“Presoak etxeratzea da bakea irabazteko irtenbide bakarra”

“Presoak etxeratzea da bakea irabazteko irtenbide bakarra”

Izaro Mendieta

“Hitzekin azaldu ezin daitekeena” bizi izan zuen Aingeru Cardañok (Bilbo, 1979) Zaragozako Darocako espetxetik atera zen egunean. Jende ugari bildu zen Munitibarko plazan, bertako bizilagunari harrera beroa egiteko. “Ikaragarria” izan zen santutxuarrarentzat egun hura.

 

Nolakoa da aske sentitze hori?

Maila pertsonalean, asko poztu nintzen askatasuna lortzeaz, espetxea atzean utzita. Baina, bestalde, kartzelako egoeraz kezkatuta sentitu nintzen.

Zein da hango egoera?

Teorian, malguagoa izan behar luke kartzeletako egoerak, baina bertatik bertara egiaztatu ahal izan dut egoerak berdin edo txarrago jarraitzen duela. Espetxe bakoitza mundu bat da; are gehiago, espetxe bakoitzeko modulu bakoitza mundu bat da, eta horrekin jokatzen dute. Baina, esaterako, gutunak presoen eskuetara ailegatzerako denbora asko pasatzen da; bide horretan, gainera, irakurri egiten dituzte. Euskal preso politikoei ukatu egiten diete ikastaroetara edota tailerretara joatea, bisitak egiteko ordutegi jakin bat ezartzen diete, kartzelan bertan ere euskal presoak sakabanatu egiten dituzte… Azken finean, besteengandik bereizi egiten dituzte euskal preso politikoak.

Egoera hori are larriagoa bilakatuko da gaixo dauden presoentzat…

Nik, esaterako, Aitzol Gogorzaren kasua gertu-gertutik bizi izan nuen Basauriko kartzelan nengoenean.Oso gogorra egin zitzaidan ikustea hamazazpi-hamazortzi urte kartzelan daramatzan pertsona bat egoera horretan; sufritzen ikustea benetan gogorra izan zen. Gogorzarena, nire ustez, Espainiako Estatuaren krudelkeriaren adibide garbi bat da. Beraiek badakite pertsona horren gaixotasuna sendaezina dela, eta ezin daitekeela egoera horretan pertsona bat giltzaperatuta eduki. Hala ere, hori da egiten dutena; xantaia hutsa egiten dute. Aitzol askatzeko, trukean, ustez egindakoaz damu dela dioen agiria sinatzeko eskatzen diote.

Gaixo daudenak eta ez daudenak sakabanatuta dauzkate. Zein ondorio ditu horrek?

Gogorza, adibidez, Basaurin daukate preso, baina urrun dituzten preso gaixoentzat egoera are gogorragoa da, eta osasuna hobetzea are zailagoa bihurtzen da. Hori da sakabanaketaren helburua: presoak suntsitzea. Horretarako bidaltzen dituzte herritik urrun, gertukoengandik urrun. Gaixo daudenentzat, mina izugarri handitzen da. Sakabanaketak, gainera, presoak baino gehiago, horien senide eta ingurukoak zigortzen ditu. Gertukoa urrun egoteak dakarren arriskua, neke psikologikoa, galera ekonomikoa… Beste oztopo bat da.

Eta, espetxe barruan, nolakoa da egunerokoa?

Preso bakoitzak askeago sentiarazten duen zerbait bilatzen du: dela kirola egitea, dela irakurtzea, dela ikastea… Hala ere, espetxe barruko aukerak ez dira asko izaten. Ziegatik kanpo egoteko bakoitzak duen denboraren araberakoa ere izaten da hori. Ni, esate baterako, erregimen irekian egondakoa naiz, eta baita erabat itxian ere. Egunean 22 orduz barrote artean egona naiz, eta 27 orduz jarraian ere bai. Gu animalia sozialak gara, eta harremanak edukitzea beharrezkoa dugu. Ziega barruan, egoeraz hausnartzen saiatzen da presoa. Etsaia da bertara eraman duena eta zigortzen duena. Eta, beste aldeak, presoa bera du etsaitzat. Horren aurrean indartsu sentitzen da giltzaperatutakoa. Kanpoan bezala, barruan ere, egunak eta egunak izaten dira; batzuk hobeak, eta txarragoak besteak.

