“Neuri puntu erantzunak ematen dit beldurrik handiena”

N. S. O.

Gazteenen taldean ariko da lehian Lurdes Ondaro Mallea (Munitibar, 1997). Txapelketan sarri hartu du parte, eta lasai dago finalerako, Busturialdeko taldekideen antzera. Era horretan aritu dira lehiaketa osoan, txapelketa ezagutzen zutelako.

Kafe Antzokian kantatzeko gogotsu zaudete?

Bai, batez ere hainbat urtetan parte hartu izan dugun txapelketa denez, ilusioa egiten digulako finalera heltzeak.

Zelan hartu duzu lehiaketa? Zer-nolako esperientzia izan da finalera iritsi aurrekoa?

Esan bezala, ez zen parte hartzen genuen lehen aldia, eta beti joan izan garen era berean kantatu dugu. Lasai, oro har, agian jadanik BBK ezagutzen dugulako, eta badakigulako zer den.

Espero zenuten finalera heltzea?

Espero, ez genuen espero. Bi kanporaketa dira finalaren aurrekoak, eta zortea izaten da askotan beste ezer baino gehiago. Aurten heltzea tokatu da, eta pozik gaude.

Ariketei dagokienez, zein da zuen indargunea eta zein punturik ahulena?

Talde eran horri erantzutea ez da erraza, askotan saiotik saiora taldea bera ere aldatu egiten delako. Neuri puntu erantzunak ematen dit beldurrik handiena.

Aurtengo lehiaketan, Bizkai osoko taldeak ibili zarete lehian. Horrek indar gehiago ematen dio lehiaketari?

Osotasuna emango dio, agian. Hala ere, azken finean, eskualde baten izenean edo bestearenean, ez dut uste orain arte ere inor abestu gabe geratu denik bere eskualdearen falta zuelako.

Bertsolaritzan murgiltzeko baliagarriak dira era horretako sariketak?

Bertso mundura gehiago zabaltzen zaituzte barnetegiek eta antzekoek, baina, BBK bera taldekako txapelketa izaki, ematen du jendea ezagutzeko aukerarik.

Plazetarako bidea zabaltzeko aukera ematen al du txapelketak?

Bat-batean hasi berri zarenean lehengo plaza izan ohi da BBK-koa, lehen aldiz jendaurrean kantatzen ikasteko aukera ematen dizuna. Bide horretatik esan daiteke, bai, zabaltzen duela plazetarako bidea.

Zer espero duzu gaurko finaletik?

Gogotsu joango gara; ondo eta lasai kantatzeko gogoz, zalantzarik gabe. Irabazten badugu, primeran, eta bestela ere pozik geratuko gara.