Adin hori

Nerea Ibarzabal

Bada adin bat. Adin bat, non kaxetan mimoz gorde zenituen ikastolako liburuak botatzea erabaki duzun eta koadernoetan idatzitako testuen artean gaur egun zarena bilakatu zintuen lezioaren, ariketaren, traumaren bila zabiltzan. Adin bat, zeinetan gidatu ahala negar egiteko gai zaren eta aspaldiko lagunekin geratzeko egun bat jartzea geroz eta zailagoa ari den bihurtzen. Etxeko txakurrak hiltzen hasten diren adina da.

Bada adin bat, gurasoekin behingoz harreman heldu eta orekatu bat izan beharko zenukeen arren, ezin duzuna beraiekin hiru egunetik gora egon oihuka hasi gabe. Baina aldi berean, erabiltzen dituzten eta zuk, auskalo zergatik, ikasi ez dituzun esaerei arreta jartzen hasten zaren adina da, ingurukoei gurasoak hiltzen zaizkiela ikusi duzulako. “Oben egin” da aitari entzundako azkena, “obeditu” esateko.

Bada adin bat, non adin horretarako egin nahi zenituen gauzen artean ez duzun ia bakar bat ere egin; non lau urte lehenagoko zure zu-ak imajinatzen zintuenaren oso desberdina zaren, non duela lau urteko zure zu-a askoz irribarretsuagoa iruditzen zaizun, urre koloreko azalez, etengabeko inozentzia udatiarrean.

Adin bat, urteroko parranda seinalatuek geroz eta ilusio gutxiago pizten dizutena eta nahiago duzuna bidaiatu, baina ez duzuna aski diru. Horregatik begiratzen diezu zure zuritoaren atzetik amorruz —ikus. inbidiaz- jaietan ateratzen hasi berri diren gaztetxoei, dena hain intentsuki bizi dutelako, dena hain koloretako, hain ponche-lima-cola. Fotologa lotsaz ezabatu eta Tuentira salto egin ostean, Tuentia lotsaz ezabatu eta Facebookera salto egin ostean, Facebooken jarritako gauzekin noiz lotsatuko zain bizi zaren adina izan daiteke.

Adin bat, oraindik arazoei ihes egiten harrapatzen duzuna zeure burua; bikote harreman guztien hasiera eta amaiera oso antzerakoak iruditzen zaizkizuna; “oraintxe duzu sasoirik onena” esaten dizutenek estresatzen zaituztena; agenda ertzetan dagoeneko marrazkirik egiten ez duzuna. Zure adineko jendea ere hil egiten dela ohartzen zaren adina da.

Adin bat, edozein adin izan daitekeena, zurea, nirea. Eta horrek beldurtu egiten nau, zoriontasunari eta orainari iskin egiteko joera hauek ez direlako denboraldi bateko kontua, pertsona askoren bizitzeko modua baizik.