Erakundeek Ibaiondoko hezkuntza publikoa utzita daukatela salatu dute

Erakundeek Ibaiondoko hezkuntza publikoa utzita daukatela salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak hezkuntza eredu horretan sumatu dituen gabeziei aurre egiteko baliabideak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari. Erakunde biek hartuak zituzten konpromisoak betetzeko eskatu dute. Leku kopurua handitzea eta “eskola politika klasista eta baztertzaileak” alde batera uztea dago euren aldarrikapenen oinarrian. Eta argi dute itunpeko ikastetxeei eskaintzen dieten arreta ez daukatela eskola publikoekin. Garcia Rivero, Miribilla, Mujika, Pagasarribide, Iruarteta, Gallegorria, San Adrian eta Ezkurtze zentroetako guraso elkarteek egin dituzte salaketak.

Aferaz afera aletu ditu antzeman dituzten arazoak Jokin Alberdi Ibaiondo barrutiko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateko kideak. Hainbat zentro handitu eta beste berriren bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak eta udalak zuten konpromisoa gauzatzea da aldarrikapenetako bat. Solokoetxen, Atxurin, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean hamabi urte daramatzate Emilio Campuzano institutuko heziketa zikloetarako zentro bat eskatzen. Helburua da bertako instalazioetan beste zentro bat izatea, barrutiaren beheko alde osorako Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa emateko. Asmoa, baina, bertan behera geratu zen, Jaurlaritza eta udala ez zirelako ados jarri.

Duela bost urte heldu zioten berriz ere eskaerari. Izan ere, gaur egun Garcia Rivero, Mujika eta Miribillako ikasleek, behintzat, hiru zentrotan egin behar dute euren hezkuntza ibilbidea: “Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa zentro desberdinetan egiten dute. Ez da logikoa. Beraz, aldarrikapen historiko honi heldu diogu”.

Solokoetxen iaz Batxilergoa egiteko lerroa zabaldu zuten. Hala ere, eskas deritzote eskaintzari. “Hemendik hiru urtera gainezka egingo du: Mujika eta Miribillatik datozen D ereduko ikasleek hura dute erreferentziazko zentro. Horregatik beteko da. Beraz, DBH eta Batxilergo ikasketak egiteko zentro indartsu bat behar dugu. Eta, oraingoz, adabakiak jartzen besterik ez dira ari”.

Jaurlaritzaren konpromisoa badute. Duela bizpahiru urte agindu zieten Zorrotzaurren egingo zutela Emilio Campuzanoko heziketa zikloetarako zentroa. Hiru urte barru zentro hori prest izatea nahiko lukete guraso elkarteek. Hala ere, Bilboko Eskola Kontseiluak esan die 2018aren bukaera aldera arte ez diotela entregatuko eraikina egiteko lursaila Jaurlaritzari. “Horrek dena atzeratuko luke. Beraz, obrak azkartzeko presioa egiten ari gara”.

Hazkunde demografikoa ere etsai dute erlojuz kontrako afera horretan. “Ibaiondo barrutiko goiko aldera —Miribilla, San Adrian eta Iralaberrira— familia asko joan ziren, etxebizitza ugari egin zirelako”. Hala, lau urtetik gora dira Jaurlaritzak “hiruzpalau obra handi egiteko” konpromisoa hartu zuela. Besteak beste, Pagasarribiden DBH ere sartzeko eraikin berri bat egin behar zuten, eta San Adrian handitu. Hala ere, ez dute horrelakorik egin.

Ikastetxe publikoetan gabezia horiek daude, baina itunpekoek, aldiz, bestelako onurak izan dituztela salatu du Alberdik. “Azken bost urteetan Abusu eta Miribillako zentroetan obra garrantzitsuak egin dira; publikoan baino askoz azkarrago. Hau ez da itunpeko ikastetxeen aurkako kritika bat, administrazioen jokabidearen aurkakoa baizik”.

Adibiderik argiena Urretxindorra ikastola handitzeko lanak direla azaldu du. Mercadona supermerkatu kateak bertan saltoki bat zabalduko duela eta, udalak Hiria Biziberritzeko Plan Berezi baten izapideak azkartu dituela diote. “Era horretako presarik ez du izan Zorrotzaurreko lanekin. Horrek agerian uzten du eskola publikoak merkataritza zentroaren atzetik jartzen dituztela. Udalaren lehentasuna da hirian Mercadona egotea, eskola publikoen arazoak konpondu ordez”.

Eskola klasisten aurka

Leku kopuruak handitu beharraz gain, aberatsen eta pobreen eskola ereduen aurkako aldarrikapena ere egin du Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak. Alberdik nabarmendu du behe klasekoen kontzentrazioa gertatzen dela zentro askotan. Hala, eskola batzuk bigarren mailako bihurtu dira, besteak beste emaitzen aldetik. Jaurlaritzak erraztu duen politika bat dela deritzo. Hala ere, familien aurreiritziei ere egotzi die erruaren zati bat.

Egoera horri buelta emateko konponbidea badutela sinetsita daude. Frogatu ere egin dute bertako ikastetxe batean. Zazpikaleetan dagoen Mujika eskola publikoan egin zuten esperientziak bermatzen du euren proposamena. “Oso matrikula gutxi zituen, leku ugari geratzen ziren hutsik. Orain, ez da plaza hutsik geratzen”.

Duela urte batzuk Atxurin lekurik gabe geratu ziren hogei familia inguruk hara jo zuten euren seme-alabak eskolatzera. Lerro bakarreko eskola bat da, eta orduan A eredua besterik ez zuen. D eredua ezarri zuten, eta, gaur egun, gorengo mailetan A eredua badago ere, gainerako guztiak D ereduko gelak dira. Hala, bospasei urtetan erabat aldatu da ikastetxearen egoera. “Talde handi bat horretan inplikatzea da gakoa. Guk hasi genuen bidea, baina gure atzetik familia konprometitu gehiago etorri ziren, eta gehienbat etorkinak zituen ikastetxea normalizatzea lortu genuen”.

Izan ere, sinetsita daude eskolek auzoaren errealitatearen isla izan behar dutela. Atxurin hori betetzen dela dio Alberdik. “Hori onuragarria da. Batzuek esaten dute gero eta etorkin gehiago dagoela. Gure eskolan %10 inguruan dira etorkinak. Kopuru hori errealitate soziologikoaren parekoa da. Eta hori da nik nire haurrentzako gura dudana: eskolan auzoaren isla izan dezala”.

Horretarako erakundeen konpromiso handia eskatu du. “Baliabide gehiago jarri behar dituzte, diskriminazio positiboa egin behar dute matrikulazio eremuan eta jendea animatu behar dute”. Gogora ekarri du eurak ate irekien egun batera gonbidatu zituztela Mujika zentroan. “Guk ere aurreiritziak izan genituen”. Baina aurrera egin zuten eta pozik daude lortutakoarekin. Miribillan ere lortu zuten A eredua kentzea. Beraz, Alberdik argi du zein den bidea. “Asko kostatzen da, norbere seme-alaben hezkuntza lehentasuna delako. Hala ere, askotan, pixka bat arriskatuta, askoz gehiago lortzen da”.