“Zortzi urte ziren gure eskualdea ez zela final batera iristen”

N. S. O.

Hego Uribeko helduen taldean lehiatuko da Peio Molinuevo Martin (Arrigorriaga, 1996). Gustura ari da, gai helduagoak lantzeko aukera duelako.

Kafe Antzokia bezalako plaza batean kantatzeko gogotsu zaudete?

Bai. Leku sinbolikoa da, eta pisu handia du Bilbon. Areto txikia da, baina gozoa. Lehenengoz egingo dut bertan bertsotan, eta baliteke nerbioek pasada txarra ematea, baina gogotsu gaude.

Plazetan ibilitakoa zara, edo txapelketa honetan soilik?

Noizbait egin izan dut saio txikiren bat bertso bazkariren batean. BBK-ko txapelketan 15 urte nituenetik ari naiz.

Zer-nolakoa izan da aurten finalera iritsi aurreko prozesua?

Parte hartu izan dudan txapelketa guztietan behin baino ez genuen izan aukera finalaurreko batera iristeko. Beti ibili gara itxaropen handirik gabe, beste taldeak, a priori, hobeak zirelako. Aurtengo lehen saioa Lea-Artibaikoen kontra lehiatu ginen. Askotan egin dugu haien kontra, eta beti galtzen genuen. Lehen fase hura pasatzea, beraz, izugarria izan zen. Eta, bigarrenean, Uribe Kostaren aurka egin genuen. Aurrekoan eurek kanporatu gintuzten. Beraz, aurten irabazi ahal izatea pozgarria izan da. Gainera, zortzi urte ziren gure eskualdea ez zela final batera iristen.

Eta Busturialdearen aurka zelan ikusten duzue zeuen burua?

Badakigu Busturialdeak oso talde ona duela. Hala ere, saiatuko gara. Egindakoarekin gustura iritsi gara honaino.

Gazteagoen taldean lehiatu izan zara, eta orain helduen taldean ari zara. Badago alderik?

Luzeagoa da, gazteen taldean baino bertso bat baino gehiago egin behar delako ariketa bakoitzean. Hala ere, gusturago geratzen zara. Izan ere, bertso gutxi abesteko aukera izanda, ideia guztiak azaleratzeko aukerarik ez duzu izaten. Gaiei dagokienez, serioagoak izaten dira, helduagoak. Gazteagoen taldean sarri ez da izaten gaiari heltzeko aukera handirik.

Pil-pilean diren gaiei jaramon egin beharko diezu gehiago, gaietan jantziago egoteko.

Bai, eta hori beti da aberasgarria. Esaterako, lehen saioan, Markina-Xemeinen jarri zidaten gaia hau izan zen: “Gaur berriro ere ertzainak dituzu etxeko atarian zain”. Arnaldo Otegirekin egin nuen lotura, egun horretan bertan atera zelako kalera. Horrek beste xarma bat ematen dio bertsoari, eta ikus-entzuleengana iristeko ere hobea da.

Talde moduan zein ariketatan moldatzen zarete ondoena, eta zeinetan txartoena?

Ez dugu zehaztu bakoitzak zer egingo duen. Egunean bertan erabakitzen dugu, bakoitzaren gogoen arabera. Ahultasuna zein den, ez dakit. Dena da egunaren araberakoa.

Zer espero duzu gaurko finaletik?

Norbere buruarekin gustura egotea eta saio polit bat egitea. Norbanakoaz gain, taldeak ere saio polita egitea nahiko nuke. Irabazten badugu, askoz hobeto. Baina Bilbo bezalako hiri handi batean egun polit bat euskaraz pasatzea da asmoa, eta ahalik eta gehien gozatzea.