Oroimenerako tokiak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Aurten, 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta 80 urte herritarrak altxamendu horri eusteko defentsa sarea eraikitzen hasi zirela. Francoren aldeko indarrei aurre egiteko, lubakiz, metrailadore habiaz eta babeslekuz josi zituzten Bizkaiko mendiak 1936ko gerran. Galdu egin dira horietako askoren aztarnak, eta sastrakaz beteta daude oraindik ere beste asko, ezkutuan. Baina azken urteetan gero eta gehiago dira defentsarako eraikitako aztarna horiek aurkitu eta garbitzen hasi diren herritarrak. Oroimenerako toki bihurtu nahi dituzte 36ko gerrako agertokiak; eta herritarrei kontatu inoiz inork kontatu ez dieten historiaren pasartea.

Ugao
Herritarrek eraiki, eta herriak berreskuratu
Herriko historia hauts artetik atera nahian sortu zen  Burdin Hesia Ugaon elkartea, 2011n. Ezer gutxi zekiten ugaotarrek 1936ko gerrari buruz ordura arte, eta hutsune hori bete nahian elkartu ziren jatorri, ogibide eta adin askotako kideak, Ritxi Zarate elkarteko kidearen arabera. 1936an matxinatuen erasoetatik Bizkaiko hiriburua defenditzea helburu zuen Burdin Hesiaren aztarna ugari daude Ugaon, eta horiek kokatzeari, berreskuratzeari eta baloratzeari ekin zioten berehala. Pikotxa eta pala hartuta, bazter horiek garbitzen aritu dira herritarrak.
Pozik azaldu da Zarate orain arte egindakoaren emaitzarekin. Aztarna horietako batzuk zeharkatzen dituen bi kilometroko ibilbidea egokitu dute, udalaren laguntzarekin. Usilako zubi bazterrean lurpean zegoen gotorlekua berreskuratzea izan da elkarteak egin duen azken esku hartzea. «Herriko jendea aritu zen gotorlekuak eraikitzen; hori frogatzen duten nominak ere baditugu. Etxeko tresneria hartuta, totalitarismoarengandik defenditzeari ekin zioten herritarrek. Horren balio sinbolikoa izugarria da».
1936ko gertakariak ikertu, aztarnak katalogatu eta ikusaraztea. Lan ildo horien baitan egiten dute lan elkarteko kideek sorreratik. «Artxibategietako dokumentazioa bildu, herritarren lekukotzak jaso, Burdin Hesiaren aztarnak lokalizatu eta horiei balioa ematen ari gara. Baina motela da lana. Boluntario lanean ari gara, eta baliabide gutxi ditugu». Baina, horretan ez ezik, beste arlo batean egin du indar Zaratek behin eta berriz: lana gizarteratzearen garrantzian, alegia.
Ahalegin berezia egiten du elkarteak aztertutakoa herritarrei zabaltzeko. Norabide horretan kokatu behar da egokitu duten ibilbidea ere. Baina, ibilbideaz gain, Aste Historikoa ere egiten dute urtero, ekainaren 14aren inguruan. 1937ko ekainaren 14an bonbardatu egin zuten Ugao, eta bi herritar hil ziren erasoaren ondorioz. Horiei omenaldia egin, eta oroimen historikoa lantzeko beste hainbat ekitaldi antolatzen dituzte zazpi egunez. Gertakariak gogora ekartzeko Burdin Hesiko aztarnetatik egiten duten antzezpena da arrakasta gehien duena.

