“Euskararen erabilera areagotzeko lanean jarraituko dugu guk”

“Euskararen erabilera areagotzeko lanean jarraituko dugu guk”

A.L.A.

Herrian euskararen erabilerak behera egin duela sumatu dute Ean. Handia da hizkuntzaren ezagutza, eta, oraindik ere, arnasgune bat da Busturialdeko herrixka. Baina horrek ez du apaltzen udal ordezkarien kezka, eta arnasgune izaera horri eusteko Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzea erabaki zuen azaroan. Handik lau hilabetera, Eako Udala salatu du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Udalaren eskumenak gainditzea leporatu dio Urkijok erakundeari, baina, hori baino gehiago, euskaraz bizitzeko ahaleginen aurkako neurria da salaketa, Iratxe Arriola udalerriko alkatearen arabera (Ea, 1980).

Zer dio Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak udalean jarritako salaketak?

Euskal Herriko beste hainbat herrietan ezarri direnen ildo beretik doa Eako Udalean jarri duten helegitea. Uemako kide izatearen aurkako neurria da, nolabait.

Nola jaso duzue?

Harriduraz hartu genuen guk berria. Bagenekien aurreko agintaldian antzeko helegiteak jaso zituztela Gipuzkoako herri batzuek. Estatutuetan jartzen zuen arreta helegiteak. Dionez, udalak ez du euskararekiko eskumen esklusiboa, eta, hortaz, udalei ez dagokie mankomunitatea eratzea konpetentzia esklusiboa ez duen gai baten baitan. Horren arabera jarri zituen helegiteak joan den agintaldian ere, eta epaitegietan galdu egin zituen salaketa gehienak. Horren harira, Uemako estatutuak aldatu zituzten. Euskararen inguruko lanketaz gain, udal eskumeneko beste gai batzuk ere hartu zituen bere gain.

Salaketa jarri dizuete, hala ere.

Behin aldaketa horiek eginda, ez genuen uste helegitea jasoko genuenik. Gainera, Udal Legea ere onartu berri dute, eta horrek ere gainditu egiten du Espainiako Gobernuko ordezkaritzak mahaiaren gainean jartzen duen esparru murriztaile hori. Beraz, testuingurua aintzat hartuta, ez dugu ulertzen zertara datorren helegitea. Ez dakigu euskararen aurkako neurria den, ala euskaldunak bigarren mailako herritartzat hartzen gaituzten, ala horrelako gauzak defenditzen ditugun ordezkariei ezpata jarri nahi diguten gainean… Baina egia da kezka sortzen digula. Ez dugu ulertzen oraindik ere kontu hauekin tematuta aritzea, batez ere, orain arte egin dituzten salaketa gehienak galdu dituztela ikusita.

Zergatik hartu zuen Eak Ueman sartzeko erabakia?

Azken urteetan egin ditugun euskara planek erakusten dute euskararen erabilerak dezente egin duela behera. Eta egoeraren azterketa horretatik aproposa iruditu zitzaigun beste herri batzuekin batera lan egitea. Funtzio hori betetzen du, hain zuzen, Uemak. Udalerriak euskalduntzeko lanean ari da mankomunitatea, eta guk erabileran dugu kezka nagusia. Hor ikusten baita gainbehera nagusia. Eta haurrengan nabari da gehien. Gurasoak euskaldunak izanda ere, erdaraz mintzo dira, eta, euskara ezagutzen duten arren, gaztelania zaleagoak dira. Alegia, egoera hori ez da hizkuntzaren ezagutza faltagatik gertatzen.

Hori iraultzeko baliabideak emango dizkizue Uemak?

Hori da dugun asmoa. Herriko lanketa abiatu eta euskararen erabilera nola indartu aztertu nahi dugu. Moda kontua baldin bada euskara ez erabiltzea, bada, horri buelta eman beharko diogu. Euskal Herriko beste herri batzuetan zer gertatu den eta zer-nolako neurriak hartu dituzten interesgarria da bide horretan. Izan ere, gu geu informatzea da lehen urratsa, eta horretan laguntza emango digu mankomunitateak. Baina argi dago lanketa hau ezin duela udalak bakarrik egin. Udalean ere neurriak hartu behar dira, baina arazoak erakundea gainditzen du. Herritarren parte hartzea beharrezkoa izango da prozesuan.

Herritarrekin batera adostu zen mankomunitatean sartzea?

Ueman sartzea ez da goizetik gauera erabaki den zerbait. Lanketa baten emaitza da, eta herritarrekin batera egin da prozesu hori. Bilera asko egin dira azken urteetan, eta asko dira euskararen egoerari buruz egindako azterketak. Aurreko agintalditik dator hau. Gaur egun udal ordezkari garenok ekainean sartu ginen udalean. Baina azken urteetan lan asko egin da. Tartean, euskara batzordea eratu. Herritarrek eta zinegotziek parte hartzen dute batzordean. Azken urteetan euskarari buruzko bilkuretan parte hartu duten herritarrek begi onez ikusi dute Ueman sartzea.

Beharrezkoa da herritarrak prozesuan inplikatzea.

Argi dago kide izateak, bere horretan, ez digula arazoa konpontzeko errezeta magikorik emango. Herritarren inplikazioa eskatuko du. Baina lagungarria izan daitekeela uste dugu, eta erabakia horren harira hartu genuen. Edonola ere, oso argi dugu gauzak ez direla goizetik gauera aldatuko, eta laguntza honekin ere ikusiko dugu noraino heltzen garen. Garrantzitsuena da norabide horretan pausuak ematea. Eta Ueman sartzea pausu horietako bat da. Guk herritarrekin batera adostu dugu hori.

Herritarrek nola jaso dute salaketa?

Duela gutxi jaso dugu salaketa, eta oso gutxi zabaldu da herrian. Hori ere aztertzea dagokigu orain. Ikusi beharko dugu nola zabaldu helegitearen auzi hau, eta gaia nola landu.

Nola erantzungo diozue salaketari?

Jarritako helegiteari erantzun behar diogu orain. Hartutako erabakiaren defentsa egin eta erabakia zergatik hartu genuen ere azalduko dugu. Salaketak ez du inolako zentzurik. Udalerri asko daude Ueman kidetuta. Eta orain arte mankomunitatearen parte izan direnek ez dute arazorik izan. Zergatik jartzen zaizkie oztopoak Ueman sartu nahi duten udal berriei? Uema legezkoa baldin bada, eta ondo eratutako mankomunitatea baldin bada, zergatik jartzen zaizkie trabak kide berriei? Hori guztia landu beharko dugu helegitearen erantzunean. Bitartean, euskararen erabilera areagotzeko lanean jarraituko dugu guk, Uemarekin batera.