“Neska gazteak izan ziren gu ikusten finalean. Garrantzitsua da hori oso”

P.A.Z.

Emakume Cup txapelketako Lehen Mailako finala irabazi du Irati Etxebarriak (Larrabetzu, 1991). Oraingo honetan, aurrelari gisa jokatu du, eta Patri Espinar izan du bikote, atzelari lanetan.

Zenbat denbora daramazu esku pilotan jokatzen?

Hamar urterekin hasi, eta bi urtez aritu nintzen esku pilotan. Gero utzi egin nuen, mutilek alde handia ateratzen zidatelako. Duela pare bat urte, Larrabetzun emakume batzuek esku pilotan jokatzen zutela ikusi nuen, eta orduantxe hasi nintzen berriz.

Nolako entrenamenduak egiten dituzue?

Astearteetan eta ostegunetan bi orduz entrenatzen gara frontoian. 22 neska biltzen gara, eta entrenatzailea ere badaukagu. Nik lasterka ere egiten dut, baina nire kontu.

Esku-hutsik aritzen zara?

Hasieran, eskularruekin jokatzen nuen, baina partida batean eskularrua kendu eta esku-hutsik hobeto moldatzen nintzela jabetu nintzen. Ordutik, esku-hutsik aritzen naiz. Pilota goxoak dira, eta ez dute minik ematen. Lehen, atzean jokatzen nuen, baina azkenaldian aurrean jokatzen dut.

Badago zaletasunik? Jendea biltzen da zuen partidetan?

Emakume Cup txapelketaren finalean aho zabalik gelditu ginen. Jende mordoa etorri zen partidak ikustera. Udako jaietan Irujok ere ez zuen pilotalekua hainbeste bete. Pablo Berasaluzek ere ikusi zituen finalak, eta beren partida askotan baino jende gehiago zegoela aitortu zuen.

Txapelketa soil bat baino gehiago izan dela esango zenuke?

Ume eta neska gazte ugari izan ziren gu ikusten. Hori oso garrantzitsua da. Horientzat erreferente izatea da gure helburua. Eta txapelketak horretarako balio izan du. Ez dugu profesional izan nahi. Gure zeregina bestelakoa da.

Txokoan elkartea zein helbururekin sortu duzue?

Gure proiektua oso zabala da. Esku pilotan jokatze hutsetik haratago doa: eskoletara joaten gara umeei azalpenak emateko, eta neskek ere esku pilotan egin dezaketela erakusteko. Erreferente izan nahi dugu, eta jendea kontzientziatu. Argi dago pilota gizonen kirola izan dela beti, baina hori aldatu egin behar da. Bakoitza bere mailan aritu daiteke.

Txapelketa handi horietaz gaindi, emakumeen esku pilotak ba al dauka beste zirkuiturik?

Txapelketez gain, herrietako jaietan jokatzeko ere deitzen digute. Partida dexente egin ditugu han eta hemen. Txapelketa handien oihartzuna onuragarria dela esango nuke; nobedadea izan gara, eta, zentzu batean, horregatik interesatzen da jendea.

Aurki, partidarik?

Larunbatean Iruñera goaz, hango Aldatze emakume pilotari elkarteak antolaturiko torneora. Eta apirilean Bartzelonara goaz; han ere badaude esku pilotan jokatzen duten emakumeak.