Larrabetzu
Herriko aztarnak itzalpetik ateratzen
Herrian beti izan dute presente 1936ko gerra larrabetzuarrek, Burdin Hesiaren aztarnaz josita baitaude herrigunea eta udalerria inguratzen duten mendietako larreak. Larrabetzu eta Fika arteko lerrotik hautsi zuten defentsa sistema matxinatuek, 1937ko ekainaren 12an. Eta borroka bortitzak izan ziren bertan. Francoren aldekoek izandako garaipen horri gorazarre egiten dion monolitoa ere badu Gaztelumendik, oraindik ere. Azken hamarkadetan gertakariak gogora ekartzeko hainbat ekintza antolatu ditu herri ekimenak. Baina azken urtean hartu du indarra oroimen historikoa lantzeko ildoak Larrabetzun. Burdin Hesiaren aztarnetatik egiten den mendi lasterketa izan zen horren sorburua.
Herriko mendietatik bideak irekitzen ari zirela, defentsa sistemaren aztarna gehiago aurkitu zituen Karraderan kirol eta kultur elkarteak. Dimentsioaz jabetu, eta herriko gertakariak ikertu eta Burdin Hesiaren aztarnei balioa emateko egitasmoan murgildu dago ordutik Karraderan, Larrabetzuko Udalarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera.  1936ko gerra bizi izan zuten herritarren testigantzak jaso, artxibategietatik herriko dokumentazioa bildu, eta Bilbo babesteko defentsa sistema katalogatzeko eta garbitzeko lanetan dabiltza Karraderan elkartekoak. Azken urteetan jasotako testigantza horiei esker, hainbat hobi aurkitu dituzte. Mendatan, Pedro Uriguen zenaren gorpua atera zuten lurpetik iazko abuztuan, eta, urtarrilean, herriko Legina auzoan borrokalari errepublikar baten hobiaren exhumazioa egin zuten. Urkulu-mendin ere, beste bi gorpuzki atera zituzten urtarrilean, CNTko Celta batailoiko Ramon Portillarenak, tartean.
Epe ertainean, herrian dagoen defentsa sarearen aztarnetatik ibilbideak egokitzea da Karraderan elkartearen asmoa. Lubakiak, gotorlekuak, metrailadore habiak eta bonbardatzeetatik babesteko mea zuloak garbitu eta egokituko dituzte horretarako. Ikastetxeekin ere lanketa egin nahi dute, gaia jorratu eta belaunaldiz belaunaldi gertatutakoaren transmisioa bermatzeko. Eta gertakarien ikerketarekin ere jarraituko dute, aldi berean: lekukotzak jasotzen eta dokumentazio lana egiten, alegia.
Herri ekimenetik abiatu zuten egitasmoa iaz Larrabetzun, eta herrian babes osoa jaso duela diote elkarteko kideek.

Berango
Oroimenerako ibilbidea eta museoa
Burdin Hesiaren aztarnen lagin bat garbituta eta lehengoratuta dauka Berangok. Uribe Kostako saihesbidea eraiki zutenean suntsitu egin zituzten 1936ko defentsa sistemaren aztarnetako asko, baina gainontzekoak babestu eta balioestea lortu du udalerriak. Ez hori bakarrik: 2012tik ibilbidea egokitua du arrasto horietako batzuetatik, eta bisita gidatuak ere antolatzen ditu. Baina, aztarnak zeharkatzen dituen bideaz gain, Burdin Hesiaren oroimenaren museoa ere badu Uribe Kostako udalerriak udaletxeko erakusketa gelan. Lau orduko bisitaren bidez, museoa eta ibilbidea egiteko aukera eskaintzen du udalerriak aste barruan. Asteburuetan ere aukera dago bisitatzeko, hamar laguneko taldea osatzen baldin bada. Aitor Miñambres museoko kideak eman ditu azalpenak.
Ia hamarkada bat da Uribeko Jata Ondo Landa Garapenerako elkartea 1936ko aztarnei garrantzia emateko egitasmoarekin hasi zela. Aragoi eta Kataluniako esperientziak jaso zituzten orduan, eta Euskal Herrian ere defentsa sistema ikusarazteko saioak aztertzen hasi zen. Berangon estaldura zuen metrailadore habiaren egoera ona ikusita, eraikuntza lehengoratzeko proposamena egin zion elkarteak udalari. Eta eutsi egin zion erronkari Berangok. Burdin Hesiaren aztarnak lehengoratu eta defentsa sistemari buruzko informazio orokorra biltzen duen erakusketa du museoan.