Egia esateko, presoen egunerokoa monotonoa izaten da, eta apenas gertatzen den ezer berezirik. Horregatik, gauza txikiei balioa ematen ikasten da. Barruan zaudenean, kalea asko amesten da; horregatik, presoak ameslari hutsak direla esan izan dut beti. Planak egiten ematen dira espetxeko momentu asko eta asko.

Zeintzuk ziren zure ametsak?

Batetik, amets pertsonalak nituen, eta, bestetik, kolektibo osoari begirakoak. Gauza txikiei ematen nien nik neuk garrantzia: Munitibartik Aulestira lagunekin korrika egitea neukan, esaterako, buruan. Edo herriko jendeagaz poteoa egitea. Nire musika taldeagaz entseatzea edo kontzerturen bat ematea ere bai… Ez nuen amets handirik egiten, barruko ametsak kanpoan betetzeko zailak direlako.

Etorkizunera begira izaten dira, beraz, presoak?

Nik uste dut presoarentzat garrantzitsua dela espetxean igarotzen duen denbora bizitzen jakitea, egun, hilabete edo urte horiek ez baitira bueltatuko. Ez du balio kartzelako urteak ez kontatzeak, eta etorkizunerako planak egiten jartzeak. Adorea eduki, eta egunerokoan bizi beharra dago. Eremu txikian, libre izaten saiatu beharra dago. Presoei ezartzen dizkieten espetxe dinamikak apurtu beharra dago. Eta horretarako guztirako, aipatutako gauza txiki horiez baliatu behar da.

Espetxean oso egoera dramatikoak jasan behar izaten dira, eta egoera bera ere nahiko deprimigarria da, baina aurre egin behar zaio horri.

Zer pentsatzen du aita den presoak?

Sentimendu ezberdinak izaten dira; batetik, kontziente zara kartzelan igaro behar duzun denboran ez zarela semearekin egongo, eta, bestetik, badakizu ardura guztia amaren gainean geratzen dela. Orduan, errudun sentitzen zara. Egoera zaila da, baina espetxean nork bere buruan pentsatu beharra du, denbora osoan kanpora begira egon gabe.

Eta nolakoak dira preso batentzat espetxeko azken egunak?

Ni, esaterako, atzera kontua egiten hasi nintzen. Baina lasai egoten saiatu nintzen; batetik, nigatik, eta, beste batetik, aldameneko kideengatik, horiek baitira barruan geratzen direnak. Aurreko egunetan lo gutxi egin nuen. Ateratzeko irrikan nengoen.

Kalean euskal presoen eskubideei lotutako hainbat ekinaldi egiten dira. Ba al da espetxe barruan ere aldarrikapenentzako tarterik?

Espetxe barruan dagoen kolektiboak aurrera eramaten ditu hainbat ekintza, horiek baitira izaera politikoa ematen dutenak. Elkarretaratzeak egiten dira, esaterako. Espetxe bakoitzeko kideei askatasuna ematen zaie nahi duten protestak egiteko; guk, adibidez, espetxeko janariari uko egiten genion hileko azkenaurreko eta azken barikuetan.

Etorkizunean egoera aldatuko den esperantza duzu?

Espetxe kriminal hau bukatu egin behar da. Espainiako eta Frantziako espetxeak preso politikoz husten ez badira, borrokarako fase hau ezingo da itxi. Azken urteetan Espainiako Estatua blokeatuta dagoela entzun izan badugu ere, gezurra da hori. Erasoaldian jarraitzen du Espainiak, eta, horren aurrean, guk ere jokatu egin behar dugu. Ez dakit gerra irabazi edo galduko dugun, baina bakea da irabazi behar duguna. Eta hori lortzeko irtenbide bakarra presoak etxeratzea da. Presoek dena eman dute; orain, gizarteari dagokio erantzutea.