Soldatarik gabe lanean

Soldatarik gabe lanean

Natalia Salazar Orbe

Trapagarango eguneko zentroko bederatzi beharginek ez zekiten zer aurkituko zuten martxoaren 1ean, asteartez, lanera joan zirenean. Azken urteetan egoitza kudeatzeko kontzesioa izan duen Clece-Selectia enpresen behin-behineko elkarteak iragarria zuen lan hori utziko zuela otsailaren 29an, kontzesioaren epea amaitzean. Hala azaldu du Julio Fombellida ELAko ordezkariak. Udalaren ardurapekoa da egoitza, baina, beharginek joan den astean egin zuten manifestazio eta aldarrikapenen ostean, etenda zegoen batzuen eta besteen arteko harremana.

“Ezuste izugarria” hartu zuten, iritsi, eta arratsaldean jakin zutenean Clecek jarraituko zuela kudeaketarekin, lizitazio plegua atera bitartean. Are gehiago harritu ziren enpresak bere asmoak azaldu zizkienean: “Nominarik ez duela ordainduko esan digu. Sinestezina da: enpresa auzitara eraman du udalak, ez dakigu zer gertatuko den, eta, hala ere, udalak enpresa bera mantentzen du lizitazio berria atera arte”.

Erabakia ez zen ezusteko bat izan, ezin baita utzi egoitza zerbitzurik gabe. Hala ere, beharginak beldur dira. Badakite eguneko egoitza ixtea izango litzatekeela udalaren arazo nagusia; ezin duela hori egin. Baina, hori saihesteko, arazoa konpondu bitartean enpresa berarekin jarraitzea erabaki dute. Alegia, ordaintzen ez dien enpresarentzat lanean jarraituko dute beharginek. “Udalak auzia epaitegietara eraman du, eta ebazpena atera arte langileek ez dute kobratuko. Hori ez da konponbidea”.

Soka luzeko gatazka izan da Trapagarango eguneko egoitzarena. Baina azken asteetan bi fronte izan dira zabalik: batetik, langileek kobratu ez dituzten zenbait soldata jasotzeko eskaera egin dute; bestetik, egoitzaren kudeaketa noren esku geratuko den argitu gabe geratu da kontzesioa bukatutakoan. Hala, langileen egoera ere kolokan dago. “Juridikoki kaleratze automatiko bat izango litzateke”, dio ELAko ordezkariak.

2015era arte, langile batzordearekin adostutako baldintzak betetzen zituen Clecek. Urte horretan bertan beharginek jakin zuten enpresak 14.000 euro eskatzen zizkiola udalari. “Itxuraz, bien arteko akordioaren barruan kokatzen zen zenbatekoa”. Maiatzaz geroztik eskatu du enpresak diru hori.

Abenduan sortu zen ezinegona; beharginek ez soldatarik ez aparteko pagarik ez zuten jaso. Batzarra egin, eta argitu zuten zer gertatzen ari zen. “Udalak 14.000 euroak ordaindu arte ez zutela nominarik ordainduko azaldu zuen zuzendaritzak”. Sindikatuak eskatutako behin-behineko neurriak onartuta, abenduko soldata eta apartekoa jaso berri dute langileek. Urtarrilekorik ez, ordea. Eta otsailekoa ere, itxuraz, ez dute jasoko. “Aintzat hartuta kontzesioa hartzeko lehiaketa otsailaren 29an bukatu zela, lehiaketa ebatzi arte itxaron behar badugu, langileek martxoan ere ez dutela soldatarik izango ondoriozta liteke”.

Udalaren asmoak zeintzuk diren jakin badakiela sinetsita dago Fombellida. “Enpresa berria sartzen denean, hark ordainduko ditu lansariak eta epaitegiek ebatziko dituzte, etorkizunean, egindako eskaera guztiak. Baina, bien bitartean, zerekin biziko dira langileak?”.

Beharginen eta udalaren arteko harremanak tenkatu egin dira, gainera. Manifestazioa egin zuten langileek joan den astean, herrian. “Mobilizazio harengatik haserre daude”, dio ELAkoak. Eta haserre, zerbitzu publiko bat eskaintzeko egunero lanera joanik soldatarik ez dutela jasoko badakiten beharginak. Egunak joan egunak etorri, udalarekin harremana berreskuratu eta konponbidea aurkitzeko zain daude.