Eraikuntza egiteko moduari, defentsa sistema motei eta Burdin Hesiaren apurketari buruzko informazioa dute, besteak beste. «80 kilometroko diametroa zuen eraikuntza zen Burdin Hesia, eta defentsa sare guztiari buruzko informazioa ematen dugu museoan». Baina, defentsa sistemaren nondik norakoez gain, 36ko gerrako 250 objektu ere badituzte ikusgai. Pieza originalak dira gehienak. Bertara joateko aukerarik ez duenak bisita birtuala ere egin dezake webgunetik. Bizkaian dauden defentsa sistemen aztarnak babestea eta garbitzea da, Miñambresen arabera, balioa emateko egin beharreko lehen urratsa. Eta, horretan, lan handia dago egiteko oraindik.

Gueñes
Erabili ez zirenen aztarna garbiak
Hamarkada luzez landarediak eta sasiek estalitako 1936ko gerrako arrastoak garbi eta begi bistara daude Gueñesen. Enkarterriraino zabaltzen zen Euzkadiko Gobernuak Bilbo defenditzeko eraikitako ferra erraldoia eta horren aztarnak aurkitu eta garbitzen hasi ziren 2011n. Udaleko mendi eta kultura arloak bultzatu zuen egitasmoa. Luxar mendi tontorretik Taramona auzoraino dagoen defentsa lerroa garbitu, eta hamar kilometro inguruko ibilaldia egokitu du udalerriak. 36ko gerrari buruzko informazio panelak daude ibilbidean zehar, eta herritarrak beren kasa joateko prestatu dute. Bidea Gueñesko udaletxetik abiatzen da.
Herriko ondareari duen balioa ematea. Ideia horrek bultzatuta hasi zen udala Burdin Hesiaren aztarnak garbitzen, Joseba Garcia Gueñesko Udaleko mendi teknikariaren esanetan. «1936ko gerrak utzitako aztarnak guztiz ahaztuta daude. Are gehiago esango nuke: ahaztuta baino gehiago, gutxietsita dagoen ondarea da oraindik». Ahanztura horretatik askatzeko lanean hasi zen Enkarterriko udalerria, herritarren parte hartzeari askorik begiratu gabe.
Lanean hastean konturatu ziren uste baino aztarna gehiago zituztela inguruan. «Arrasto asko ez ziren ikusten; belardiak estalita zeuden, eta zaila zen toki askotara heltzea. Makinekin basoak garbitzean ezustekoak hartu ditugu; metrailadore habiena da adibide bat. Bagenekien hiru habia zeudela, baina garbitzean sei aurkitu genituen». Lubakiak eta babesguneak ere aurkitu zituztela azaldu du udaleko teknikariak. Basoa garbitu eta aztarna guztien sailkapena egin ondoren, ibilbidea diseinatu eta homologatu zuten.
Bisita asko jasotzen ditu Gueñesko bideak. Baina Euskal Herrikoak baino gehiago atzerriko herritarrak izaten direla azaldu du Garciak. «Urrun geratzen zaie herritarrei historiaren pasarte hau. Gainera, defentsa lerro hau egin arren, ez zuten erabili. Frontea ez zen hona iritsi. Burdin Hesia apurtzean Balmaseda eta Karrantza inguruetara egin zuten ihes, eta handik Santoñara. Burdin Hesiaren zati honek ez zuen zentzu handirik izan».

Artxanda
Guda zelaia aisialdi tokian
Bilboko Udalak hala eskatuta, Artxanda inguruetan zeuden aztarnak aztertzen hasi zen Orbela 2013an. Ingurumen, kultura eta natura esparruetan egiten du lan enpresak, eta 1936ko gerrari buruzko beste lan batzuetan ere aritu izan da lanean. Orbelak egin ditu, besteak beste, Ugaoko Burdin Hesiaren ibilbideko informazio panelak. Artxandan, inguruko aztarnak sailkatu dituzte orain arte, eta lubaki bat ere garbitu dute.
