasoen arbasoak jaiotzen ikusi gaituzte. Hori dela eta, Karrantzako lurretan eta lurretatik bizitzen jarraitu gura dugu”. Lurra eta abereak maitasun eta kontu handiz zaintzen dituzte nekazariek. Badakite behiak osasuntsu egotea eta baserritarren praktikak egokiak izatea ezinbestekoa dela trukean kalitatezko esnea jaso ahal izateko. Bertako baserrien iraunkortasunari eta baserritarren lanari esker mantentzen da Bizkaiko mendebaldea berde, ekologikoki orekatu eta natural.

d

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Bizkaia Esnea kooperatiba elkartea.

Telefonoa. 946-10 70 51.

Eskaintza. 23 esneki sorta: bederatzi ale behi gatzatu, bi gazta fresko eta beste bi ale gurin.

Prezioa. 22 euro.

Webgunea. www.euskalherrikoplaza.com