“Langileen protesta bat ezin da diru arazoengatik utzi”

“Langileen protesta bat ezin da diru arazoengatik utzi”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Atzo abiatu zen Correscales, Bilbo eta Bartzelona elkartuko dituen prekaritatearen aurkako martxa. 800 kilometroko bidea du aurretik: 80 txanda hartze izango dira, eta 80 herri gurutzatuko dituzte. Movistarreko langileek joan den ekainean abiatutako borrokaren testigua hartu du Correscales egitasmoak. Lan baldintza duinak eskatzeko borrokan aritu ziren Bizkaiko eta Bartzelonako multinazionaleko lineen mantentze lanen azpikontratetako langileak eta autonomoak. Greba mugagabe luze baten ondoren, akordioa lortu zuten Bizkaiko teknikariek ekainean, eta borrokaldian jasotako babesa itzuli eta lan baldintza duinen alde borrokan dabiltzan langileentzat babes ekonomikoa lortzeko arituko dira lasterka egunotan, Alain Alonso Movistarreko teknikariaren hitzetan (Barakaldo, 1977).

 

Nola sortu da Correscales egitasmoa?

Movistarrek azpikontratatutako instalatzaile eta mantentze teknikariek ia hiru hilabete egin genituen greba mugagabean. Zehazki, 74 egun egin genituen greban Bizkaiko 170 teknikarik. Lan baldintzak okerrera egiten hasi ziren, eta prekaritate gordinean ari ginen gure eguneroko jardunean. Movistarrek merkatu kontratu eredu berria jarri zuen indarrean, eta egoera are gehiago okertu zuen horrek. Autonomo gisa gu kontratatzen gintuzten azpikontrata biek [Comfica eta Elecnor] multinazionalak inposatutako eredua onartu zuten, eta lanaldiak luzatu eta soldatak gutxitu zizkiguten guri. Egoera jasanezina egin zitzaigun, eta greba hastea erabaki genuen. Luzea eta gogorra izan zen gure borrokaldia. Baina zortea izan genuen Bizkaian, eta, protesten eraginez, akordioa lortu genuen. Azpikontrata bien langile zerrendan gaude denok orain. Horrela jarraitzea erabaki duten autonomoak baino ez daude autonomo gisa lanean.

Bizkaitik harago doa Movistarreko teknikarien arazoa?

Bartzelonako langileak borroka berarekin dabiltza, eta hasieratik dugu harremana haiekin. Harreman horietatik abiatuta pentsatu genuen Correscales antolatzea. Bai Bizkaian, bai Gipuzkoan, bai Bartzelonan… Movistarreko teknikariak borrokatu diren lurralde guztietan sekulako babesa jaso dute. Eta babes hori itzultzeko egitasmoa egitea bururatu zitzaigun. Asko zor diogu gure borrokaldia babesteko egin zen diru kutxari. Izugarria izan zen herritarrek eta kolektiboek eman ziguten laguntza. Hori gabe, oso zaila izango zen greba mugagabean jarraitzea. Ia hiru hilabete eman genituen lanik egin gabe eta inolako diru sarrerarik gabe. Horri eusteko laguntza ekonomiko handia jaso genuen.

Horri helduta, diru kutxa bat sortzea ere bada Correscalesen helburuetako bat.

Webgune baten bidez finantzatu dugu Correscales. Finantzaketa kolektiborako kanpaina jarri genuen martxan, eta 120.000 euro inguru jaso ditugu jada. Izugarria da hori. Biltzen den diru guztia gurea bezalako borroka bat duen edozein kolektibori emango diogu, laguntza ekonomikoa behar duen edozeini. Ez dadin edozein greba edo protesta arazo ekonomikoengatik utzi. Izan ere, horrekin jokatzen du patronalak. Auzi ekonomikoarekin estutzen dituzte langileak. Edozein protestaren aurrean, patronalak badaki berak iraun egin dezakeela, eta badaki langileak greba luze bati aurre egiteko baldintza gutxi dituela. Horixe hautsi nahi dugu. Langileen erresistentziarako kutxa famatu haiek berreskuratu egin behar direla uste dugu guk, eta horri erantzuten dio Correscales egitasmoak ere. Movistarreko teknikariei lagundu ziguten bezala, ez dadin inor borrokatzeagatik babesik gabe geratu. Bestela, oso erraza egiten zaio enpresariari langileak estutu eta borrokak bertan behera utzaraztea.

Elkartasunerako sare bat eraiki nahi duzue?

Bai; ekonomikotik harago doa Correscalesen lanketa. Bizitzaren eta kapitalaren artean erabaki egin behar dela erakutsi nahi dugu. Ezin da onartu oinarrizko diru sarrera bat eskuratzeko mila orduz lan egin behar izatea eta familia edo lagunekin egoteko tarterik gabe geratzea. Autonomoek gaur egun dituzten lan baldintzak izugarriak dira; lan kanibalismoa sufritzen dute. Sektore guztietara zabaldu da prekaritatea; uste dut gaur egun ia inor ez dagoela horretatik salbu. Eta egoera hori bukatu egin behar dugu.

Zer mezu zabalduko duzue egunotan herriz herri?

Prekaritatearen aurkako borroka da gure bandera, eta hori da 800 kilometrotan zabalduko duguna. Kilometroak erosi dituzten eragileek beren aldarrikapen propioak eramango dituzte, baina prekaritatearen kontrako aldarria beti egongo da aurrean. Horrek elkartu gaitu. Eskubideen aldeko borroka dezente apaldu da azken urteetan herritarren artean. Askok etsi egin dute. Gaur egun, askotan entzuten dira esaldi bi: “Dagoena dago” eta “Gutxienez badut lana”. Adierazgarriak dira bi esaldiak; apaltze horren adierazle dira. Eta hori bukatu egin behar da. Ezin gara horrelako egoerak ikusita konforme geratu. Hori nahi du Correscalesek, eta kontzientziak astintzea lortzen ez badugu, bestelako egitasmoak asmatu beharko ditugu. Baina borroka hau ezin da gelditu.

Eragile askok eman diote babesa egitasmoari.

Bai, elkarte eta kolektibo asko gehitu dira, eta asko ari dira egunotan egitasmoan parte hartzen. Bizkaiko hiriburuko Movistarreko denda handienetik abiatu da martxa, eta bukaera ere ikusgarria izango dela iruditzen zait. Izan ere, Movistarrek antolatutako Movile World Congress-en emango diogu bukaera. Bartzelona hiria gelditu egiten dute multinazionalaren erakusketaren ondorioz. Beraz, ikusgarria izango da egun horretan bertan enpresako langileak protestan ikustea.