Bilbo inguratzen duten mendietan zer dagoen jakitea da berreskuratze lanetan egin beharreko lehen urratsa, Iker Lope de Bergara Orbelako kidearen arabera. «Ezaguna da Francoren aldekoek Bilbo hartu baino lehen batailak izan zirela bertan. Baina, defentsa lerroari dagokionez, ez da erraza zer dagoen eta non dagoen jakitea. Asko ez dira ikusi ere egiten».
Ezustekoa hartu zuten enpresako kideek Bilbo inguratzen duen mendia aztertzen ari zirela. Uste baino arrasto gehiago aurkitu dituzte. «Hogei arrasto baino gehiagoko katalogoa osatu dugu». Tartean, kilometro bateko lubakia, karlistadetan eta 36ko gerran erabilitako gotorleku bat eta metrailadore habia bat aipatu ditu Orbelako kideak. Arrastoen katalogoa eginda, horiei balioa emateko indusketak egin zituen, ondoren, Orbelak. Etor Telleria arkeologoaren laguntza izan dute horretarako. Bala zorroak aurkitu dituzte, besteak beste, lan horietan.
Garbitu dituzten eremuetan panelak eta geziak jartzen ari dira orain. 36ko gerrari buruzko eta Burdin Hesiaren eraikuntzaren inguruko informazioa jarriko dute bertan. Gerra garaiko eta gerraosteko tokiko argazkiak ere jaso dituztela azaldu du Lope de Bergarak. «Toki batzuetan oso argi ikusten da zer den aurrean dagoena, baina beste askotan ez. Orduko argazkiak jartzeak zer egon zen irudikatzeko balio du. Artxandako parkean lubaki bat dago, adibidez. Baina lubakia dela esaten ez badizute, ez zara konturatu ere egiten. Jarriko ditugun panelek eta material grafikoak horretarako balioko dute». Bilbo inguratzen duten mendietan gertatutakoei garrantzia ematea da Orbelak duen helburua.
Oraingoz ez dago ibilbide gidatuak egiteko proiekturik Artxanda inguruetan, baina herritarrei garai hartako gertakarien berri emateko biderik egokiena horixe litzatekeela adierazi du Lope de Bergarak.

Markina
Gudalekuetan oroimenari toki egiten
Ekimen propioz, 36ko gerrari buruzko informazioa biltzen hasi ziren Etxebarria eta Markinako hainbat norbanako. 2008an hasi zen Patxi Ibarzabal, tartean, herritarren lekukotzak jasotzen. Banakako lan hori elkartu eta oroimen historikoaren lanketari bultzada bat emateko asmotan sortu zuten Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea, 2011n. Eta, ordutik, testigantzak jasotzen, dokumentazioa biltzen eta gudatokiak aurkitzen ari dira Lea-Artibaiko bi herrietan. Handik iritsi da lurpetik atera duten azken hobiaren berria. Urte hasieran gorpuzkiak aurkitu zituzten elkarteko kideek Etxebarriako Zelaietaburuko lubaki bat garbitzen ari zirela. Joan den hilabetean atera zuten lurpetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean.
Memoria tokiak bilakatu nahi dituzte gudazelai izandako guneak Markinan eta Etxebarrian. Aztarnaz beterik dituzte bertako mendialdeak, eta horiek sailkatzeko lanean buru-belarri daude elkarteko kideak, Ibarzabalen arabera. «Ahal dena berreskuratzeko ahaleginak egiten gabiltza». Baina boluntario gisa ari dira memoria historikoaren berreskurapen lana egiten, eta prozesua motela da horregatik. «Lan asko dago egiteko. Herritarren lekukotzak jaso behar ditugu, dokumentazio lana egin eta gerra aztarnak garbitu. Lan asko dago, eta elkarteko boluntario lana da gurea».
