Urteurrenak edukiz janzten

Urteurrenak edukiz janzten

A. Larrabe Arnaiz

Laurogei urte dira Espainiako Errepublikaren aurkako estatu kolpea jo zutela. Eta oraindik ere hamaika dira gertakariak gogora ekartzeko eta gertatutakoak argitzeko herriz herri egiten diren egitasmoak. 80. urteurrenaren aitzakiarekin, 1936ko gerra gogora ekarri nahi dute Enkarterrin. Oroimen historikoaren inguruko hainbat ekitaldi antolatu ditu Galdamesko Udalak horretarako. Baina 36ko gerraren hasierakoa ez da egutegian markatuta dagoen urtemuga bakarra, zorigaitzeko urteurren asko utzi baititu Euskal Herrian 36ko gerrak. 1937ko martxoaren 31n Durangon izaniko bonbardaketa da horren adibide: 79 urte bete ziren atzo hegazkin faxistek 330 herritar baino gehiago hil zituztela. Hildakoen omenezko ekitaldia egin zuten atzo, eta urtemuga gogora ekartzeko saio gehiago egingo dituzte asteburuan ere.

1936ko gerrak utzitako oinazea ez da desagertu. Eta, horregatik, hilabete osoa eskainiko diote Galdamesen oroimen historikoari, Ezin dugulako eta ez dugulako ahaztu nahi lelopean. Apirilaren 8an hasita, hitzaldiak egingo dituzte hilabeteko ostiral guztietan. Francisco Etxeberria auzi mediku eta Aranzadi Zientzia Elkarteko buru denak egingo du lehen saioa, eta hobiak lurpetik ateratzeko prozesuaz arituko da, besteak beste. Bi urte dira Galdamesko Montellano auzoan miliziano errepublikano baten gorpuzkiak atera zituztela, eta kasu horretaz ere mintzatuko da Etxeberria.

Egun berean, exhumazioen inguruan Aranzadik duen erakusketa jarriko dute bilkura gelan, eta apirilaren 29ra arte izango da ikusgai. Jon Ibargutxi Kereilaren Aldeko Euskal Plataformako eta Goldatuko kideak ere solasaldia eskainiko du. Lourdes Herrasti Aranzadiko kideak 1936ko gerrako errepresioa genero ikuspegitik aztertuko du. Enrique Gonzalez, berriz, Bilboko Larrinagako kartzelari buruz arituko da. Hitzaldi guztiak udaleko bilkura aretoan egingo dira, 19:30ean. Hilabeteari bukaera emateko, bisita gidatua egingo dute Ugaoko Burdin Hesiaren aztarnetara. Burdin Hesia Ugaon elkarteko kideen laguntza izango dute horretarako.

Durangoko bonbardaketa

Beltzez markatutako egun asko utzi ditu 1936ko gerrak Euskal Herrian. Eta horien arteko bat da martxoaren 31. Durangarrek ondo gordeta daukate egun hori oroimen kolektiboan. Izan ere, 1937ko martxoaren 31 goizean, ordura arte inoiz izan gabeko eraso mota bat abiarazi zuten Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek. Espainiako Errepublikaren aurka matxinatutako militarren agindupean, italiarren hegazkinek Elorrio eta Durango bonbardatu zituzten. Zibilen aurkako lehen aire erasoa izan zen. Hiru minutu iraun zuen Durangoko bonbardaketak, baina kalte oso handiak eragin zituen. Andra Mari eliza izan zen kaltetuena, eta bertan jendetza bilduta zegoen: mezetan ziren batzuk, eta, horrez gain, baserritarren azoka zegoen arkupeetan. 330 hildakotik gora eragin zituen erasoak, eta herriko eraikin asko eraitsi zituzten.

Bonbardaketak herrian utzitako aztarnekin, zazpi minutuko ikus-entzunezko lana ere prestatu dute aurtengo urteurrenerako. Durangoko Zugaza zineman eta Elorrioko Arriola antzokian izango da ikusgai. Ohiko pelikulak proiektatu aurretik egingo dituzte emanaldiak asteburuan. Horrez gain, bonbardaketak utzitako arrastoetatik ibilaldia eginez emango dute gertakarien berri bihar eta etzi. Larunbateko ibilaldia gaztelaniaz izango da, eta euskaraz egingo dute igandekoa. Ekitaldian parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena, Gerediaga elkartearen webgunean.

Errefuxiatuen gaiari buruzko mahai ingurua ere egingo dute bihar Kurutzesantu museoan. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko kidea, CEAR-Euskadiko Itxaso Egia, Hodei Arrausi EITBko kazetaria eta Alboan plataformako Mateo Agirre izango dira bertan.