Oztopoak trenaren errailei

Oztopoak trenaren errailei

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Anbotok zaintzen du Atxondo. Margolana balitz legez, Mariren egoitza da etxe gehienen leihoetako paisaia. Baina azkar alda liteke hori. Haitzak ikusi beharrean, 1,5 kilometroko luzera eta 60 metroko altuera duen porlanezko bidezubia da atxondarrek leihora ateratzean izango duten paisaia, AHTaren lanak hasiz gero. Elorriokoarekin batera, derrigorrezko desjabetzeak egin gabe dituen zati bakarra da Bizkaian. Adifek ekainean adjudikatu zituen lur horietako lanak, 67,8 milioi euroan, eta desjabetze prozesuari ekin dio berehala. Espainiako Gobernuko ordezkaritzan aktak sinatzeko ordua zuten Atxondo eta Elorrioko lurjabeek hilaren 2an. Ez dute berehala etsi, ordea. Aktak sinatzeari uko egin, eta helegiteak aurkeztu dituzte bi udalerrietako udalekin, desjabetze prozesuan “akatsak” daudela argudiatuta. Badakite edonoiz beraien lursailetara joan daitezkeela, baina, ilunenean ere argia ikusten dute atxondarrek, David Cobos alkatearen arabera. “Egunero ari gara irabazten. Lanak hasi gabe igarotzen den egun bakoitza garaipen bat da”.

25 familiaren baino gehiagoren lurretatik igaroko da tren lasterra Atxondon, eta, lanak abiatzeko, lursailak desjabetu behar ditu lehenik eta behin Adifek. Euskal Y-aren lanak adjudikatu eta hilabetera, aktak sinatzeko ordua jarri zien enpresak udaletxean. Ez zuten egin, eta Espainiako Gobernuko ordezkaritzan hitzordua jarri zieten gero. Horri ere uko egin diote jabeek, eta helegitea ere jarri dute. Eta azaldu du zergatia Cobosek: “Legeak jasotzen du aktak jabeen lursailetan sinatu behar direla. Akten helburua lur eremuen deskribapena egitea da. Lursailean zer dagoen jasotzea, alegia. Helburua hori bada, logikoena da jabeek beren eremuan sinatzea aktak, zer dagoen eta zer ez zehazteko”.

Kalteak aztertzeko premia

Legeari tiraka ari dira atxondarrak Euskal Y-ak herria gurutzatuko zuela jakin zutenetik. Xehe-xehe aztertzen ari dira tren lasterraren lanak abiatzeko txosten eta arauak. Eta horietan aurkitutako okerretatik tiraka dabiltza 2003tik. Tren lasterrak herrian eragingo lituzkeen kalteak aztertzeko ikerketa egitea eskatu zion EAJren udal gobernuak MECSA aholkulari enpresari urte horretan. AHTak ingurumenean kalte handiak eragingo zituela azalarazi zuen ikerketak, askoren artean. Eta, lanek aurrera eginez gero, herriak erakargarritasuna galdu eta biztanleria galtzeko aukera zegoela jasotzen zuen. “Txostenak azaltzen zuen aukera guztien artean herritarrentzat txarrena zen bidea marraztu zela”. Are gehiago, ekonomikoki eta teknikoki bideragarriagoak ziren egitasmoak ere jasotzen zituen.

Jaurlaritzak eta Madrilek aholkulari enpresaren azterketan jasotzen zen bide alternatiboa aintzat hartzeko konpromisoa hartu zutela azaldu du Cobosek. Eta bide berria marrazteko hainbat saio egin zituzten herrian ere. “Zundatzeak egin zituzten herriko hainbat lursailetan, eta Abadiño eta Elorrioko bideak ere aldatu zituzten Atxondoko tartea aldatzearekin batera”.

Kalte gutxiago eragiten zuen bidea marraztu zen. Baina horrek ez du esan nahi proiektu berriak ingurumenean kalterik eragiten ez duenik. Eta hori da, hain zuzen, udalak egin zuen eskaera: tren lasterraren bide berriak ingurumenean zuen eragina aztertzeko txostena eskatu zuen. “Proiektu aldaketa batek ere ingurumenean eragingo dituen kalteei buruzko txostena jaso behar du, legez”. Eskaera egin eta berehala iritsi zitzaien erantzuna. Bide aldaketa bertan behera utzi, eta tren lasterraren jatorrizko proposamenari eutsi zion Jaurlaritzak berriz. Atxondo herriari kalte handiena eragiten dion proiektua, alegia. Erabaki horren atzean eragin politikoa dagoela uste du Cobosek.

Buelta hasierako geltokira, beraz. Eta buelta lehenengo proposamena aztertzera. Hasierako bideak eragingo dituen kalteetan jarri dute lupa orain Atxondon. “Euskal Y-a aurkeztu zenean, eragingo dituen gutxieneko kalteak aztertu ziren, eta azpiegitura guztiari zegokion datuak jaso zituzten egindako txostenean. Oso orokorra da”. Azterketa egin zutenetik hona, herriko ingurumenean aldaketak izan direla uste du alkateak, eta duela hogei urteko datuak ezin daitezkeela aintzat hartu gaur egungo lan bat egiteko. Kexa horren aurrean jaso duten erantzuna azaldu Cobosek: “Madrildik esan digute lanak 2006an hasi zirela, eta hori baliatzen dute azterketa baliozkoa dela argudiatzeko. Lanak Urbinan hasi zituzten, eta Atxondo oraindik ez dute ukitu”.

“Ez du zentzurik”

Trenak ez du zentzurik, Cobosen arabera. Eta Madrilen ere azpiegituraren bideragarritasuna zalantzan jartzen dutela uste du. “Diotenez, 2020rako eraikita egongo da. Baina hasierako lanak dira bukatuko dituztenak. Gero, zerbitzua eman eta mantendu egin behar da”. Gaur-gaurkoz dauden azpiegituren zaman, beste karga bat sartzea ekarriko du AHTak, haren ustez. Bizkaiko hainbat azpiegituraren egoera jarri du horren adierazle gisa; Supersur, Artxandako tunelak, Autzagane eta Ermuko saihesbidea, besteak beste. “Horiek ordaindu eta mantendu ezinik gabiltza, eta AHTa gehitu nahi diogu horri. Euskal Herria hipotekatu nahi dute, gizarte zerbitzuetatik murriztu, azpiegitura horiek guztiak ordaindu ahal izateko”.

Gero eta gehiago dira tren lasterraren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten datuak. Espainian, Madril eta Sevilla elkartzen dituen tren lasterra egiteko 47.000 milioi inbertitu zituzten, eta 14.200 jaso dituzte, 1992an martxan jarri zutenetik hona. Erabilerak ez du inbertsioa estali. AHTari dagokionez, oraindik ere, ez dute zehaztu txartelen prezioa zein izango den. Baina ez da tren lasterraren gauza ezezagun bakarra. Europa eta Espainiako tren lasterren sarearekiko loturak kolokan daude oraindik. Euskal Y-a Europarekin lotzeko Bordele eta Hendaia arteko zatiari dagokionez, 2032ra arte ez du ezer erabakiko Frantziako Gobernuak. Eta Gasteiz eta Burgos arteko lanak ere geldi daude.

AHTaren lanak bertan behera uztea zentzudunena dela dio alkateak. “3.000 milioi euro gastatu diren arren, hobe da hasita dagoen lana bukatu gabe uztea, azpiegitura bukatzeko gehiago inbertitu eta mantenurako beste horrenbeste gastatu behar bada”. Argi dio Atxondok bide horretan lan egiten jarraituko duela.