Auzolanean egiten dute lan, eta egitasmoan ahalik eta herritar gehien biltzea da elkarteak duen helburua. Baina ez da lan erraza, Bizkaiko gainontzeko herrietan duten arazo bera baitute Markinan eta Etxebarrian ere. «Zaila da belaunaldi gazteak erakartzea, oso jende zehatza baita 1936ko gerraren inguruko interesa duena». Orain arte ezkutukoa izan da elkartekoek egin duten lana, etxe barruetan besterik ikusten ez den lana baita 36ko gerrako testigantzak hartzea edota lubakien bila mendi irteerak egitea. Baina egindakoa zabaltzen ari dira orain, eta Zelaietaburuko hobia aurkitu izanak ere eman du herri ekimenaren lanaren berri.
36ko gerrako gertakarien nondik norakoak herritarren eskura utzi nahi ditu herri ekimenak; ahanztura oroimenera ekarri.

Lemoa
Lubakiak lehengoratu, orainera ekartzeko
Lau urte dira Lemoan 1936ko gerrako oroimen historikoa berreskuratzeko lanekin hasi zirela. «Herriko helduek badakite guda garaian Lemoak zer garrantzi izan zuen, baina gutxi hitz egin da gaiaz, hala ere. Eta, gaur egungo gazteen artean, pasarte ezezaguna da 1936ko gerra. Hutsune horretatik abiatu zen oroimen historikoa berreskuratzeko egitasmoa», azaldu du Mikel Garcia Lemoako Udaleko gizartekintza teknikariak. Herrian dauden lubakiak garbitzen eta 1936ko gerrak herrian izan zituen ondorioak ikertzen dabiltza ordutik.
Udaletik abiatu zen oroimen historikoa lantzeko egitasmoa Lemoan. Baina herritarrak proiektuan biltzea nahi zuen, eta norabide horretan egin zuen lehen urratsa, Garciaren hitzetan. «Oroimen historikoaren lanketan herritarrak egotea ezinbestekoa iruditu zitzaigun, eta, udal ordezkariak eta herritarrak elkartzeko, Lemoatx 1937 batzordea eratu genuen». Memoriaren astea ere antolatzen dute ordutik, eta oroimen historikoari buruzko hainbat saio egiten dituzte.
Bi ildo lantzen ari direla azaldu du Garciak: ikerketa historikoa egitea, batetik. Eta, bestetik, Lemoatxa inguruan dauden defentsa aztarnak berreskuratzea. Aztarnak berreskuratzeko lanean egin dute urrats gehien lemoarrek. Nazioarteko auzolandegi programak antolatu dituzte azken bi urteetan, Eusko Jaurlaritzarekin batera. Koreako, Mexikoko, Taiwango eta Alemaniako gazteak aritu dira auzolandegietan, Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean. Eta Lemoatxa mendiko azpiegituren birgaitzea egin dute azken urteetan. «Hiru lubaki zati berreskuratu ditugu orain arte».
Aztarnetatik ibilbideak antolatzea da udalak duen helburua. Baina egitasmoa astiro doala dio Garciak. «Helburu bat da 1936ko gerrako aferak herrian garrantzia hartzea. Eta turismorako erakargarria izatea ere bai». Baina baliabideak urriak dira, eta pixkanaka emango dituzte pausoak. Ikasturte honetan, gertakarien ikerketa historikoari heldu nahi diote.
Orain arte egindako landa lanetan, borrokalari errepublikarren hobiak ere aurkitu dituzte Lemoan. Garciak azaldu du auzolandegiak prestatzeko lanetan Lemoatxan egindako azterketa batean hobia bat aurkitu zuela Aranzadi elkarteko kide batek. Zehazki, UGTko batailoiko Hilario Blanco barakaldarraren gorpuzkiak aurkitu zituzten.